Arabako Zaballa espetxeko preso batek COVID-19 gaitza hartu du Txagorritxuko erietxean. Positibo eman duen ertzain batek presoa zaindu zuen Gasteizko ospitalean. Presoa sukarrarekin egon zen asteburuan. Lehendik ere bazituen patologiak, eta, horregatik, lehen sintomak igarri bezain pronto bakartu zuten beste preso batekin batera, espetxeko erizaindegian. Hura ere kutsaturiko ertzainarekin egon zen.
Gaixoa erietxera eraman zuten gero, eta, lehenengo proban negatibo eman bazuen ere, bigarrenean baieztatu zuen koronabirusa zuela. Ospitalean dago geroztik, eta azken egunetan gaixoarekin harremana izan duten pertsonei jarraipena egiten ari dira.
Egoera dela eta, Espainiako Espetxeetako Zuzendaritza Nagusiak sartu-irtenak mugatzeko agindua bidali die Arabako espetxeei gaur goizean. Bisitek solastokien bidez soilik izan ahalko dute hartu-emana presoekin, eta programatutako presoen irteerak ere bertan behera utzi dituzte. Lehen bezala jarraitu dute, ordea, ohiko baimenek.
Sarrera debekatu diete kartzelan jarduten duten GKEetako kideei ere. Esan dietenez, gutxienez hamabost-hogei egunez ezingo dute espetxera sartu, abisu berri bat jaso arte.
Baimenaren ostean, bakartuta
Arrats elkarteko ordezkariek kalera irteteko baimenak dituzten presoen egoera salatu dute. Lau egunez kalera irteteko baimena duen mutil baten kasua jarri dute adibidetzat: «Orain lau egunez irteten bada, itzultzerakoan hamabost egunez bakartuta edukiko dute. Presoei esaten ari gara bi aldiz pentsatzeko zer egin erabakia hartu aurretik. Auzia, gainera, are eta larriagoa da arazo mentalak dituztenen kasuan, bakartzeak eragin negatiboak izan baititzake haientzat. Ez da erraza kontua».
Hirugarren graduan egon eta kalera irten diren presoei zaintza telematikoa egiten ari zaizkiela ere adierazi dute Arratsekoek.
Salhaketa erakundeak, berriz, ez ditu begi onez ikusi espetxeetako zuzendaritza nagusiaren neurriak. BERRIAri esan diotenez, «ez dira neurririk egokiak»: «Presoak bisitarik gabe geratu dira; familiak ezin dira gerturatu, baina funtzionarioak bai. Familien aldetik arriskua baldin badago, baita funtzionarioen aldetik ere, ezta?».
Martuteneko espetxean ere (Donostia) sarrera debekatu diete GKEei, baina ez guztiz, Zaballan bezala: solastokien bidez hitz egin dezakete presoekin.