Zigorrik txikiena 'Marguello auziko' hiru akusaturentzat: inhabilitazioa ezarri diete

Marguello eta Elorriaga zigortu egin dituzte Gurutzetako ospitaleko kontratuak «era irregularrean» emateagatik. Cerdan Osasun sailburuorde ohia absolbituta

Lau akusatuak epaiketan. Ezker-eskuin: Rafael Cerdan, Jose Ramon Elorriaga, Edurne Fernandez eta Jose Carlos Marguello. MARISOL RAMIREZ / FOKU.
Ion Orzaiz.
2018ko irailaren 11
00:00
Entzun
Kartzela saihestu dute. Epaileek zigorrik txikiena ezarri diete Marguello auziko lau akusatuetatik hiruri. Ez dituzte aintzat hartu fiskaltzak auzipetuei egozten zizkien deliturik larrienak —iruzurra, diru publikoa bidegabe erabiltzea eta funtzionarioei debekatutako negoziazioak—, eta kargu bakarra onartu dute: prebarikazioa. Laugarren auzipetua, Rafael Cerdan Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuorde ohia, errugabetzat jo dute akusazio guztietatik, «utzikeriaz» jokatu zuela aitortu duten arren.

Zehazki, Bizkaiko Lurralde Auzitegiak bederatzina urteko inhabilitazioa ezarri die bi akusaturi: Jose Carlos Marguello Gurutzetako ospitaleko Kalitate Unitateko zuzendari ohiari eta Jose Ramon Elorriaga Bizkaiko Osasun Ordezkaritzako zuzendari izandakoari, 2006 eta 2008 artean hainbat kontratu publiko eman izanagatik «era irregularrean» Marguelloren enpresei. Edurne Fernandez administratzaileari, berriz, zazpi urteko inhabilitazioa ezarri diote. Marguellok sortutako bi enpresen —Gestion de Servicios Sanitarios XXI eta Rehabilidom— bazkide nagusia da Fernandez, baina, epaileen arabera, Marguello bera zen «sozietateak benetan kudeatzen zituena».

Hortaz, Marguellok, Elorriagak eta Fernandezek ezin izanen dute kargu publikorik eduki zigorra indarrean den bitartean. Fiskaltzak, hala ere, askoz kondena gogorragoa eskatu zuen epaiketan: 11 urteko espetxealdia atzo kondenatutako hiru auzipetuentzat, eta sei urte eta erdikoa Cerdanentzat. Fiskalak kontratu irregular horiek sinatzea egotzi zion Osasun sailburuorde ohiari. Horrez gainera, 6,8 milioi euroren kalte-ordaina ere eskatu zuen, kopuru hori jaso baitzuten Marguelloren enpresek Eusko Jaurlaritzatik kontratu irregularren bitartez.

Epaimahaiak ez du iruzurraren edo diru publikoaren erabilera bidegabearen deliturik antzeman, baina, hala ere, frogatutzat jo du hiru akusatuak «elkarlanean» aritu zirela Marguelloren enpresen mesedetan. Epaiaren arabera, kontratu publikoak eman zizkieten enpresa horiei, «legezkotasun, objektibotasun eta publikotasun printzipioei jaramonik egin gabe».

Horregatik, «prebarikazioa» leporatu die hiru akusatuei: Marguellori eta Elorriagari, «funtzionario publikoak izanda, erabaki arbitrario bat hartzeagatik, bidegabea zela jakinda ere»; eta Fernandezi, operazio horietan laguntzaile lanetan aritzeagatik. Are: magistratuen arabera, Marguelloren enpresak sortzeko helburu bakarra izan zen «kontratu publikoen esleitzeak lortzea, beharrezko tramite, baldintza eta berezko printzipioak bete gabe».

Diru publikoa eskuratze aldera, Fernandez azaltzen zen enpresen arduradun bakar gisa «administrazioaren eta beste erakundeen aurrean», «bateraezina» zelako Marguello Osakidetzako karguduna izatea eta lehiaketa publikoetara aurkeztea. Epaimahaiak frogatutzat jo du, gainera, Elorriagak Bizkaiko Osasun Ordezkaritzako zuzendari kargua erabili zuela, beste bi kondenatuekin «elkarlanean», Gestion de Servicios Sanitarios XXI eta Rehabilidom enpresen «onura ekonomikoa» bermatzeko. Adibidez: Elorriagak zerbitzua ematen hasteko baimena eman zion Gestion de Servicios Sanitarios XXI enpresari, horretarako gutxieneko baldintzak betetzen ez zituen arren.

Cerdanen parte hartzeari dagokionez, epaileek uste dute Osasun sailburuorde ohiak «arduragabe» jokatu zuela, «bere betebeharrekiko utzikeriaz», baina ez zuela Marguelloren, Elorriagaren eta Fernandezen asmoen berri, «eta, hortaz, esleipenak sinatu zituenean, ez zuen beste akusatuen interesen berri, eta ez zuen haietan parte hartu».

EH Bilduk kritika ereduari

Marguello auziko epaia argitaratu eta berehala, EH Bilduk zalantzan jarri du osasun sistema kudeatzeko eredua. Eva Blanco legebiltzarkideak deia egin dio Osasun Sailari, «zerbitzu publikoen kudeaketa zuzenaren aldeko apustu irmoa» egin dezan. «Marguello auziaren ostean, argi gelditu da osasun zerbitzuak kanpora ateratzeak edo pribatizatzeak irregulartasunei bidea ematen diela, eta jarduera bidegabeak errazteko balio dezakeela, enpresa batzuei mesede egite aldera».

Legebiltzarkideak «harrigarritzat» jo du epaileek diru publikoen erabilera bidegabea antzeman ez izana «eta aldi berean bi enpresari mesede egiteko asmoa frogatutzat jo izana, enpresa horiek debekatua duten arren administrazioarekin lan egitea». Blancok berretsi du halako kasuei aurre egiteko modu eraginkorrena «kudeaketa zuzena» dela. «Administrazioak ez dituenean kontratazioak kontrolatzen edo kontrol hori eskasa denean, irregulartasunak gerta daitezke, Marguello auziak agerian utzi duen bezala».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.