'Marguello auzian' irregulartasunak izan zirela ebatzi du legebiltzarrak

Osoko bilkurak ontzat jo du auzia ikertu duen batzordearen txostena, PPren, PSE-EEren eta UPDren botoei esker

Rafael Bengoa, atzo, Eusko Legebiltzarrean. RAUL BOGAJO / ARGAZKI PRESS.
Erredakzioa
Gasteiz
2011ko ekainaren 17a
00:00
Entzun
Eusko Legebiltzarrak onartu egin du Marguello auzia ikertu duen batzordeak eginiko txostena, eta, beraz, Osakidetzak 1996 eta 2009 urte bitartean egin zituen kontratazioetan irregulartasunak izan zirela ebatzi du. PSE-EEren, PPren eta UPDren aldeko botoei esker onartu dute batzordearen txostena; EAJk aurka bozkatu du; Aralar, EB eta EA, aldiz, abstenitu egin dira.

Onartu den txostenak jasotzen duenez, irregulartasunak «luzaroan» gertatu ziren, eta gaineratzen du «sinesten zaila» dela 1996 eta 2009 urteen artean Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburu izan zen EAJko Gabriel Inclanek irregulartasun horien berri ez izana.

Zehazki, txostenak ontzat jotzen du Osakidetzako kontratu ugari publikoki jakinarazi gabe eta lehiaketarik gabe egin zirela, eta horiek Jose Carlos Marguello Gurutzetako ospitaleko kalitate arduradun ohiak zuzendutako enpresei esleitu zitzaizkiela. Servicios Sanitarios XXI eta Medical Dom dira enpresa horiek. Txostenean ageri denez, Servicios Sanitarios XXI «espresuki» eratu zen itxaron zerrendak kudeatzeko kontratua eskuratzeko. «Osakidetza izan da Servicios Sanitarios XXIen bezero bakarra», dio batzordeak txostenean.

Irregulartasunak saihesteko, hainbat neurri proposatu ditu ikerketa egin duen lan taldeak. Besteak beste, itxaron zerrendak enpresei esleitu beharrean Osakidetzak berak kudeatzeko eta barne kontrolak indartzeko eskatu du batzordeak.

Eztabaida osoko bilkuran

EAJko Nerea Antiak babesa azaldu die urte horietan zehar Osakidetza zuzendu zutenei. Euren lana «zintzotasun eta duintasun osoz» egin zutela ziurtatu du, eta gaineratu du ez zutela «inolako irregulartasunik» onartu.

PSE-EEko Blanca Roncalek Marguello auzia EAJk Eusko Jaurlaritzari utzitako «oinordetza» dela esan du, eta uste du EAJk Osakidetza «apropos ahultzearen aldeko apustua» egin zuela. Roncalek Inclan izan du jomugan; «eskandalu horren» erantzule politikoa izatea leporatu dio. PPko Laura Garridoren arabera, «sinesten zaila» da irregulartasunak Inclanen oniritzirik gabe gertatu izana. Bestalde, UPDko Gorka Maneirok batzordearen txostenean ageri direnak «bere» egiten dituela ziurtatu du.

Aralarrek, EBk eta EAk ez dute txostenaren alde ez aurka egin; abstenitu egin dira. Dani Maeztu Aralarreko legebiltzarkidea «orokorrean ados» azaldu da txostenarekin, baina hura hobetu zitekeela gaineratu du. EAko Juanjo Agirrezabalaren ustez, hasierako txostena «nabarmen» zehazten du onartutakoak, baina oraindik «argitu gabeko kontuak» daudela esan du. Azkenik, EBko Mikel Aranak batzordearen jarduteko modua kritikatu du; «zirku» bilakatu izana egotzi dio.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.