Eusko Legebiltzarreko inbestidura saioa. Alderdien hitzartzeak

PP. «Moderazioa eta zentraltasuna nahi baduzue, hor gaude»

PPko Borja Senper eta Alfonso Alonso, legebiltzarrean sartzen. JUANAN RUIZ / ARP.
jokin sagarzazu
2016ko azaroaren 24a
00:00
Entzun
Jeltzale eta sozialisten artekoa kritikatzen hasi, eta harreman horri «egonkortasuna emateko» eskua luzatuz amaitu du hitzaldia Alfonso Alonsok. «Gu alternatiba sentitzen gara, baina hala ere, elkarrizketa eskaintzen dizuegu». «Zentraltasuna eta moderazioa» eskainiko lieke PPk, beste biek hala nahiko balute. Baina ez du hori espero Alonsok. «Beti egin diozue hozka nire eskuari, eta, babesa behar izan duzuenean, erradikalengana [EH Bildu] jo duzue, Araban eta Gasteizen bezala».

Jeltzaleak «bazkidearen ahuldadeaz» aprobetxatu direla uste du PPkoak. «Inork gutxi lortu du hainbeste hain gutxirekin». Eta Mendiari EAJren nahietara makurtzea egotzi dio: «Historikoa dela diozu, EAJren zutabe historikoei eusten dielako izango da». Alonsok salatu du EH Bildu «behatzaile» lanetan aritu dela negoziazioetan, eta akordioan «hura gustura uzten» saiatu direla.

Alor ekonomikoan eta sozialean, «anbizio eskaseko» ituna dela uste du PPkoak. Gogoratu du aurreko legegintzaldian oso lege gutxi onartu zirela, eta datozen lau urteetarako antzekoa espero du, akordioan ez baitu egitasmorik topatu ia; autogobernuaren alorrean ez ez bezala. Horri buruz, «bazterrak nahastea» egotzi dio EAJri eta gizartearen «zatiketa» bultzatzea. «Arazoa ez Euskadiren eta [Espainiako] Estatuaren arteko harremana. Euskadiren barruan daude arazoak, herritarrei benetan interesatzen zaizkien arazoak, hain justu».

Bizikidetzaz, aipamen bat: ETAren kontra «gogor» jokatu behar dela eta «anbiguotasunak» baztertu behar direla. Ohartarazi du euskal gizartean «intolerantziaren azpikultura bat» dagoela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.