Imanol Pradalesen Eusko Jaurlaritza martxan da jada. Lehendakariak, karguaz jabetu ondoren, atzo sinatu zuen Jaurlaritza berriko sailen dekretua, gobernuaren sailen egitura eta haien egitekoak zehazten dituena, eta gaur goizean argitaratu da dekretu hori Euskal Autonomia Erkidegoko Aldizkari Ofizialean. Dekretu horretan jasotzen da, hain justu ere, Lehendakaritzak bere gain hartuko dituela berdintasun politikak eta horiek sustatzeaz arduratzen den erakundea, Emakunde.
Asteburuan jakinarazi zuen Pradalesek bere Jaurlaritzaren egitura. Hamabost sail izango ditu, inoiz baino gehiago. Horien artean ez zegoen Berdintasun izeneko sailik, eta, beraz, ondorioztatu zitekeen Lehendakaritzaren aterkipera itzuliko zela Emakunde; gaur baieztatu da hori. Modu horretan, Iñigo Urkullu lehendakariaren erabakia zuzendu du Pradalesek. Izan ere, Urkulluk Justizia eta Gizarte Politiketako Sailari lotuta jarri zuen Emakunde bere hirugarren eta azken agintaldian. Erabakiak kritika ugari eragin zituen, eta atzera egiteko eskatu zioten hainbat eragile feministak eta Emakunderen sorreran aitzindari izandakoek, besteak beste.
Lehendakaritzaren egitekoen artean izango dira, halaber, Euskal Autonomia Erkidegoa nazioartean ordezkatzea, Europako gaiak gobernuaren politiketan txertatzea, eta «talentua sustatu, atxiki eta erakartzea». Baita mugaz gaindiko eta eskualdeen arteko lankidetza sustatzea eta diasporako gizarte taldeekin eta euskal etxeekin elkarlana bultzatzea ere. Horiez gain, Pradalesen egitekoen artean egongo da «ongizatearen Euskadi berri bat egiteko prospektiba, azterketa eta eredugintza» sustatzea eta horiek sailen artean koordinatzea. Aldiz, gazteria politikak egituratik kanpora atera ditu, eta sailen esku utzi. Nerea Melgosa buru duen saila arduratuko da horiek garatu eta sustatzeaz.
Beste aldaketa batzuk ere jasotzen ditu dekretuak. Esaterako, Eustat estatistika erakundea Ekonomia, Lan eta Enplegu sailak kudeatuko du aurrerantzean. Jeltzaleek kudeatzen zuten aurreko legealdian —Ekonomia eta Ogasun Sailari atxikita zegoen—, eta sozialistek hartuko dute orain haren ardura. Baita Europako funtsen kudeaketa eta balizko Gizarte Segurantzaren kudeaketa ere —hurrengo bi urteetan eskualdatuko bada—. Maria Jesus San Jose sozialista buru duen Justizia eta Giza Eskubideen Sailaren esku geratu dira, halaber, espetxeak eta memoria gaiak, Gogora Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutua barne.
Aldaketak katean
Jaurlaritza berriaren osaketak aldaketak eragingo ditu hainbat erakundetan. Esaterako, Mikel Torres bigarren lehendakariorde izango denak gaur utzi dio Portugaleteko (Bizkaia) alkate izateari. Eguerdian egin dute ezohiko osoko bilkura horretarako. Ez dute jakinarazi zein izango den haren ordezkoa; bi asteko tartean erabakiko dutela iragarri du udal talde sozialistak. Bien bitartean, Maria Jose Blanco alkateordeak hartuko du kargua, behin-behinean.
Gipuzkoako Aldundiak ere ez du iragarri nork ordezkatuko duen Maria Ubarretxena. Bide eta Azpiegitura diputatua da Ubarretxena iazko uztailaz geroztik, baina Eusko Jaurlaritzaren bozeramailea eta Gobernantza eta Autogobernu sailburua izango da aurrerantzean. Beraz, haren ordezkoa izendatu beharko du foru gobernuak.
