Rafael Bengoa Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburu ohiak (2009-2012) uste du Jose Carlos Marguello Gurutzetako ospitaleko Kalitate Unitateko zuzendari ohiaren enpresak kontratu publikoak lortzeko «sare antolatu bat» zirela. Salatu du enpresa horiei «mesede egiteko berariazko kontratazio prozesuak» ipini zirela martxan: «Bestelako bide azkarrak bilatu ziren, kontratuak automatikoki luzatzen zitzaizkien, eta kobratzen zituzten tarifak nabarmen igotzen ziren». Aipatu du tarifak batez beste %5 igo zirela, baina Marguelloren enpresak eskaintzen zituen zerbitzuetakoak, %19.
Marguello beraren, haren bazkide Edurne Fernandezen eta Juan Jose Ibarretxe lehendakariaren sasoiko Osasun Saileko beste bi goi kargudunen aurkako epaiketan deklaratu zuen Bengoak atzo. Patxi Lopez lehendakariaren Osasun sailburua izan zen, eta hark atera zuen argitara ustez bidegabeak ziren kontratuen auzia.
Osakidetzak 2005. eta 2006. urteetan zituen itxarote zerrendak arintzeko, Osasun Sailaren eta klinika pribatuen artean bitartekari jarduteko sortu zuen Fendandezek Gestion de Servicios Sanitarios enpresa; Marguello zen beste bazkidea. Fiskalak leporatu die kontratuak «bidegabe» lortzeko sortu zutela enpresa. Beste bi auzipetuei egotzi die kontratu horiek sinatzea eta kontratua lortzen laguntzea.
«Azpijoko antolatu horren helburua ez zen pazienteen ongizatea», salatu du Bengoak. Ohartarazi du itxarote zerrenden kudeaketa «enpresa pribatu batek kudeatu duen lehen aldia eta bakarra» izan zela hura. Bitartekaritza lan pribatu hori «ez zen beharrezkoa», sailburu ohiaren ustetan. «Osakidetzaren eta osasun arlo pribatuaren arteko bitartekaritza Osasun Sailak berak egiten du, lurraldeetako ordezkaritzen bitartez». Gainera, iruditzen zaio itxaron zerrendak arindu ez baizik itxaronaldia «luzatu» egiten zuela sistema horrek. Eta horrekin pazienteen osasunari «kalte» egin zitzaiola uste du. Dena den, aitortu du hori frogatzeko ikertu egin beharko litzatekeela. Txosten klinikoen kudeaketa txarra egin zela ere salatu du.
Bengoak esan du «nolabaiteko monopolio bat» sortu zutela 1996an hasita. Orduan lortu zituen lehen kontratuak Marguello bazkide zuen Medicaldom enpresak; besteak beste, etxeko arreta medikoa ematen zuen. 2006an lortu zuen itxarote zerrendei zegokiena Marguelloren eta Fernandezen Gestion de Servicios Sanitarios sozietateak; urte berean, beste batzuekin sortu zuen aldi baterako enpresa taldeak. Bengoak esan du hasieran osasun arloko beste enpresa pribatu batzuk ere aurkezten zirela lehiaketetara. «Baina ikusi zutenean beti enpresa berek jasotzen zutela, aurkezteari utzi zioten».
Kontratuak sinatu ziren garaian Osasun sailburu izandako Gabriel Inclanek ere (1999-2009) deklaratu zuen atzo. «Normaltzat» jo zituen kontratuak, «itxarote zerrenden arazoa konpontzeko zirelako». Bizkaiko ordezkaritzak «araudia bete» zuela azpimarratu du. Bere buruaren defentsa ere egin du: «Ez lanean, ez bizitza pertsonalean ez diet inoiz ez lagunei ez arerioei zegokiena baino gutxiago edo gehiago eman; bidezkoa baino ez».
Marguelloren «mesedezko kontratazio prozesuak» salatu ditu Rafael Bengoak
Jaurlaritzako Osasun sailburu ohiak uste du Marguelloren enpresak kontratuak lortzeko sortu zirela. Osasuna «arriskuan» ipini zela esan du
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu