Zoriontasun hautsia

Indarkeria matxista jasandako emakume bat eta bere bi seme-alabak Barakaldoko La Felicidad kalean zuten etxetik bota dituzte, Etxebidek jarritako salaketaren ondorioz.

Kaleratutako emakumearen gertukoak poltsak etxebizitzatik jaisten, besteak protestan ari diren bitartean. MARISOL RAMIREZ / FOKU.
gotzon hermosilla
Barakaldo
2020ko otsailaren 27a
00:00
Entzun
Barakaldoko (Bizkaia) La Felicidad kalean da hitzordua, baina bertaratutakoek ez dute bisaian zorionik erakusten: 41 urteko emakume bat eta haren bi seme-alabak —6 eta 15 urtekoak— kaleratzeko agindua eman du epaileak, eta ustez 09:15ean iristekoa da epaitegiko batzordea etxegabetzea gauzatzeko. Barakaldoko Argitan emakumeentzako aholku etxeak eta Berri Otxoak gizarte bazterketaren aurkako elkarteak egin dute deialdia, 08:30ean.

Emakumea indarkeria matxista pairatutakoa da —hori adierazten duten gizarte zerbitzuetako agiriak erakutsi dituzte Argitan-ekoek—. Duela urte batzuk, Alokabide elkarte publikoak etxe bat eman zion errentan familiari, baina agiriak senar ohiaren izenean egin zituzten. Senar ohia ez da aspalditik etxe horretan bizi, eta emakumea behin eta berriro saiatu da egoera erregularizatzen, baina orain arte ez dituzte haren eskaerak aintzat hartu. Iazko uztailaren 30ean, etxea husteko agindua eman zuten, baina azkenean bertan behera gelditu zen kaleratzea. Azaroan berriro jarri zuten auzibidea abian; ikusteko dago orain zer gertatuko den.

Goiz-goizetik, 25 bat lagun bildu dira La Felicidad kaleko atariaren aurrean. Pankarta batean, langabeziaren, kaleratzeen eta murrizketen kontrako aldarria ageri da; Etxegabetzeen aurrean, langileen borroka leloa dago bestean. Poliziarik ez da agertu, eta hori seinale ona dela pentsatu dute bertaratutakoek; etxegabetze bat dagoenean ertzainak askoz lehenagotik egon ohi dira.

«Arartekoaren bulegoak ere esku hartu du aferan», esan du Argitan taldeko Karmele Andresek, «eta espero dugu irtenbideren bat egongo dela: irtenbide egokia, duina, eta behin betikoa. Oso larria litzateke emakume bat eta adingabeko bi kale gorrian gelditzea».

Itxaropen motza

Epaitegiak bidalitako batzordea 09:15ean etortzekoa zen, eta, ordua iritsitakoan, euria da inork nahi gabe agertu den gonbidatu bakarra. Itxaropena piztu da bildutakoen artean, kaleratzea ostera ere bertan behera geldituko ote den. Baina gutxi iraun du itxaropenak: hamar minutu geroago, hiru lagun agertu dira, paper zorroak besapean eta aurpegia estali nahian, eta etxebizitzara igo dira.

Oihuak areagotu dira orduan: «Kaleratzerik ez», «Etxebizitza eskubidea da» eta abar. Ertzaintzaren auto bi agertu dira, eta ertzainak ere etxebizitzara igo dira. Tentsio handia dago giroan.

Handik gutxira, emakumearen lagunak hasi dira poltsa batzuk jaisten: maletak, arropaz beteriko fardelak, umearen panpinak. Berri Otxoak-eko kideek ere lagundu dute garraioan. Pankartaren atzean, batzuek ezin izan diete malkoei eutsi. Kaleratzea gauzatuko dela dirudi.

«Nabarmendu nahi dugu etxegabetze hau Alokabidek jarritako salaketa baten ondorioz etorri dela eta, beraz, Eusko Jaurlaritzak bultzatu duela», azaldu du Argitan elkarteko Mireia Saizek. Dioenez, Alokabidek 2018an 184 familia etxetik kaleratu zituen.

«Giza eskubideen aldeko nazioarteko eragile guztiek esaten dute egoera prekarioan dauden familiei irtenbideak eman behar zaizkiela», adierazi du Saizek, «are gehiago adingabeak tartean egonda. Hemen, aldiz, babestu egin behar gintuzketen erakundeak problemaren parte dira».

Epaitegiko batzordeko kideek eta ertzainek alde egindakoan, emakumeak onartu du kazetariekin hitz egitea, baina irudirik ez ateratzeko eskatu du. Etsiak hartuta dago, eta haserre aldi berean: «Hiru urte hauetan etengabe saiatu naiz Alokabiderekin harremanetan jartzen, astean hiru aldiz batzuetan, eta ez dute nirekin elkartu nahi izan. Erantzun ere ez didate egin». Esan duenez, batzordeak ekarri dituen etxegabetze agirietan senar ohiaren izena ageri zen; hala ere, emazte ohia eta seme-alabak gelditu dira kalean.

Emakumeak oraindik ez zekien gaua non emango zuten: «Atzo [herenegun] bilera bat izan nuen Barakaldoko Udaleko gizarte zerbitzuekin. Ostatu bat bilatzeko esan zidaten».

2012ko azaroan, antzeko egoera batean, Amaia Egaña barakaldarrak bere buruaz beste egin zuen, leihotik salto eginda etxegabetu behar zutenean. Gertaera hark iritzi publikoa inarrosi zuen, eta Jaurlaritzak, Eudelek eta Espainiako Botere Judizialeko Kontseilu Nagusiak hitzarmen bat egin zuten horrelako egoerak saihesteko. Argitan-ek eta Berri Otxoak-ek salatzen dute akordioa «hutsaren hurrengoa» dela, eta geroztik 1.500 familia kaleratu dituztela Barakaldon.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.