Sailburuek bihar egingo dute karguaren zina, Ajuriaenean, Gasteizen, eta horren ondoren, Eusko Jaurlaritza berriak bere lehen gobernu bilera egingo du. Eusko Legebiltzarrean ostegunean izango dute lehen bilkura, eta ikusteko dago kideek zer leku hartuko duten ganberan, gaur-gaurkoz ez baitago lekurik gobernu berria osatzen duten hamasei kideentzat. Gobernuari dagokion lehen lerroan hamalau ordezkarirentzako lekua dago soilik.
Oposizioaren balorazioa
Jaurlaritza berriaren osaketari buruzko aurreneko gogoeta egin du gaur oposizioak. Pello Otxandianok Euskadi Irratian egin dioten elkarrizketan esan du ez duela baloraziorik egingo sail kopuruari edo sailburuei buruz, gobernua haren politikengatik fiskalizatu behar delako, hots, hartutako erabakien arabera. Beraz, gobernuari eta sailburuei «kortesiazko» ehun eguneko tartea utziko diela esan du.
Adierazi du, hala ere, Pradalesek erabaki zuzenak hartu dituela. Esaterako, begi onez hartu du unibertsitate, zientzia eta berrikuntza gaiak Hezkuntza Sailetik atera eta departamentu propioa sortzea, eta Industria eta Trantsizio Energetikoa sail berean uztartzea. Emakunde Lehendakaritzara itzultzea ere erabaki zuzena dela uste du oposizioko buruak.
Hala ere, ohartarazi du inoiz baino sail gehiago izateak «departamentalizazio arriskua» ekar dezakeela; hau da, sail guztien erabakietan eragingo duten zeharkako politikarik ez egotea. «Baina hori denborak esango du», erantsi du. Sailburu batzuk euskaldunak ez izatea «arazo» izan daitekeela ere adierazi du.
Halaber, inbestidura ekitaldian Iñigo Urkulluk izandako jarreraz ere galdetu diote elkarrizketan. Urkullu ez baitzen ganberan egon Otxandiano, lehendakarigai gisa, bere proiektua azaltzen aritu zen ordu eta erdian. Buruzagi subiranistak, ordea, ez du baloraziorik egin nahi izan: «Ez dut polemikarik sortuko». Aitzitik, begirunea eta errespetua adierazi dio Urkulluri.
Otxandianok berretsi du EH Bilduk akordioak egiteko borondatea duela, eta eskua luzatu dio EAJri estatutu berriaren inguruan urratsak egiteko. Nolanahi ere, abiapuntua zehaztu beharra dagoela aldarrikatu du beste behin. Haren ustetan, 2018an alderdi jeltzaleak eta koalizio subiranistak adostutako oinarriak eta printzipioak izan behar dute estatutu berriaren negoziazioen abiapuntu, eta hortik abiatuta etorri beharko luke PSErekiko akordioak. Izan ere, kezka agertu du sozialistek autogobernuaren eztabaidan Eusko Jaurlaritzan eragiteko izan dezaketen gaitasunagatik: «Gure kezka da PSE-EEk ez ote duen gai honetan pausoa markatuko».
Bada, Joseba Diez Antxustegi jeltzaleen legebiltzarreko bozeramaileak begi onez hartu du subiranisten elkarlanerako jarrera, baina zehaztu du ez dela EH Bildutaz guztiz fio. Diez Antxustegiren ustez Osakidetzaren gaineko herri itunak izan beharko luke, hain zuzen ere, legealdiko erronketako bat. Autogobernuari dagokionez, esan du egingarria dela EH Bildu eta PSE ados jartzea, eta aurreratu du Pradalesen helburua hori izango dela: Eusko Legebiltzarrean ahalik eta akordio handiena lortzea. Haren hitzetan, ezinezkoa baita Alderdi Sozialistaren oniritzirik ez duen testurik aurkeztea Madrilen.
Alderdi Popularrak, aldiz, gogor kritikatu du inoizko Jaurlaritzarik handiena eratu izana. Javier de Andres popularren bozeramaileak Pradalesi egotzi dio «austeritateari bizkarra eman» eta gastu publikoa «biderkatzea». Kudeaketaz kontuak eskatu aurretik gobernuari 150 eguneko tartea emango diola ere adierazi du, «sailburu bakoitzeko hamar egun». Edonola ere, legealdiko lan ildo nagusiak ahalik eta azkarren jakinarazteko eskatu die sailburuei.