WRIren txostena NBEk hemendik bi astera hasiko duen Goi Bileraren aurretik argitaratu da eta NBEk Milurtekorako Helburuetako puntu nagusia nola lortu aztertzen du: pobreziarekin amaitzea. Munduko Baliabideak 2005 txostenak helburu hori ez dela beteko ondorioztatzen du, ingurumenari garrantzi gehiago eman ezean. Ingurumena eta ekosistemak landa eremuetako behartsuen ondasun bakarra direla babesten da txostenean. Munduko 11 mila milioi behartsuk ingurumenaren baliabideei esker bizirauten du eta are gehiago landa eremuetako behartsuek. Izan ere, landa eremuetako behartsuek osatzen dute munduko txiroen hiru laurdenak.
Ingurumenaren garrantzia
«G8koen bileran, pobreziarekin amaitzea izan zen gai nagusia eta gai hori helburu nagusi bilakatu da egungo zereginetan», adierazi du Jonathan Lash WRIko zuzendariak. «Baina pobreziaren, ingurumenaren eta ekosistemen kudeaketa egokiaren arteko harremana ulertu eta sustatu ezean, ezinezkoa izango da arazo hori konpontzea», gaineratu du Lashek. «Txiroen artean, %75 landa eremuetako behartsuak dira eta ingurumenaren baliabideei esker bizirauten dute», gogorarazi du WRIko zuzendariak.
Ingurumena babesteak pobrezia murriztea ekar dezakeela ulertarazteko, Munduko Baliabideak 2005 txostenean hainbat adibide ematen dituzte. Namibiako herritarrei natura zaintzeko boterea emanez turismo eta lanpostu etekin gehiago lortu dituztela adierazten da txostenean. Indiako Maharashtra estatuan ura kudeatzeko neurri hobeak hartzeak, zuhaitzak landatzea kasu, ura inportatzea saihestea eta irabazi gehiago izatea eragin ditu. Tanzania iparraldean lurra kudeatzeko modu tradizionalak berreskuratzeak elikagaiak eta fauna ugaldu ditu. Indonesiako zenbait uhartetako biztanleak legez kanpoko baso soiltzearenkalteen inguruan hezita, hango basoak babestu dira eta arrantza bultzatu.Behartsuek ekosistemetatik lortzen dituzten onurak frogatuta ere, Jonathan Lashek salatu du NBEren Milurteko Helburuetan ingurumenak «garrantzia gutxi» duela. «Nazioarteko laguntzetan epe luzerako neurri gutxi» hartzen direla eta «bat-bateko emaitzak» bilatzen direla esan zuen. «Ingurumena zaintzeak epe luzerako onurak» ekartzen dituela ere gaineratu zuen Lashek.
Behartsuen abantailak
Desabantailak nabariak izan arren, landa eremuetako txiroek ingurumenetik etekin garrantzitsuak eskura ditzakete konpainia komertzial handien aurrean:
Hurbiltasuna: Landa eremuetako behartsuak merkatuan balio eta eskari asko duten produktuetatik hurbil daude. Indiako egur eskariari aurre egiteko, esaterako, konpainia handiek hango nekazariei ordaindu behar izan diete zuhaitzak landatzeko.
Kostu txikiagoak: Ekosistemak ongi erabilita, teknologia handirik gabeko sistema tradizionalek kostu txikiagoak dituzte. Adibidez, arrainak hazteko aintzirak, haztegi industrialak baino merkeagoak eta emankorragoak dira.
Hornitzaile bakarrak: Hainbat produktu beraiek bakarrik lortzen dituzte. Sendabelarrak, eta fruitu exotikoak, kasu.
Lehiakortasuna: Tokian tokiko merkatuetan lehiakortasun handiagoa dute kanpoko produktuek baino, egurrarekin adibidez.
Kontrol aukerak: Landa eremuetako biztanleek legez kanpoko baso soiltzea eta arrantza kontrolatzeko konpainia handiek baino aukera gehiago dituzte.