Anaiz Funosas Bake Bideako presidenteak erabat gaitzetsi du Josu Urrutikoetxearen atxiloketa. «Iraganari lotu nahi gaituen ekimena da. Aietez geroztik, herri honen gehiengoak adierazi du bake prozesuaren perspektiban aitzinatzeko borondatea. Haatik, bi estatuak ez dira bake prozesuari manera baikor eta arduratsuan erantzuten ari».
Aste honetan Euskal Herriko ordezkaritzarekin eman duten prentsaurrekoa ekarri du gogora. «2019a mugarri bat izatea espero dugula erran dugu. Guretzat onartezina da gaurko atxiloketa». Eragile gehienek bide bat egin dutela eta urrats esanguratsuak egin dituztela azpimarratu du. «Agertoki berri baten aitzinean gaude, eta hartutako engaiamendua berretsi nahi dugu: hartu dugun bidea atzeraezina da».
Frantziako hainbat botereguneren arteko indar harremana aipatu du. «Antiterrorismoak botere handia du, eta bere bidetik darama jarduera. Kezkatuak gara, eta ez dugu ulertzen terrorismoaren kontrako fiskaltzak duen jarrera». Hala ere, uste du ez duela Justizia Ministerioarekin abiatutako elkarrizketa kolokan jartzen, eta ekainaren 7an eta 8an antolatu dituzten ekitaldietan parte hartzera deitu du. «Gaurkoak erakusten du nor diren bake prozesuaren etsaiak».
Vincent Bru Modemeko diputatuaren hitzetan «ez dago agindu politikorik justizia gelditu dadin», baina gogora ekarri du Urrutikoetxea izan zela ETAren desegitearen agiria irakurri zuena, eta aitortu du atxiloketak «gauzak konplikatzen» dituela. Ipar Euskal Herriko ordezkaritzaren eta Justizia Ministerioaren artean abiatutako elkarrizketarekin segitu behar dela berretsi du. Azken bilkura «eraikitzailea» izan zela adierazi du, eta neurriak espero dituztela ekainerako, DPS estatusen kentzean eta presoen hurbiltzeetan. «Aitortzen dut egoera aldatu izanik nahiko genukeela Frantziako Gobernuaren eta justiziaren jarrera ere aldatu dadin. Nahiko genuke Euskal Herrian egiten den lana kontuan har dezaten».
Ordezkaritzakoek jarrera aldatzeko eskatu diote Parisi
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu