Karabela portugesen hedatzea: bainua debekatu edo erantzukizuna norberaren esku utzi?

Organismo horiek Euskal Herriko hondartzetan agertu direnetik, eztabaida sortu da horien ziztadak saihesteko hartu beharreko neurrien inguruan. BERRIAk inkesta bat egin du herritarrek zer iritzi duten jakiteko.

Miarritzeko hondartza, artxiboko irudi batean. GUILLAUME FAUVEAU.
Miarritzeko hondartza, artxiboko irudi batean. GUILLAUME FAUVEAU.
2024ko uztailaren 23a
12:19
Entzun

Euskal Herriko hondartzetan udako lehen karabela portugesak agertu direnetik, eztabaida sortu da, horien erasotik itzurtzeko hartu beharreko neurrien inguruan. Kostaldeko herrietako udal askok aurkeztu dituzte jada segurtasun protokoloak, marmoka eta karabelen ziztadak kontrolatzeko eta artatzeko. Donostiako Udalak, esaterako, sorosleen ardurapean jarri du ziztaden tratamendua, baita bainua bandera horiarekin mugatzea ere, beharrezkoa denean. Halaber, FCCren itsasontzi bat kontratatu du udalak, badiara sartutako karabela eta marmokak uretatik jasotzeko. Hala ere, bada pentsatzen duenik neurri hauek ez direla aski, eta, testuinguru honetan, eztabaida sortu da, ea bainua guztiz debekatzea irtenbiderik egokiena izan litekeen edo ez.

Gauzak hala, euskal herritarren iritzia ikertu nahi izan du BERRIAk, eta, horretarako, inkesta bat jarri du martxan lau sare sozialetan: Instagramen, Twitterren, Telegramen eta Whatsappen. Bertan, jendea bainua debekatzearen alde dagoen edota, bestela, arriskuaren erantzukizuna nork bere gain hartzearen alde dagoen galdetu du. Bi aukerak nahiko berdinduta daude.

Inkesta erantzun duten erabiltzaileen artean, %52,15ek adierazi dute ez dutela bainua debekatzerik nahi; horren ordez, uste dute norbera arriskatzen uztea dela neurririk egokiena. Inkesta 742 erabiltzailek erantzun dute –ez dute zertan erabiltzaile bakarrak izan–, lau sare sozialetan sakabanatuta. Instagramen, %45 daude bainua debekatzearen alde; %55, berriz, norbera arriskatzearen alde agertu dira. Antzeko datuak batu ditugu Twitterren eta Telegramen —%49 eta %48 debekuaren alde, hurrenez hurren—. Whatsappen, berriz, debekuaren aldeko iritzia atera da garaile, %52,08rekin.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.