Pello Irujo. Nafarroako Ikastolen Elkarteko presidentea

«Liburuena erabaki politiko bat da, baina lege bat dago atzean»

Nafarroa Oinez ospatuko dute igandean, hilak 19, Zangozako Ikastolako kideek. Euskarazko irakaskuntzaren aurkako erasoei besta horretan parte hartuz erantzuteko eskatu die Pello Irujok herritarrei.

IÑIGO URIZ / ARGAZKI PRESS.
edurne elizondo
Iruñea
2014ko urriaren 17a
00:00
Entzun
Gaur amaituko da Nafarroako Gobernuak «legez kanpokotzat» jotako euskarazko liburuak ikastetxeetatik erretiratzeko epea. Herrialde horretako ikastolei ere eragiten die auziak, Nafarroako Ikastolen Elkarteko presidente Pello Irujok (Caracas, Venezuela, 1979) onartu duenez. Kritikatu du erabakia, baina, «tamalez», atzean legea duela erantsi du. Eraso horri eta LOMCEri aurre egiteko, lana jo du tresna nagusi, eta, hasteko, Nafarroa Oinez bestan parte hartzeko eskatu die herritarrei.

Dena prest al da Zangozan?

100.000 pertsona baino gehiago hartzeko prest gaude. Pozik, eta beste Nafarroa Oinez bat ospatzeko gogoz. Hainbatetan gehiegi sartzen gara kexen munduan, eta uste dut besta horren gisako erantzunak emateko ordua dela. Era positibo batean. Oinez, eta euskaraz.

Zorra arintzea da Zangozako ikastolaren xedea.

Hala da. Egin behar izan dituzten lanek eragindako gastuari aurre egitea da helburua. Gurasoek egin behar dituzte inbertsioak, eta laguntzea da helburua.

Eremu ez-euskalduneko ikastola da Zangozakoa. Zein da egungo egoera eremu horretako ikastoletan?

Guretzat, eremu hori euskalduna da. Euskararen Legea dago, baina ikastolak ere bai. Gaur egun, Nafarroako Ikastolen Elkartean bat egiten duten hamabost ikastolek Naia izeneko proiektua dute martxan. Denen artean adosten ari gara lehentasunak zeintzuk diren. Hegoaldean ditugun hiru ikastolekin hasi gara, Vianakoarekin, Tuterakoarekin eta Lodosakoarekin. Landu nahi dugu barne kooperatibismoa; eta jorratu nahi dugu ikastolek inguruarekin duten harremana; ahaztu gabe, noski, arlo ekonomikoa.

Presidente kargua hartu zenuenean, gurasoen rola nabarmendu zenuen.

Gure ereduan gurasoak oso inportanteak dira. Gu hezkuntza kooperatiba bat gara, eta hau dena gurasoen artean egiten da. Eta hau ez dut esaten esateagatik. Benetako kooperatiba gara. Igandean, adibidez, 1.500 boluntario ariko dira Zangozan lanean. Zenbaitetan eskola pribatuen poltsan sartzen gaituzte, baina ez gara.

Ez zarete publiko, ordea.

Nik aldarrikatu nahi dut ez garela sentitzen eskola publiko, ezta pribatu ere. Sentitzen gara ikastola. Gu ikastola gara, eta ikastolak ditu oso berezitasun sakonak. Herritik heldu gara, eta herrira goaz. Hemengoak gara, eta material eta curriculum propioak ditugu. LOMCE, berriz, ez da gurea.

Indarrean sartu da, ordea. Nola ari zarete egoera kudeatzen?

Gure curriculuma moldatu behar izaten dugu, legea bete egin behar delako. Gure seme-alabak daude erdian, eta ez dugu ahaztu behar haiek ardatza direla, haiekin gaitasunak, balioak eta eleaniztasuna jorratzen ditugula; horiek dira helburuak. LOMCErekin kritikoak gara gu, lehenik eta behin, alderdi bakar baten legea delako, adostasunik gabe eginda. Hezkuntza ezin da egon alderdien arteko borroken erdian. Bigarrenik, iruditzen zaigu eduki gehiegi ezartzen dituela, eta horrek gaitasunak praktikan jartzeko aukera murrizten du. Hirugarrenik, argi utzi behar da gure izaera ez dagoela LOMCEn. Guretzat oinarrizko dira euskara eta euskal kultura, eta LOMCErentzat ez. Azkenik, ezartzen dituen kanpoko azterketak ez zaizkigu egokiak iruditzen. Ez dugu esaten kontrolik egin behar ez denik. Ikasleentzat eta irakasleentzat egin beharko lirateke, baina hobetzeko asmoz. Eta LOMCEk ezarri nahi dituenak zigor moduko kontrolak dira.

Eta horren aurka, zer?

Bi ikastolatako zuzendariekin egon naiz azken egunotan. Madrilen egon dira, informazioa jasotzen. Erabaki onenak hartzeko hori behar baita. Kontu handiz ibili behar dugu, seme-alabak daudelako erdian. Aukera dugunean, gure proposamenak eta ekarpenak Nafarroako Eskola Kontseiluan aurkeztuko ditugu, hori baita gure parlamentua.

Izanen da bertze gairik: Jose Iribas Hezkuntza kontseilariak 22 liburu erretiratzeko agindu du. Zer deritzozu?

Kontra gaude, eta halaxe azalduko dugu kontseiluan ere. Gure materiala dago tartean. Baina ez bakarrik gurea. Sei argitaletxeren materiala dago zerrendan, tartean Santillana eta Edelvives etxeena. Politika alde batera utzi behar da. Euskaraz eta euskal literaturaz ari gara. Akats handia da mapa politikoa ikustea kulturala dagoen tokian.

Iribasen erabakia ez al da politikoa?

Bai, baina legea hor dago. Erabaki politiko bat da, baina, tamalez, lege bat dago atzean. Ados ez nagoela esan dezaket, baina ez legez kanpokoa dela. Legea aldatu behar da. Gure kexa agertuko dugu, egingo dugu ahal duguna. Baina argi dut LOMCEri edo liburuen auziari erantzuteko modurik onena igandean Zangozara joatea dela. Nafarroa Oinez-en parte hartzea. Oinarria lana da. Lan eginez erantzun behar dugu.

Euskararen legea aldatzeko aukera dago mahai gainean. Zer deritzozu?

Ez da hezkuntzari buruzko auzia bakarrik; hizkuntzaren inguruko kontu bat da. Eskubide zibil bat. Eremu ez-euskaldunean euskara sartzea sare publikoan ongi iruditzen zait. Aurrera. Guk gure eredua dugu, eta gure eredua hor egotea aldarrikatzen dugu.

Eremu ez-euskaldunean D eredua ezartzeak ekar dezake ikastolak publiko bilakatzea?

Halakoez hitz egiteko goiz da. Nik nire eredua aldarrikatuko dut, eredu horretan sinesten dudalako. Hezkuntza kooperatiba bat gara, eta halakoetan batzarrak du subiranotasuna. Batzarrak erabakiko du. Goiz da, hala ere, horretaz aritzeko. 1986an beste lege bat onartzeko aukera galdu zen. Beste garai kritiko batean gaude; ea ez dugun berriz aukera galtzen hizkuntzaren eta eskubide zibilen alde egiteko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.