«Emakume migratzaileok esparru publikoa hartzea, gizartean parte hartze aktiboa izatea eta, ondorioz, gure ahotsaren bidez guri buruz dagoen pertzepzioa moldatzea, estereotipoak eta aurreiritziak hautsiz». Emakume migratzaileen komunitateak argi ditu bere helburuak, eta hala adierazi du Maylin Vergara ekintzaileak. Bilbon bizi da, eta hiriko bertze emakume migratzaile batzuekin elkartu zen iaz, komunitatea ofizialki sortzeko.
Izan ere, talde ofizialik ez bazuten ere, bortz urte daramatzate hainbat arlotan lan egiten duten emakume migratzaileen lana txalotu eta argitara ekartzen. Hala nola politikan, ikerketan, komunitatean, ekintzailetzan edo arlo artistikoan aritzen diren emaztekiena. Ofizial izan ala ez, sare horien potentzialitatean jarri du arreta Vergarak: «Esperientziak partekatzen ditugu, hiriaren parte garela sentitzen dugu, eta babes emozionala eskaintzen diogu elkarri».
Bada, babes hori aski garrantzitsua zaio Vergarari, emakume migratzailea «bakarrik» dagoelako, eta gehien-gehienek «migrazio dolu handia» dakartelako berekin. Egoera horretan dago komunitateak gainditu beharreko zailtasunetako bat: baliabide ekonomikoak lortzea da beren helburu nagusia, eta lana aurkitu behar dute horretarako. Ordea, «egoera ekonomiko kaskarrean» egon ohi dira gehienak, eta lan batetik bertzera dabiltza. «Hortaz, gehienetan ez da beren lehentasuna izaten gurea bezalako komunitate batean parte hartzea. Halere, pixkanaka-pixkanaka ikusarazi dugu garrantzitsua dela gure artean aliantzak sortzea», gehitu du Vergarak.
«Pixkanaka-pixkanaka ikusarazi dugu garrantzitsua dela emakume migratzaileon artean aliantzak sortzea»
MAYLIN VERGARABilboko emakume migratzaile ekintzaileen elkarteko zuzendaria
Barne zailtasunak ez ezik, logistikoak ere badituzte: esparru publikoan elkartu ohi dira, baina ordutegiek mugatzen dituzte; eta baliabide ekonomikoak ere behar dituztela nabarmendu du. «Hala ere, azpimarratzekoa da urte bat daramagula komunitatearekin, eta oso pozik gaude orain arte lortutakoarekin», erran du.
Jardunaldiak
Lan hori guztia lehenbiziko lerrora eraman dute aurten: Bilboko emakume migratzaileen lehenbiziko jardunaldia antolatu zuten joan den ostiralean. 100 emazteki inguruk parte hartu zuten, eta komunitateak berak hautatutako hiru eztabaida mahai egin zituzten: emakume migratzaileen parte hartzea esparru publikoan, entzuteko esparruak eta osasun psikosoziala, eta emakume migratzaileen lanaren aitortza.
Saio hartan landutakoak gogora ekarrita, Vergarak azaldu du «mugatua» dela emakume migratzaileek esparru publikoan duten presentzia. Horri aurre egiteko, emakumeen ahalduntzearen alde lan egiten duten bertze kolektibo batzuekin ere aliantzak sortzen ari dira, eta horrek bidea erraztuko diela sinetsita dago. Halere, gizarteak ere bere alea jartzea behar dute: «Kontziente izan daitezela udalerria askotarikoa dela, kulturartekoa. Aprobetxatu behar da aspaldi iritsi zen eta oraindik iristen ari den talentua; ekarpen handia egiten dugu, baina, horretarako, kontuan hartu behar gaituzte».
Emazteki horiek dituzten beharrez galdetuta, entzuteko guneetan jarri du arreta Vergarak: «Emozionalki lagunduak eta babestuak sentitzeko tokiak behar ditugu. Emakume migratzaileen artean hobekiago ulertzen dugu elkar, askotan ez baitakigu hemengo bakardadean jarraitu, ekonomikoki hobekiago egonda, edo familiarengana itzuli, urritasun gehiago izanda».
«Emozionalki lagunduak eta babestuak sentitzeko tokiak behar ditugu. Emakume migratzaileen artean hobekiago ulertzen dugu elkar»
MAYLIN VERGARABilboko emakume migratzaile ekintzaileen elkarteko zuzendaria
Erronkak
Egoeraren diagnostikoa eginda, Vergarak onartu du komunitatea bera mantentzea erronka bat dela bere horretan. «Gure lehentasunetako bat da komunitateko kideen ezinegonei eta zalantzei erantzutea, eta komunitatea errotzea, Bilbon dauden emakume migratzaileendako erreferentzia izan gaitezen». Finean, beren komunitatea «eremu parte hartzailea» izatea nahi dute, eta egiten duten lanak, kideengan ez ezik, hirian ere eragina izatea.
Alde horretatik, lehenbiziko jardunaldia «oso arrakastatsua» izan dela erran du, eta bigarrena egiteko lan eginen dutela, baliabide ekonomikoen mende baitaude. Tartean, migratzaileen artean aholkularitza saio batzuk eginen dituzte: beren artean ezagutza elkarbanatzeko, eta sareak indartzeko. Betiere beren helburu nagusiaz atzendu gabe: emakume migratzaileen inguruan dauden estereotipo eta aurreiritziak iraultzea, eta beren lana lehen lerrora eramatea.