Atlasa NBEren Ingurumenaren Egitasmoak eta Hezkuntza, Zientzia eta Kulturarako erakundeak (Unesco) sostengatu dute, Tximino Handien Bizirauteko Programaren harira. Txostenaren hitzaurrea NBEko idazkari nagusi Kofi Annanek egin du eta bertan zera dio Annanek: «Tximino handiak gure ahaideak izanik ere, ez ditugu, tamalez, behar bezala zaindu».
Espezieak banan-banan
Tximino handiak aztergai ditu atlasak eta espezie bakoitzaren ingurumena zehazteko mapak eta hainbat argazki baliagarri agertzen dira. Espezie bakoitzaren ezaugarriak, egungo egoera eta datozen urteetarako iragarpenak ere egin dituzte.
Orangutanek orain duten habitataren erdia galduko dute bost urteko epean, Indonesian. Sumatrako orangutanen egoera oso larria da, egun 7.300 animalia bakarrik baitaude. Gainera, eremu gorabeheratsuan bizi dira. Tsunami-aren kalteak eta Aceh eskualdeko gatazkak ondorio zuzenak eragin dituzte primate horien artean. Borneoko orangutanen egoera hobea da, 45.000 orangutan daude eremu horretan.Kongoko Errepublika Demokratikoko eta Nigeriako eta Kamerungo mugen arteko mendiko gorilen egoera larriagoa da. Eremu batean, soilik 700 gorila daude eta bestean 250. Gizakiaren egungo garapenak horrela jarraituz gero, 2032. urterako bonoboen %96k eta txinpantzeen %92k kalteak jasango dituztela ondorioztatzen da Tximino Handien Munduko Atlasa lanean.
Gizakiek eragindako baso soiltzeez, legez kanpoko ehizaz eta bestelako kalteez gain, ebola gaixotasunak ere ondorio larriak eragiten ditu, tximino handien artean oso hedatua baitago. Bestalde, tximino handiak dituzten herrialdeek pobrezia maila altua dute eta ezin dituzte espezie hauek behar bezala babestu. Hori dela eta, Kofi Annanek nazioarteko laguntzaren beharra azpimarratzen du atlasaren hitzaurrean. Nazioarteko gobernuei, Gobernuz Kanpoko Erakundeei eta munduko biztanleei orokorrean, tximino handiak babesteko ahaleginak egiteko eta behar diren neurriak hartzeko ere eskatzen du Annanek.
GENETIKA
Gene bikoizketak bereizten gaitu tximinoengandik
Txinpantzeak eta gizakiak sekuentzia genetikoaren %96 berdina dutela jakinarazi zuten herenegun Ameriketako Estatu Batuetako zientzialariek. Atzo esan zutenez, ezberdintasun nagusia honetan datza: gizakien hainbat gene bikoiztu egin dia. Ezaugarri horrek garrantzia handia du bereizterakoan, geneen bikoizketaren ondorio baitira gizakion hizkuntza ahalmena eta pentsamendu abstrakturako gaitasuna. Bestalde, ezberdintasun genetiko horiek azaltzen dute gizakiak minbizia edo bestelako hainbat gaixotasun izateko joera. Txinpantzeek eta gizakiek milioika urte gutxitan izan duten garapena, beste espezieekin alderatuz, «harrigarria» izan dela ere gaineratu zuten zientzialariek .