Juan Moscoso PSNko diputatu hautatu berriak (Iruñea, 1966) Iruñeko zinegotzi akta utzi berri du, eta Madrilera itzuliko da diputatu gisa. Hirugarren legealdia du. «Oposizio tinkoa, bizia eta zorrotza» egiteko itxaropena agertu du. Elkarrizketa amaitzerakoan, PSNren egoitzan den poster bati erreparatu dio. Bertan, Pablo Iglesias fundatzailearen irudia osatzen da, PSOEren historian Espainiako Gorteetan izan diren diputatu guztien argazki txikiekin. «Hasieran, diputatu bakarra zuen PSOEk», azaldu du. Ehun urtetik gorako historia muineraino barneratuta daukate sozialistek. Horregatik, ez du zalantzarik PSOEk proiektua berritu eta aurrera aterako dela. Gaur bilduko da batzorde federala, Madrilen.
Zuk zer analisi egiten duzu emaitzei buruz?
Funtsezko elementu bat dago: krisia eta enplegu galera. Beste lurraldeen aldean, Nafarroako datuak ez dira desberdinak; batez bestekoaren barruan daude, eta beste lurraldeetan baino jaitsiera txikiagoa izan du. Ez du esan nahi autokritika egin behar ez denik. Azkenean, gobernuan egoteak beti higatu egiten du. Gobernuaren kudeaketa eta alderdiak gizartearekin duen harremana zaindu eta hobetu egin behar genuke.
Zure ustez, herritarrek ez dute ulertu Zapaterok 2010eko maiatzetik hartu behar izan dituen neurriak?
Ez gara gai izan krisiari aurre egiteko modu arduratsua behar bezala azaltzeko. Orain dela lau urte, PPk baino milioi bat boto gehiago atera genituen, baina ez genuen gehiengo absoluturik atera. PPk bere botoei modu egonkorrean eutsi die, eta guk galdu egin dugu: 2004an eta 2008an botoa eman ziguten hautesle asko etxean geratu dira, edo, neurri txikiago batean, beste indar batzuen alde bozkatu dute.
Nafarroako emaitzetan zerikusirik izan al du UPNrekin gobernua osatu izanak?
Argi dago UPNk PPrekin hitzarmena egin izanak zaildu egin duela gobernuaren errealitatea. Gobernua ezegonkortu egin du, baina ez da erraza ondorio potentzialak aztertzea, hemen ez garelako beste tokietan baino gehiago erori. Gobernu koalizio hau aztertu egin beharko da fruitu argiak ematen dituenean. Uste dut hasi garela gauzak egiten: gardentasuna, dieten polemika… Nabari da gobernuan gaudela. Hauteskunde autonomikoak iristean aztertu beharko da gobernua.
PPk Espainian izandako boto oldea ez da nabaritu Nafarroan. Botoak galdu ditu PP-UPNkoalizioak.
Baliteke hautesle batzuentzat PPren eta UPNren izaeren kontrakoa izatea koalizioa. Uste dut gobernua higadura eragiten ari zaiola UPNri. Dieten auziak eragin egin die.
Uste duzu bat egiterantz joko dutela berriro, ala PPri orain ez zaio halakorik komeni?
Nire ustez, PPren eta UPNren arteko akordioaren onuradun nagusia PP izan da. PPk eskuineko hegemonia lortu du berriro, eta Espainiako eskuin guztia aterki baten azpian edukitzea lortu du, salbuespenik gabe. Bazekiten bosgarren eserlekua gal zezaketela, eta, horregatik, Derecha Navarra y Española ez zen aurkeztu. PPren estrategia nazionalaren esanetara jarri da UPN.
Zer deritzozu Nafarroan bi diputatu abertzale izatea?
Batetik, desagertutako NaBairen ideia hartu duen koalizioak eutsi egin dio bere proiektuari, eta, bestetik, ezker abertzalea arau demokratikoen arabera jokatzen hasi izanak bide jarri du sakabanatuta zegoen hautesleria bat berriro azaleratzeko. Zorte pixka bat ere izan dute. Nahikoa zen mila herritarrek botoa Geroa Bairi eman ordez Amaiurri ematea diputatu bakarra izateko. Horrelakoa da hauteskunde legea, eta bidezkoa da. Oso tarte estua izan da denontzat.
