Duela bi aste Venezuelan atxilotu zituzten bi bilbotarrak oraindik ere atxilotuak dituztela berretsi du Venezuelako Gobernuak. Espainiako Atzerri ministro Jose Manuel Albaresek gaur jakinarazi du Venezuelako Gobernuak atxiloketen baieztapen ofiziala bidali diola. Leporatzen dizkieten karguak ere berretsi dizkio gobernuak: espioitza leporatzen diete. Dena dela, xehetasun gutxi eman ditu Albaresek, Catalunya Radion egin dioten elkarrizketan: «intimitaterako eskubidea» dutela nabarmendu du, eta ez dutela «inolako zerikusirik» Espainiako erakundeekin, «are gutxiago» CNI Espainiako zerbitzu sekretuekin.
Jose Maria Basoa Badovinos eta Andres Martinez Adasme Puerto Ayacuchon atxilotu zituzten, Venezuelako Amazonas estatuko hiriburuan, Kolonbiako mugatik gertu. Haiekin batera, atxilo hartu zituzten hiru estatubatuar —armadako kide bat tartean— eta txekiar bat ere. CNIrekin eta Venezuelako oposizioarekin «lotura» izatea leporatzen diete.
Zehazki, egotzi diete ekintza «terroristen» bidez gobernua «ezegonkortzeko operazio» batean parte hartzea; operazio horren helburua omen da Nicolas Maduro presidentea, Delcy Rodriguez presidenteordea eta beste hainbat goi kargudun hiltzea. Nicolas Maduro Venezuelako presidenteak akusazio horiek berretsi zituen aurreko astean, telebistan egindako agerraldi batean: esan zuen atxilotuak «terroristak» eta CNIko «ezkutuko» agenteak direla.
Dena dela, Albaresek gezurtatu egin ditu akusazio horiek, eta «babes diplomatikoa» eskaini die bi atxilotuei.