Jaurlaritzak atea zabalduko dio sexu abusuen biktimen artarako Barnahus ereduari

Artolazabal sailburuak adierazi du proiektu pilotu gisara ezarriko dutela. Islandian abiatutako lan eredu bat da, arta «osoa» emateko pentsatua

Beatriz Artolazabal argibideak ematen, artxiboko irudi batean. RAUL BOGAJO / FOKU.
arantxa iraola
2021eko urriaren 14a
00:00
Entzun
Sexu abusuak pairatu dituzten adingabeek arta «osoa» jasoko dutela bermatze aldera, Eusko Jaurlaritzak Barnahus ereduan oinarritako proiektu pilotu bat abiatuko du. Atzo goizean jakinarazi zuen berria Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburu Beatriz Artolazabalek, Haurren eta Nerabeen Artarako Batzorde Iraunkorraren bileran. Islandian jarri zuten lehen aldiz martxan lan egiteko eredu hori, eta Europako hainbat tokitan erabiltzen dute egun, baita Ameriketako Estatu Batuetan ere. Martxan jarrita duten herrialdeen artean dago Katalunia. Jaurlaritzak Save The Children erakundearen bidez ezarriko du.

«Hilabete baten buruan egingo dugu aurrerako urratsa», iragarri zuen atzo sailburuak. Ez zuen jakinarazi, hala ere, eredua non eta nola ezartzen hasiko diren. Azaldu zuenez, azaroaren 12an emango dituzte proiektu pilotuari buruzko xehetasun guztiak, eta, ereduaren gaineko azalpenak emate aldera, Euskal Herrian izango da martxan jarri zuen aditua: Bragi Gudbrandsson. 1998an jarri zituen ereduaren oinarriak, Islandiako Gobernuan Haurren Babeserako Agentziako zuzendaria zenean. Haurren etxea esan nahi du barnahus hitzak, eta, funtsean, haien neurrira eta izateko erara egokitutako egitasmoa da.

Bidea samurtzeko

Kezka iturri handia da sexu abusuak pairatzen dituzten haur eta nerabeen salaketek justizia sisteman jasotzen duten tratua, askotan bide oso neketsua egin behar izaten baitute beren kasua kontatzeko, eta, hain justu, prozesu horiek samurtzea bilatzen du Barnahus ereduak.

Bidea erraztuta, salaketek aurrera egitea ere bada lan egiteko era horren jomuga; Save The Children erakundeak emandako datuen arabera, adibidez, Espainiako justizia administrazioaren pean, sexu abusuen ondorioz jartzen diren hamar salaketetatik zazpi ez dira inoiz iristen epaiketara, aski froga ez daudela argudiatuta. Horren atzean, ordea, haurren izateko eta kontatzeko era aintzat hartzen ez dituen lanerako eredu bat dago maiz. Islandian, adibidez, ikusi dute eredua martxan jarri zutenetik lehengoa halako hiru dela auzipetutako erasotzaileen kopurua.

Biktimek propio haientzat atondutako toki bat izatea da lan egiteko ereduaren helburu nagusia, haien neurrira eta erritmoetara moldatutakoa, modua izan dezaten lekukotasuna emateko eta arta jasotzeko polizia etxeetatik eta ospitaleetatik igaro gabe. «Koordinatuta» jarduten dute, halaber, gizarte zerbitzuek, abokatuek, magistratuek eta osasun profesionalek, biktimaren gaineko begirada komun batekin.

Ikerketa «sakon» bat

Lanerako eredu hori Araba, Bizkai eta Gipuzkoako arta sistemara egokitu ahal izateko, hilabete askotan arloko eragileekin bilera ugari egin dituztela nabarmendu zuen atzo Save The Children elkarteko ordezkari Charo Arranzek. Esan zuen «ikerketa sakona» egin dutela modu horretan, eta hori aintzakotzat hartuta hasiko direla orain erabiltzen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.