Zer deritzozu Amaiurrek zazpi diputatu lortu eta Raxoik haiekin ez biltzeko hartutako erabakiari?
Rubalcabak irabazi izan balu, arazorik gabe hartuko zituzkeen. Nire ustez, denbora eman behar zaie. ETAren amaiera atzeraezina da, eta erakundeetara iritsi dira, eta bertan geratuko dira. Erakundeetan elkarrekin bizitzen ikasi behar dugu, halakoa da-eta gure lurraldeko politikoa, eta barneratu egin behar dugu.
UPNk eta PSNk berretsi duzue emaitzek ez dutela eragingo Nafarroako Gobernuan. Dena den, UPNk begi onez ikusten ditu PPk ezarri nahi dituen erreformak.
Gauza bat da UPNk Madrilen babesten duena, eta beste bat da hemen ezartzen diren politikak. Nafarroako Gobernua bi alderdien arteko akordioan oinarritzen da, eta behartuta dago esparru horretatik ez ateratzera. UPNren bermea dugu. PPren politika atzerakoiak hona etortzeko galga bat da akordioa. UPNk Nafarroara politika horiek ekarri nahi baditu, arazoak izango dira.
Bai, hori dio Roberto Jimenezek, baina aurtengo 294 milioi euroko gastu murrizketaz gain, etorkizun hurbilean murrizketa gehiago etorriko dira. Zer egingo du PSNk?
PSNren egitekoa argi dago: akordioa betetzea eta murrizketak saihestea. Egungo egoera ekonomikoan, ez diogu uko egiten neurritasunaren beharrari, baina enplegua eta hazkundea bultzatuko duten politikekin bateratu behar da. Hori da oreka. Neurritasuna bateragarri da ongizatearen lau zutarriei eustearekin: hezkuntza, osasuna, pentsioak eta menpekotasuna.
Otsaileko PSOEren kongresuari begira, Rubalcaba al da hautagairik egokiena?
Hautagai bikaina izan daiteke. Nire ustez, bi elementu biltzen ditu: kudeketarako eta talde lanerako ahalmen politikoa du, eta ilusioa sortzeko ahalmena.
Haren dohainak direnak direla, Espainiako Gobernuko presidenteorde ohia izatea ez al da kaltegarri?Ez al da kontraesanean eroriko, kanpainan gertatu zaion bezala?
Eztabaida hasteko dago. Ez dakigu Rubalcaba hautagai izango den eta beste hautagai batzuk egongo diren. Haren kudeaketa bikaina izan da; ETAk indarkeria betiko uztea lortu du. Demokraziaren betiko amets hori lortu du, eta politikan batzuetan gauzak gaizki datoz, hautagaia dena dela.
Zure taldeko diputatuen artean, nor ikusten duzu hautagai izateko dohainekin, bai bere balio politikoagatik, bai egungo egoerak eskatzen duen ausardiagatik?
Hainbat daude, baina haiei dagokie pausoa ematea. Horien artean dago Rubalcaba, baina hori hurrengo asteetan ikusiko da.
Nolako kongresua nahi zenuke?
Proiektua berritu egin behar da. Gizartera irekiago egon behar du. Gobernuan egon garen urteetan gugandik urrundu diren kolektiboetara gerturatu behar dugu. Proiektua sendotzea eta alderditik kanpo ilusioa sortzea lortu behar dugu. Eskuinari aurre egiteko alderdi bakarra gara.
Proiektua berritu ezean, boto gehiago galtzeko arriskua du PSOEk?
Aurretik garai oso zailak pasatu izan ditugu; adibidez, Aznarrek lehen aldiz irabazi zuenean, edo gero gehiengo absolutua lortu zuenean. Alderdi hau beti sendotu da, beti atera da aurrera, beti berritu du bere proiektua; batzuetan lehenengoan, besteetan bigarrenean. Aurrera aterako gara. Nahiko lukete beste batzuek gure tokian egon...
Espainiako Gorteetarako hauteskundeak. Elkarrizketa. Juan Moscoso del Prado. PSOE-PSNko diputatua
«PSOE beti atera da aurrera; beti berritu du bere proiektua»
Otsailean kongresu erabakigarria egingo du PSOEk. Moscosoren ustez, Rubalcaba «hautagai bikaina» izan daiteke. Argi du alderdiak proiektua berritu behar duela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu