Ibai Bilbao. Etxerat-eko kidea

«Sakabanaketaren bukaeraren hasiera marrazten hasi nahi dugu aurten»

Maialen Unanue Irureta.
2014ko otsailaren 18a
00:00
Entzun
Etxerat elkarteak XIII. Batzar Nazionala egin zuen igandean Tolosan (Gipuzkoa). Ibai Bilbao elkarteko kideak adierazi duenez, sakabanaketa amaitu beharra azpimarratu du elkarteak.

Zein ondorio atera zenituzten igandeko batzarrean?

Pozik geratu ginen batzarra nola joan zen ikusirik: senideen bertaratzea azken urteetako onena izan zen. Lan egiteko gogoa dago, azkenaldiko gertakariak kontuan izanda. Helburu nagusia sakabanaketa amaitzea da: 25 urte dira sistematikoki aplikatzen hasi zirenetik, eta nahikoa da.

Egoera leunduko zuen Estrasburgok Parot doktrina indargabetu izanak.

Bai, noski! Presoen eskubideen garaipena izan zen epaia; Espainiako Justiziak giza eskubideak urratu izan dituela adierazi zuen. Iruditzen zaigu horrek zirrikituren bat zabaldu duela halako konponbide gehiago emate aldera.

Nolakoa izango da 2014a?

Dakiguna da bizia izango dela, hori ziur; lan asko egin beharreko urtea da. Espainiako eta Frantziako estatuen geldikeriak bere horretan jarraitzen du. Are, atzerako joera dute, espetxeetako baldintzak gogortuz, esaterako. Horien ondorio dira [Arkaitz] Bellonen heriotza eta senide eta lagunek errepideetan izaten dituzten istripuak. Bestalde, Etxerat-en aurkako kanpaina mediatikoa dago, baita judiziala ere tarteka. Dena den, konponbidea lortzeko pausoak ematen ari dira, eta emango dute fruitua. Zenbait alderdik ere jada erakutsi dute lanerako eta akordioak lortzeko prestasun osoa, eta EPPK-k ere iragarri du euren Euskal Herriratzea gauzatzeko pausoak emateko prest dagoela.

Zein ildo landuko dituzue 2014an?

Sakabanaketaren amaieraren hasiera marrazten hasi nahi dugu aurten, espetxe politikaren adierazgarririk nagusiena eta lazgarriena delako. Hori da lehentasuna. Horrez gain, gure testigantza ahalik eta eragile gehienengana helarazteko hautua egin dugu, gatazkari konponbidea lehenbailehen emateko. Beti presente izanik 25 urteotan hamasei senide hil direla. Hainbat eragilerekin harremanetan gaude, eta herriz herri ekintzak prestatzen ari gara zeregin horretarako.

EPPK-ko mintzaidetzak hartutako neurrien baloraziorik egin duzue?

Sekulako ausardiaz jokatzen ari dela iruditzen zaigu, kontuan hartuz, gainera, sakabanaketa tarteko egin behar izan duela hausnarketa. Euskal presoak Zaballako espetxean batzeko eskaera oso begi onez ikusten dugu. Nabari da kolektiboak gatazka politikoaren ondorioei konponbidea emateko bere ekarpena egin duela, ez dagoela geldirik.

Herrira-ren aurkako operazioaren ostean, presoen eskubideen aldeko mugimenduak izango du ordezkorik?

Presoen eskubideen aldeko mugimendua beti egon da, eta egongo da. Dakigunez, eragileen bilera batera deitu zen. Ez dakigu zein adierazpideren pean, baina uste dugu zerbait sortuko dela. Gizarteak giza eskubideak, konponbidea eta bakea nahi ditu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.