'Parot doktrina'-ren aurka «marea sozial bat» eskatu du Herrira mugimenduak

Herritarron Epaia egitasmoa Anaitasunan egingo duen ekitaldian parte hartzeko deia egin dio Herrira-k gizarteari

Sindikatu, alderdi politiko, eragile sozial eta norbanako ugarik sinatu zuten Herritarron Epaiaren liburuan. M.V. / ARP.
Lander Muñagorri Garmendia.
Bilbo
2013ko irailaren 5a
00:00
Entzun
«Bidezkoa ez delako / Zilegia ez delako / Euskal Herrian nahi zaituztegulako / Parot doktrina bertan behera». Hitz horiek idatzi zituen atzo Ainhoa Etxaide LABeko idazkari nagusiak Herrira mugimendua herriz herri eramaten ari den liburukotean. Parot doktrinaren inguruko behin betiko epaia emango du laster Estrasburgoko Giza Eskubideen Auzitegiak, baina Etxaidek bezala, beste hainbat herritarrek euren epaia eman dute Herritarron Epaia egitasmoa liburuan. «Eskubide guztiak denontzat, 197/2006 doktrina denok batera eten dezagun», idatzi zuten Hiru sindikatuko ordezkariek, adibidez.

Atzo Bilboko Kafe Antzokian izan zuen geldiunea ekimenak eta bertan egon ziren hainbat aurpegi ezagun. Besteak beste, ESK, ELA, CCOO eta Eilas sindikatuak; EA, Sortu, Alternatiba, Aralar, Gorripidea eta EHK alderdi politikoak; EHE, IA, Etxerat, Behatokia, Komite internazionalistak, ESAIT eta Lokarri mugimendu sozialak; eta Tasio Erkizia ezker abertzaleko kidea, Alex Txikon mendizalea, Martxelo Otamendi BERRIAko zuzendaria, Galder Perez aktorea, Gontzal Medibil abeslaria, Lutxo Egia idazlea, eta Belen Arevalo artista.

Orain arte milaka herritarrek egin dute euren ekarpena, baina unean uneko epaiak edo mobilizazioak ez ezik, «egiazko marea sozial bat» behar dela aldarrikatu zuen Herria mugimenduak. «Immobilismoari nagusituko zaion herri mugimendu indartsu bat. Horrek behartuko baititu Madril eta Paris giza eskubideak errespetatzera». Bide horretan, Herritarron Epaia bere azken urratsak ematen ari da. Irailaren 14an Iruñeko Anaitasunan amaituko da ekimen ibiltaria, eta bertara joateko deia egin zuten atzo: «Anaitasuna lepo betetzea da gure erronka, biziarteko zigorraren derogazioa eskatzeko».

Harako deialdia egiteko espota bat egin du Gotzon Sanchezek, eta atzoko ekitaldia berau aurkezteko aprobetxatu zuen. «Denboraren kontzeptua landu gura izan dut, doktrina honek denbora lapurtzen baitigu», azaldu zuen zuzendariak.

Espetxe politika «krudela»

Giro atseginean egindako ekitaldian gogoan izan zituzten aste honetako «espetxe politika eta salbuespen neurrien adierazle krudelak». Batetik, astelehenean Asier Aginako presoaren senideek Aranjuezeko espetxera bidean izan zuten istripua; eta bestetik, Pablo Gorostiaga presoak bere bikote Judith Garcia hil baino lehen bisitatu ezin izana, horretarako baimena eduki arren. «Berehala amaitu beharreko espetxe politikaren aurpegi gordinak», mugimenduaren arabera.

Sortuk ere antzeko balorazioa egin zuen atzo Donostian aste honetako bi gertaeren inguruan. PPk euskal presoekin daraman espetxe politika «krudela» salatu zuen Amaia Izko bozeramaileak. «Bi gertaera hauen modukoak preso zein senideei PPk ezartzen dien egunerokoan ohikoak bihurtu dira. Dispertsioaren erruleta errusiarrera jokatzen du presoen senideekin». Eta bide horretarako arrazoi garbia ikusi du: «Gatazkaren konponbiderako Euskal Herritik zein nazioartetik garatzen ari diren ekimen eta saiakerak saboteatzea».

Kritikak esparru gehiagotara zabaldu zituen Izkok. Hain zuzen ere, Patxi Lopez PSE-EEko idazkari nagusiak zoru etikoaren inguruan egin zituen adierazpenek «bakearen etsaiekin» lerrokatzeko egin zituela adierazi zuen Sortuko bozeramaileak. «Lopez, Ares eta Rubalcabaren zoru etikoa non dagoen jakin nahiko genuke: Pablo Gorostiagaren ziegan? Asier Aginakoren senideek istripua izan duten errepidean? Guardia Zibil eta Polizia Nazionalaren galdeketa ziegetan?». Inori ezer eskatu beharrean, euskal jendartearen aldarrikapenei men egin eta konponbiderako konpromisoa hartu dezatela eskatu die Sortuk sozialistei.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.