Sindikatuak nabarmendu du behin-behinekoen eta finkoen arteko aldea handitu egiten dela emakumeen eta gazteen artean. Adibidez, gizonen %9,7k izenpetu dute kontratu finko bat; emakumeen kasuan %8ra jaisten da ehuneko hori; eta 25 urtez azpiko gazteen artean %5,5ek baino ez dute sinatu kontratu etengabe bat urte hasieratik.
Gainera, LABek nabarmendu du kontratazio mugagabeen %56,2 behin-behineko bihurtutakoetatik datozela, eta, aldiz, ohiko kontratu etengabeak %25,8 baino ez direla -%2,3 baino ez kontratu guztiak kontuan hartuta-. «Ohiko kontratu mugagabea oso bakana dela eta desagertzeko joera duela erakusten dute datuek».
Ondorio horietatik ihes egin eta bestelako datuetan oinarritu da Espainiako Gobernua lan erreformaren «aldeko azterketa» egiteko. Izan ere, Espainian inoizko kontratu kopururik handiena erregistratu da irailean: 1.674.735 kontratu, eta horietatik 200.688, mugagabeak. Emaitza «historikook» txalotu ditu Zapateroren Gobernuak, eta urte honen amaierarako 1,1 milioi kontratu finko izenpetzea espero du.
Hego Euskal Herrian ere iraileko kontratazioa handia izan da. Batez ere Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Guztira, 105.302 kontratu izenpetu ziren, aurreko hilabetean baino 23.598 kontratu gehiago. Araban, kasu, %63 handitu da kontratazioa, eta Bizkaian eta Gipuzkoan %33. Nafarroan, aldiz, %3,75 baino ez. Adierazgarria da, bestetik, batik bat kontratazio mugagabea handitu izana. Guztira 10.065 kontratu mugagabe izenpetu dira Hego Euskal Herrian irailean, eta EAEn kontratazio finkoa %74,2 handitu da.
Hala ere, kontratazioen kopurua handitu arren, izenpetutako hamar kontratutik bederatzik behin-behinekoa izaten jarraitzen du. LABek gogorarazi du, gainera, aldi baterako kontratuen %78,9k hiru hilabete baino ez dutela irauten.
LANGABEZIA, BEHERA. Kontratazioaren gorabeheretatik haratago, langabeziak behera egin zuen iragan hilean Hego Euskal Herrian. Guztira, 96.408 langabek zuten izena emanda irail amaieran Inemeko bulegoetan, abuztuan baino 2.986 gutxiagok. Langabezia tasa %7,11n geratu zen, Europako Batasuneko eta euroaren eremuko batez besteko tasaren azpitik, beraz.