Talka proiektu feministak beste gune bat okupatu du Gasteizko Hedegile kalean. Feministek esan dute proiektuaren helburuetako bat «emakume, bollera eta trans ororentzako» elkarren zaintzarako sare bat osatzea dela; baita gunea elkar sostengurako espazio bat bilakatzea ere: «Emakume, bollera eta trans gisa gure gorputzak, borrokak, zalantzak, bizipenak eta harremanak lehen lerroan jartzeko beharra dugu». Izan ere, adierazi dutenez, egun sistema «kapitalista, koloniala eta heteropatriarkala» da, eta beharrezkotzat jo dute iraultzea. Horretarako autogestioa, okupazioa eta autodefentsa feminista izango dira apustu nagusiak.
Hala ere, ez da lehen aldia Talka proiektuak gune bat okupatu duela. 2018ko abenduaren 15ean Alaba Belasko jauregia okupatu zuten zenbait feministak. Helburuetako bat zen gune autogestionatu ez-misto bat eratzea, feminismoa eta antikapitalismoa oinarri. Otsailaren 21ean hutsarazi zuen Gasteizko Udaltzaingoak.
Talka, «eragiteko» tresna
Talkako kideen arabera, espazio bat izatetik harago, Talka proiektu bat da. Asmoa da instituzioetatik haragoko «kontraboterea» sortzea, eta kalean eragitea.«Talka auzo boterea eta auzo defentsa feminismotik eraikitzeko tresna izango da», azaldu dute.
Espaziora bildu eta bertan laguntzeko deia ere egin dute. Ataketatik elkarbizitza lelopean, aste osoko egitaraua antolatu dute. Auzolanean txukunduko dute gunea, eta igandean emango diote amaiera asteko egitarauari.
Talka proiektu feministak beste gune bat okupatu du Gasteizko Alde Zaharrean
Proiektuaren helburuetako bat da «emakume, bollera eta transentzako» elkar zaintzarako sare bat osatzea. Lan egunak antolatu dituzte astean
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu