Mantsoago ibiliko da Bilbo

Martitzenetik Bilbon ezingo da orduko 30 kilometroko abiadura gainditu. Kutsadura eta istripuak gutxitzeaz gain, oinezko eta bizikletazko mugimendua sustatzea da xedea.

Bilboko Udalak hiri osora zabalduko du orduko 30 kilometroko abiadura muga. LUIS JAUREGIALTZO / FOKU
Ibai Maruri Bilbao.
2020ko irailaren 21a
16:31
Entzun

Uztailean urte bi bete ziren Bilboko Udalak hiriburuko hainbat kaletan ibilgailuentzat abiadura muga orduko 30 kilometrora jaitsi zuenetik. Hain zuzen ere, kaleen %87an egon da muga hori indarrean. Gainontzekoetan orduko 50 kilometrokoa izan da. Datorren martitzenetik aurrera —irailaren 22a, Autorik Gabeko Eguna—, 50eko muga zuten horietara ere zabalduko da 30ekoa. Hartara, Bilboko kale guztietan ezingo da orduko 30 kilometroko abiadura gainditu. «Mundu osoan 300.000 biztanle baino gehiago dituen lehen hiria izango gara abiadura muga hori ezartzen», ohartarazi du Bilboko bigarren alkateorde eta Mugikortasun zinegotzi Alfonso Gilek. Abuztutik ibili dira udal beharginak seinaleak aldatzen, datorren astean dena prest edukitzeko.p>



Gilek azaldu du hasiera batean ez zutela 30eko muga hori hiri osoan ezartzeko asmorik izan. «Bilboko sarreretan eta irteeretan eta auzoen arteko loturetan 50eko muga nahi genuen. Baina ikusi dugu 30ekoak onura itzelak ekarri dituela. Eta zerbait ona bada, hiri osora zabaldu behar da». Hain zuzen, urte biotan igarritako lau onura aipatu ditu Mugikortasun zinegotziak: «Ibilgailuek eragindako zarata edo kutsadura akustikoa apaldu egin da, kutsadura eragiten duten partikulen isurketa ere txikitu da, istripuak gutxitu dira, eta bizikletaren erabilerak gora egin du». Horrez gainera, herritarrei mugikortasuna erraztu gura izan dietela ere esan du: «Asko izan dira non joan behar duten 30era eta non 50era ez dakitela-eta kexuka etorri zaizkigunak».

Europako hiri nagusi guztiak, hau da, 150.000-200.000 biztanletik gora dituztenak, trafikoa eta mugikortasuna lasaitzeko neurriak hartzen ari direla esan du Gilek. Bilbok «aitzindari» izan gura du. 41,6 kilometro koadro ditu Bizkaiko hiriburuak. Eremu horretan, ibilgailuen batez besteko abiadura orduko 29,7 kilometrokoa da. «Izatez, lehendik ere nolabait betetzen ari gara lortu nahi dugun hori. Baina batez bestekoak esan nahi du batzuetan goitik eta besteetan azpitik zabiltzala. Orain helburua da hiri osoan abiadura bertsuan ibiltzea. Guk azeleratzeak eta galgatzeak leundu nahi ditugu. Izan ere, badakigu abiadura egonkor batek istripuak saihesten laguntzen duela, eta airera isurtzen diren partikulak gutxitzen dituela». Azpimarratu du Bilboko Udala 2015ean lantzen hasi zen Mugikortasun Planak jasotako lehen helburua osasuna dela.

Bilboko Udalak jasotako datuen arabera, abiadura muga berriari esker, trafikoak behera egin du azken bi urteetan. «Horrelako neurriekin jendeak autoa gutxiago hartzen du, eta mugikortasun ohiturak aldatzen hasten dira. Izan ere, abiadura muga horrekin herritarrak autoz baino azkarrago mugitu daitezke bizikletaz edo garraio publikoan». Gilek ibilgailu pribatua bilbotarren eta bisitarien azken aukera izatea gura du. Eta gaur egun dagoeneko hala da: udalak egindako neurketen arabera, Bilbon egiten diren joan-etorrien %64 oinez edo bizikletaz egiten dira; %24, garraio publikoan; %11, ibilgailu pribatuan. Falta den %1 horretan daude patineteak eta gaur egungo gailu berriak. «Gure helburua da oinez dabiltzanak gero eta gehiago izatea, eta, era berean, bizikleta bihurtzea garraiorako baliabide nagusia. Horretarako, errepideak seguru bihurtu behar ditugu». Zinegotzia bera bizikletaz joaten da beharrera, Bilboko udaletxera. «2015ean mugikortasuna aldatzen hasi gineko Alfonso Gil eta gaur egunekoa ez dira bera: orain ez dut beldurrik, trafikoa askoz lasaiago dabilelako». Edonola ere, argi utzi gura izan du aldaketa honek ez duela ekarriko bidegorri gehiagorik ez eraikitzea: «Egingo dira, baina ez dira lehentasuna izango, bizikletak seguru eta lasai ibiliko direlako errepideetatik».

Eta kanpotik datozenak zer? Udalak Bilbora garraio publikoz joatea gura du, eta hori sustatuko du. Gilek uste du hiriburuak komunikazio onak dituela. «Hirira etorritakoan, garraio publiko sare osatu bat eskainiko diegu bizkaitarrei, prezio onean. OCU kontsumitzaile elkartearen arabera, estatuko sare onena daukagu». Dena den, nabarmendu du Bilbon leku batetik bestera oinez joan daitekeela.

Kaleak seguruago egiteko, abiadura mugatzeaz gain, espaloiak zabaltzen jarraituko du Bilboko Udalak. Datorren urtean, probak egingo dituzte Moyua plazan eta inguruan. Eta joan den udaberriko konfinamendu osteko asteetako «esperientzia ona» ikusita, kale batzuk tarteka soilik oinezkoentzat bihurtzeko asmoa dute; esaterako, Kale Nagusia domeka eta jai egunetan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.