1996an hasi zen lehen aldiz emakume talde bat Hondarribiko alardean desfilatu nahian, eta, ordutik mende laurdena beteta, eta «elkarrizketaren alde» daudenek «zenbat oztopo» izan dituzten ikusita, Jaizkibel konpainia parekideak «hirugarren pausoa» ematea erabaki du: «Hondarribiko alardeak orain duen formatuan parte hartzeko prest gaude». Halaxe adierazi zuten atzo Jaizkibel konpainiako kideek Hondarribiko udaletxearen (Gipuzkoa) aitzinean egindako agerraldian. Jakinarazi zuten «alarde bakar, parekide eta publikoaren» alde daudela oraindik ere, baina alardeko desfile nagusiko 22.konpainia izateko apustua egin dutela orain. «Hauxe da gure aldarria: 22. konpainia barruan nahi dugu».
Jaizkibeleko kideen erranetan, «alardearen auziari konponbidea bilatzeko beste proposamenei» batzen zaie egin duten hautua, eta Hondarribiko Udalari «irtenbide adostu bat babes dezan» galdegin diote: «Emakundek plazaratu berri duen ikerketaren esanetan, erakundeen eta, beraz, alderdi politikoen babesik gabe, zaila baita konponbidea. Hori irakatsi digute festen parekotasunean aurrerapausoak eman dituzten herriek».
Jaizkibelek badaki koronabirusaren ondorioz aurten ere ez dela alarderik izanen, eta, iaz egin bezala, heldu den urteko alarderako gelditzen den denbora «elkarrizketak bultzatzeko ahaleginean» emanen dutela jakinarazi dute. Bitartean, halaber, «prest» agertu dira «antolatu daitezkeen ekimen guztietan» parte hartzeko, «iaz botoarekin egin genuen bezala».
Hondarribiko herriak «merezi» duen gisan, bestak elkarrekin ospatzeko deia egin dute: «Herri bat, alarde bat, festak guztiok batera ospatu ditzagun, festek hondarribiarron batasuna sendotzeko balio behar dutelako, ez zatiketarako».
Mende laurden borrokan
1996an hainbat emakumek alardean soldadu gisa parte hartzeko lehendabiziko ahalegina egin zutenetik aritu dira hainbat herritar alarde parekidearen aldeko borrokan, eta hasiera haietan kokatu dituzte orain egin nahi duten urratsaren aitzineko lehen bi pausoak. Konpainiako kideen hitzetan, hain zuzen, 1996ko irailaren 8an eman zuten «lehen pauso handia», emakume talde bat alardean desfilatzen saiatu zenean. Ez zieten bidea erraz jarri, ordea, eta hurrengo urtean konpainia batean antolatzea erabaki zuten, hala: «Urrats horrek izan zuen erantzunaren bortitzaren ondorioz, hurrengo urtean, 1997an, Joana Mugarrietakoa elkartean biltzen ziren aitzindari haiek Jaizkibel konpainia sortu zuten, horrek auziaren konponbidea erraztuko zuelakoan».
Atzo proposaturikoa litzateke hirugarren urratsa: alardeak «orain duen formatuaren barruan» Jaizkibel konpainia txertatzea; hau da, konpainia parekide bat, soilik gizonezko soldaduz osatutako bertze 21 konpainiaren artean.
Jaizkibelek nabarmendu duenez, lehen saioak egin zituzteneko hasiera hartatik «hamaika pauso txiki» eman dituzte alardean parekidetasuna lortze aldera: «Erakunde guztietan jo dugu atea, eskatu diegu konponbidea aurkitzeko ezinbesteko diren elkarrizketak antola ditzatela. Eta erakundeak, Jaurlaritza, foru aldundia eta Hondarribiko Udala, ahalegindu dira elkarrizketa horiek antolatzen, arrakastarik gabe, oraingoz». Horren aitzinean «hausnarketa prozesu bat» garatu zuen Jaizkibelek, «bileretan, batzarretan, negoziazio mahaian proposatuko genuen irtenbidea finkatzeko». Proposamena eginik, udalaren teilatuan utzi dute pilota orain.
Jaizkibel, alardeak «orain duen formatuan» sartzeko «prest»
Hondarribiko alardeko 22. konpainia izan nahi du talde parekideak. Udalari eskatu dio «irtenbide adostu bat babes dezala»
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu