Ikus-entzunezkoak

Pantailak Euskaraz-ek «itsutasun estrategiko nabaria» leporatu dio Bingen Zupiriari

Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak Hamaikan egindako adierazpenek «kezka eta ezinegon larria» sortzen dutela uste du Pantailak Euskaraz-ek. Zupiriak esan du bikoizketa baino gehiago, barne ekoizpena eta azpidatziak sustatu behar direla.

Pantailak Euskaraz, iaz, Durangon. MARISOL RAMIREZ / FOKU
urtzi urkizu
2022ko azaroaren 25a
15:04
Entzun

Asteazkenean, Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburua elkarrizketatu zuten Hamaika telebistan. Kazetariaren galderari erantzunez, Zupiriak esan zuen ikus-entzunezkoetan ekoizpen propioaren eta azpidatzien alde egin behar dela, bikoizketaren alde baino gehiago. Adierazpen horien harira, Pantailak Euskaraz mugimenduak hainbat kritika eta eskaera egin ditu.

Pantailak Euskaraz taldeari iruditzen zaio adierazpenek «itsutasun estrategiko nabaria» uzten dutela agerian. «Ikus-entzunezkoen eskaintza erraldoia dago, eta erakundeei dagokie euskarazko eskaintza sendo eta duina bermatzea». Hala ez egitea «arduragabekeriaz» jokatzea litzatekeela uste du Pantailak Euskaraz-ek. «Eta euskaldunoi hizkuntza eskubideak ez bermatzeaz gain, euskarari kalte konponezina eta itzulezina eragingo lioke».

Pantailak Euskaraz mugimenduak —Disney Plus Euskaraz, Netflix Euskaraz, Zinemak Euskaraz, Tinko euskara elkartea eta Bieuse bikoiztaile euskaldunen elkartea dira eragileak— arazoaren muinera jotzeko eskatu dio Jaurlaritzako bozeramaileari. «Izan ere, herri honetan arazoa da euskara bigarren mailan dagoen hizkuntza dela, eta erakundeetatik ez dela euskarazko ikus-entzunezkoen aldeko apustu irmoa egiten. Horren adierazle ukaezina da EITBtik eta Kultura Sailetik ikus-entzunezkoetara bideratzen diren aurrekontu eta diru partiden zatirik handiena gaztelaniazkoetara bideratzea».

Azpidatziak aipatu zituen herenegun Zupiriak Hamaikan, baina Pantailak Euskaraz taldeak ohartarazi du erakundeen aldetik ez dela azpidatzien aldeko apustu argirik egin. «Horren lekuko da ETB, zeinetan euskarazko azpidatziak ez dira telebista publikoan inondik inora; eta zinema eskaintza, bestetik, aretoetara filmak jatorrizko bertsioan ikustera doazenak pelikulak gaztelaniaz azpidatzita aurkitzen baititu soilik». Movistar Plusekin 2014an sinatu zuen eta egun indarrean dagoen akordioa da edukiak euskaraz azpidazteko Jaurlaritzak eman duen «urrats bakarrenetakoa». Baina hori ez dela nahikoa uste du talde euskaltzaleak, edukiak azpidatzi eta gero, azpidatzi horiei ez zaielako behar bezalako tratamendurik eman, eta ez zaielako ikusgarritasunik eta zabalkunderik eman. «Movistar Plus plataforman ez dago euskarazko azpidatziak bilatzeko modurik, eta, edukiak plataforma batetik bestera mugitzen direnez, galdu egiten dira bidean euskarazko azpidatziak».

Euskarazko ekoizpenari dagokienez, Pantailak Euskaraz taldeari iruditzen zaio Jaurlaritzak ez dituela ekoizpenak behar besteko irmotasunez lehenesten. Gogora ekarri du honako datu hau: azkeneko hamalau urteetan, ETBk parte hartu duen 208 ekoizpenetatik soilik 70 ziren euskaraz. «Hau da, EITBk lagundutako lanen heren bat izan da soilik jatorrian euskaraz ekoitzia». Pantailak Euskaraz-ek kritikatu du proportzio horretan egiten diotela euskarari ikus-entzunezkoetan tokia Jaurlaritzak eta EITBk. «Gaztelaniazko ikus-entzunezkoen ekoizpena da urteetan lehentasunez sustatu eta diruz lagundu dena».

Euskarazko bikoizketa, berriz, zutabe «ezinbestekoa» da Pantailak Euskaraz-entzat, «euskarazko ikus-entzunezkoen eskaintza osatzeko, euskararen erabilerak aurrera egiteko eta hizkuntza estandar informala eraiki, berrasmatu eta herritarren artean zabaltzeko». Taldearen arabera, euskaraz ekoizten diren lanek ezin dute bermatu euskarazko eskaintza «zabal, sendo eta duina». Talde euskaltzalearen arabera, «nahitaezkoa eta estrategikoa» da nazioarteko puntako edukiak euskarara bikoiztea, eta horiek ETBn astero eskaintzea, baita zinema aretoetan eta plataformetan estreinaldi garrantzitsuak euskarara bikoiztuta ematea ere. «Jaurlaritzari euskarazko bikoizketa berregituratzeko eta bikoizketa sektorera duintasuna itzultzeko deia egiten diogu».

Era berean, Pantailak Euskaraz-ek Jaurlaritzako sailburuari eskatu dio ez jartzeko bikoizketa azpidatzien eta ekoizpenaren aurka. «Osagarriak baitira hirurak, eta ez daude inola ere kontrajarrita. Hirurak dira ezinbestekoak euskarazko ikus-entzunezkoak era orekatuan eta osoan garatzeko, eta hizkuntza normalizazioan ekarpen integrala egiteko».

Azkenik, eskaera zehatzak egin dizkio Pantailak Euskaraz-ek Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politika eta Kultura sailburuari: «Aintzat hartzeko 2021eko abenduan Durangon sinatu zen manifestuaren eskariak; euskarazko zinemagintza sustatzeko eta diru laguntzetan euskarazko ekoizpenei lehentasuna emateko; Kultura Sailaren aurrekontu osoaren %2 lehen mailako nazioarteko edukiak euskarara bikoiztekoerabiltzea; edukien euskarazko azpidatzien erabilera orokortzeko; eta hiru ildoak —ekoizpena, bikoizketa eta azpidatziak bilduko dituzten politikak abian jarri eta baliabideak bideratzeko. Ikus-entzunezko Komunikazioaren lege propioa eskatu du taldeak, baina zinemaren lege propioa ere, «ikus-entzunezkoetan euskararen presentzia parekoa legez bermatuz».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.