Koronabirusaren intzidentziak gorantz jarraitzen du Hego Euskal Herrian. Gotzone Sagardui Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuak adierazi duenez, Euskal Autonomia Erkidegoan 247,17raino igo da intzidentzia tasa metatua, eta, Nafarroako Gobernuak emandako azken datuen arabera, azken 24 orduetan 274 kasu positibo atzeman dituzte.
Ikusi gehiago:koronabirusaren azken datuak Euskal Herrian
Sagarduik adierazi duenez, EAEko gaurko datuak atzokoen «oso antzekoak» dira, eta koronabirusaren «goranzko joerari» eusten diote. Hala ere, azken orduetan apaldu egin da kasu positiboen kopurua: 691 ziren, eta 639 dira orain.
Osasun sailburuaren arabera, ospitaleko okupazioa ere «kaltetuta» dago, eta, oraingoz asistentzia egoera «jasangarria» den arren, «kutsatzeen gorakada eta COVIDaren eragina ez da konpontzen ari». Horregatik, prebentzio neurriak betetzearen «garrantzia» nabarmendu du, eta «zuhurtziaz» jokatzeko eskatu.
Hezkuntzan ere badu eragina intzidentziaren igoerak: Hezkuntza Sailak jakinarazi duenez, guztira 87 ikasgela daude itxita 53 ikastetxetan; Euskal Hezkuntza Sistemako ikasgela guztien %0,50.
Ikusi gehiago: udalerrien intzidentziaren mapa
Nafarroan, kasu positiboak gero eta gehiago dira: foru gobernuak emandako datuen arabera, egin dituzten 3.350 probetatik 274 positibo atzeman dituzte. Horrez gain, azken orduetan bi hildako eta bost ospitaleratze izan dira COVID-19aren ondorioz. Horrela, 49 pertsona daude ospitaleratuta, horietatik zazpi zainketa intentsiboetako unitatean.