Bi egun iraungo ditu Annanen bisitak. Atzo Zinder hiriko ospitale bateko pediatria zentro bat, Mugarik Gabeko Medikuen elikagai zentro bat eta Zinder kanpoaldeko etxaldeak bisitatu zituen. Gune terapeutiko horietan malnutrizioz gaixotutako milaka haur artatzen dituzte astero. Bigarren egunean, aldiz, Mamadou Tandja presidentearekin bilduko da Annan, Niamey hiriburuan, eta NBEko Nigerko ordezkariekin batzartuko da. Bilera horietan Nigerren elikagai banaketetan egon diren akatsak eta gabeziak konpontzea izango da helburu nagusia.
Bestalde, Nigerren lanean ari diren zenbait Gobernuz Kanpoko Erakundek (GKE) salatu dute NBEren laguntza berandu iristen ari dela. Mugarik Gabeko Medikuek NBEren laguntza behartsuenei ez zaiela iristen salatu dute. Kofi Annani zuzendutako ohar batean, NBEk bideratzen dituen Elikagaien Mundu Programako eta Nazio Batuen Haurren Laguntzarako Funtseko (Unicef) laguntzak bost urte baino gutxiagoko haurrei ez zaizkiela iristen jakinarazi dute. Laguntzak biztanleen benetako beharraren arabera banatzeko eta horretarako neurriak hartzeko eskatu diote MSFekoek NBEri. Elikagaien Mundu Programako jana «kalitateari eta kantitateari dagokienez» ez dela egokia gaineratu dute, bereziki «malnutrizioak jotako gaixoentzat». Kalitatea dela eta, bidaltzen diren elikagaiak ume txikientzat ez direla baliagarriak ohartarazi dute. Malnutrizioa duten haurrek elikagai bereziak behar dituztela eta Elikagaien Mundu Programak ez dituela elikagai horiek bidaltzen salatu dute.
Egoera, «okerrera»
Komunikatuan irakur daitekeenez, MSF erakundeak 2005 urte hasieratik goseteak eragindako 21.000 haur artatu ditu. Maradi probintzian malnutrizioz gaixoturiko 12.000 ume artatu dituztela eta egoera okerrera doala ere adierazten da. Hala ere, Elikagaien Mundu Programak 110.000 biztanlerentzat soilik banatuko dituela elikagaiak eremu horietan salatu dute Mugarik Gabeko Medikuek; hau da, 1,2 milioi biztanletik %10entzat bakarrik. Azkenik, NBEri alderdikeriarik gabe jokatzeko eta gosetearen ondorioak hobeto aztertzeko eskatu dio. Izan ere, 2004ko azaroan Nigerko Gobernuak onartu zuen ordaindu beharreko elikagaien laguntzari babes ematea, eta laguntzak unean uneko beharren arabera banatzea leporatzen dio MSFk NBEri. Europako Batzordeak ere gosetearen ondorioak amaitzeko egitasmo orokor bat behar dela adierazi du, gosetearena «arazo kronikoa» delako Nigerren.
-
IKERKETA
Nomadek jasaten dituzte gosearen kalte larrienak
Nigerko biztanleen %20 nomadak dira eta gosetearen ondorio larrienak jasaten dituzte, Oxfam Gobernuz Kanpoko Erakundeak egindako ikerketaren arabera. Iragan urtean, abereen %70 galdu zituzten nomadek. Abeltzainak dira nomadak eta %62k jateko ohiturak aldatu dituzte gosetearen ondorioz; %40k soilik egunean behin jaten dute. Nomaden %8 landare eta hostoak janez elikatzen dira. Ura edaten dute, lehen esnea edaten bazuten ere, eta landareek zerealak ordezkatu dituzte. Halere, gosearen ondorioz hildako abereak direla eta, orain lehen baino haragi gehiago jaten dute. Nomadentzat arazo nagusia zera da: haragiaren prezioak nabarmen egin du behera eta, aldiz, erosten dituzten artatxiki eta zerealen prezioa ikaragarri garestitu dela.
Nigerko gosea ezin da unean uneko elikagai laguntzekin konpondu;horra Oxfam erakundeak egindako ikerketaren ondorio nagusietako bat.