Iruzurrak, gero eta ohikoagoak hondartzetako txosna eta tabernetan

Kontsumitzaileen Elkarteak ohiko iruzurren adibideak eman ditu, eta azaldu bezeroak zer-nola aurre egin behar dien praktika desegoki horiei.

Jendetza, Herrialde Katalanetako Mabarrosako taberna batean. KAI FORSTERLING / EFE
Jendetza, Herrialde Katalanetako Mabarrosako taberna batean. KAI FORSTERLING / EFE
2024ko uztailaren 23a
11:15
Entzun

Hondartzetako txosna eta tabernetan behin eta berriz egiten diren iruzurren berri eman du Espainiako Kontsumitzaileen Elkarteak (OCU). Erakundeak adierazi du, esaterako, debekatuta dagoela janari edo edarien prezioak garbi ez zehaztea, «merkatuko prezioaren arabera» edo antzeko adierazpenak erabiliz. Legez kanpo dago, halaber, kartan zehaztutako prezioari zergak bukaeran gehitzea, baita bestelako gehigarriak eranstea ere –hots, zerbitzua edo mahai tresnak kobratzea–. Erakundeak jakinarazi du kontsumitzaileen eskubideak urratzen dituztela praktika horiek, eta «erabat onartezinak» direla.

«Merkatuko prezioaren arabera» eta antzekoak erabiltzea ohiko praktika bilakatu da –batez ere, arrainaren, haragiaren eta itsaskien artean–, baina legez kanpo dago. «Prezioa merkatuan etengabe aldatzen zaien produktu horiei dagokienez, karta eguneratzea litzateke Praktikarik egokiena», azaldu du Kepa Loizagak, OCUko eledunak. «Ulertzen dut jatetxeek ez dutela karta egunero inprimatuko; baina, behintzat, abisatu beharko lukete, ahoz bada ere, produktua zer preziotan dagoen egunean bertan». Loizagaren arabera, lehendik adierazi gabeko prezioa kobratuko baligute bukaeran, hori ordaintzeari uko egin diezaioke bezeroak, eta antzeko produktu baten prezioa aplikatzeko eskatu. Kontsumitzaileen eta Bezeroen Defentsarako Lege Orokorrak arautzen ditu iruzur horiek.

«Prezioa, pisuaren arabera» jartzea ere praktika desegokitzat jotzen du legeak, baldin eta kartan ez bada zehazten erreferentziatzat balio duen gutxi gorabeherako pisu bat. Bestalde, legeak arautzen du zerbitzuak nahiz mahai tresnek kartan adierazitako prezioaren barruan egon behar dutela. Kartako prezioek behin betikoak izan behar dute, zergak barne beti. Horrez gain, terrazan edo beste eremu batzuetan kontsumitzeak prezioan eragin dezakeen aldaketak garbi adierazita egon behar du kartan, balio zehatz batekin, eta inoiz ez portzentaje moduan.

Ez dago debekatuta kobratzea, ordea, ogia edo eskatu gabe ateratako aperitiboak, betiere, kartan produktu horien prezioa zehazten bada. Bertan adierazita egon ezean, bezeroak erreklamatzeko eskubidea du. Harago doazenak ere —izotza edo esnea kobratzea kafean, edo terrazan 30 minutu baino gehiago egotea debekatzen dutenak— ez dira legearen kontrakoak, OCUk praktika «zentzugabeak» direla irizten badio ere. Urari dagokionez, kontsumitzaileek iturriko ura doan eska dezaketela jasotzen du Hondakinen, Lurzoru Kutsatuaren eta Ekonomia Zirkularraren Legeak.

Nola aurre egin iruzurrei

Aipatutako praktika desleialen lekuko izanez gero, erreklamazio orria eskatu behar du bezeroak. Hori bete ostean –kalkatutako hiru orriz osatuta dago–, bat lokalak gorde beharko du, beste bat bezeroak, eta azkena Kontsumobiden aurkeztu beharko da. Erakundeak ikerketa bat irekiko du, eta, legez kanpoko praktikarik antzemanez gero, taberna edo jatetxeari isuna jarri beharko dio. «Hori bai, isun administratiboa izanik, bezeroak ez du ordainik jasoko», argitu du Loizagak. «Horrek ez gaitzala atzera bota, inork egiten ez badu, bezeroez aprobetxatzen jarraituko baitute jabeek, eta askok abuztuan sekulako pagotxa edukiko dute gure kontu».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.