Carola Rackete Sea Watch 3 itsasontziko kapitaina Sizilia uharteko Agrigento hirira (Italia) eraman zuen atzo goizean Italiako Mugako Poliziak. Azken bi egunak etxean atxilotuta emanak zituen Racketek, Siziliatik 280 kilometrora dagoen Lampedusa uhartean. Han atxilotu zuten larunbat goizaldean, Libiako kostan jasotako 40 migratzaile zeramatzala itsasontzian. Asmoa zen atzo erabakitzea etxean atxilo jarraituko zuen ala ez. Azkenean, epaileak gaur arte atzeratu du erabakia, eta kapitainak preso eman du bart gaua ere.
Gerraontzi baten kontrako erresistentzia eta hondoratze saiakera egotzi dizkiote: Sea Watch 3 Lampedusako portuan sartu zenean, patruila ontzi batek kaia jo zuen, eta han zeuden lau poliziaren bizitzak arriskuan jarri izana egotzi diote Racketeri. «Pertsona trafikoa» sustatzea ere leporatu diote, migratzaileak erreskatatzen dituzten GKE gobernuz kanpoko erakundeen ontziak Italian ez lehorreratzeko sortu berri diren legeen arabera. Guztira, hamar urterainoko kartzela zigorrari egin diezaioke aurre Racketek.
Harrera beroa egin zioten atzo Agrigenton: jendeak babesa azaldu zion kapitainari guardiek epaitegira zeramaten bitartean. Luigi Patronaggio buru duen fiskaltzak eskatu zuen Rackete galdekatzea.
Dagoeneko, migratzaileen aldeko laguntza humanitarioaren sinbolo bilakatu da Rackete: hamazazpi egun eman zituen nazioarteko uretan ez aurrera ez atzera, itsasontziari 42 migratzailerekin lehorreratzen utziko zion herrialderen baten erantzunaren zain. Bi migratzaile ebakuatu zituzten ostiralean, osasun arazoengatik. Azkenean, Italiaren debekuari jaramon ez egitea erabaki zuen Racketek larunbat goizaldean, eta Lampedusan lehorreratu zuen Sea Watch 3 ontzia.
Une horretan bertan atxilotu zuten Rackete, baina migratzaileei lehorreratzen utzi zieten. Harrera zentro batera eraman zituzten 40ak; handik, Frantziara eramango dituzte. Europako zenbait herrialde migratzaileak hartzeko prest agertu dira: Frantziak hamahiru hartuko ditu; Alemaniak, hamar; Finlandiak, zortzi; eta gainontzekoak Luxenburgok eta Portugalek hartuko dituzte.
Italiak sistematikoki ukatu die GKEen itsasontziei portuetara sartzea, eta Matteo Salvini Barne ministroa bilakatu da debekuaren ikurra. Ospatu egin zuen Racketeren atxiloketa: «Bete da misioa», esan zuen. «Atxilotu dute kapitain arau hauslea. Atzeman dute itsasontzi pirata. Isunik handiena ordaindu beharko du atzerriko GKE horrek». Sea Watch 3 itsasontzia konfiskatu egin dute, eta Sea Watch GKEa 50.000 eurorainoko isuna ordaintzera zigortu dezakete. Isunari aurre egiteko kanpaina bat abiatu dute Interneten, eta milioi bat euro baino gehiago bildu dituzte dagoeneko.
Alemania, estutu nahian
Johannes Bayer Sea Watch GKEko zuzendariak Rackete kapitainari babesa adierazi zion Twitterren: «Gure kapitainaz harro gaude. Beharrezkoa zena egin zuen, itsasoko legean tematu zen, eta pertsona horiek inguru seguru batera eraman zituen». Racketek berak Italiako Corriere della Sera egunkarian eman zituen azalpenak igandean: «Ez zen izan indarkeria ekintza bat, desobedientzia ekintza bat baizik». Itsasontzian zuten «desesperazio» egoera nabarmendu zuen: «Nire helburu bakarra zen kostara ekartzea etsita eta akituta zegoen jende hori; ez nuen inor arriskuan jarri nahi». Migratzaileek beren buruaz beste egingo zuten beldur ere bazen Rackete.
Alemania, Racketeren jatorrizko herrialdea izan da gogorrena Italiak hartutako neurriekin. Martina Fietz Alemaniako Gobernuaren bozeramaile laguntzaileak esan du haren gobernuak uko egiten diola Mediterraneoan migratzaileak erreskatatzen dituzten GKEak «kriminalizatzeari», eta Italiako Gobernuari eskatu dio «lehenbailehen» argitzeko Sea Watch 3-ko kapitainaren aurkako «akusazio zehatzak».
Angela Merkelek kapitainaz galdetu zion Giusepe Conte Italiako lehen ministroari. «Azaldu nion Italian botere exekutiboa bereizita dagoela judizialetik», esan zuen Contek, Bruselan emandako prentsaurreko batean.
Erreskate lanak egiteko debekuaren aurka egingo du 'Aita Mari' ontziak