Iruñeko Udalak bertan behera utzi du hitzaldi feminista bat

Udalak Paola Damonti hizlariari esan dionez, ez du «egoki» ikusi andreen sexualitateari buruzko hitzaldia. Oposizioak zentsura salatu du

Paola Damonti ikertzailea, artxiboko irudi batean. IDOIA ZABALETA / FOKU.
Maite Asensio Lozano.
2020ko urtarrilaren 23a
00:00
Entzun
Iruñeko Emakumeen Etxeak andreen sexualitatearen inguruan biharko antolatutako hitzaldi bat bertan behera utzi du udalak. Brecha orgásmica: cómo el patriarcado nos persigue hasta la cama izenburua zuen (Orgasmo arrakala: nola jazartzen zaigun patriarkatua oheraino), eta Paola Damonti ikerlari feministak eman behar zuen, baina programatik kendu dute, hizlariari atzo bertan telefonoz azaldu ziotenez: «Erabaki politiko bat izan da, hitzaldia ez dutelako egoki ikusten». Damontiri esan ziotenaren arabera, udaleko Berdintasun Sailak hartu du erabakia; hango arduradunekin harremanetan jarri da kazeta hau, baina adierazpenak egiteari uko egin diote.

Azken egunetan Voxek sare sozialetan hitzaldiaren kontra egindako kritikekin lotu du oposizioak erabakia. EH Bilduk salatu du «azalpen onargarririk gabe eta azpikeriaz» utzi dutela hitzaldia bertan behera, eta atzera egitea galdegin dio Enrique Maia alkateari, «programatuta zegoen bezala egitea, termino berdinetan, izenburu eta eduki berarekin». Udalaren «joera zentsuratzailea» deitoratu du koalizioak: «Ezin da onartu Enrique Maia buru duen eskuineko hirukoa hartzen ari den norabidea: gustuko ez duena debekatzea eta ultraeskuinaren estortsioei amore ematea. Voxek markatuko al du hemendik aurrera Emakumeen Etxearen programazioa?».

PSN ere kritiko agertu da: «Eskuin muturraren gatibu bihurtu da Enrique Maia», adierazi du alderdiak sare sozialetan. «Zentsuratzat» hartu du erabakia, eta zuzentzeko eskatu dio udalari. Antzera mintzatu da Ahal Dugu; Espainiako erkidego batzuetako eskoletan eskuinak sexu heziketari ezarri nahi dion «guraso betoa» ekarri du gogora Ainhoa Aznarez parlamentariak: «Navarra Sumak betoa aplikatu nahi die Iruñeko herritar guztiei, eta erabaki zer eduki ezagutu behar dugun eta zer ez».

Webgunetik kenduta

Damontik BERRIAri esplikatu dionez, orain hilabete batzuk hitzartu zuen hitzaldia udalarekin, eta normal-normal egin dute haren zabalkundea, bai Emakumeen Etxearen programan —atzo goizera arte egon zen eskegita webgunean, baina gero kendu egin zuten—, bai sare sozialen eta kartelen bidez. Egilearen ustez, izenburuak eragin du gatazka: «Goiburuak deigarriak izan behar dira, eta ez dakit zer arazo dagoen izenburu batean orgasmo hitza agertzearekin. Gizarte honetan pornografia dago leku guztietan, emakumeak objektu gisa tratatzen dira, baina ez da egoki jotzen sexualitateaz hitz egitea ezagutzatik eta genero ikuspegitik».

Gogora ekartzekoa da Nafarroako Gobernuaren Skolae hezkidetza programa ere auzitegietan dagoela, eskola erlijioso bateko gurasoek eginiko salaketa bat onartuta. Joera arriskutsua dela uste du Damontik: «Ez da egokitzat jotzen eskoletan sexu heziketa jorratzea, eta orain helduekin ere ezin da sexuaz hitz egin?». Halere, trebakuntza lan horrekin jarraitzeko asmoa agertu du: «Lekuren bat bilatuko dut hitzaldia emateko, doan».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.