Gipuzkoako zahar etxeetako langileek urtebete luze daramate lan itunaren aldeko mobilizazioetan. Aurreko ikasturtean, 88 greba egun egin zituzten ELAk deituta; hogei inguru LABen eskutik. Iragarri zuten ikasturte hasieran berriz ekingo ziotela borrokari, eta hasi dira mugitzen: ELA sindikatuak hilabete bateko grebarako deia egin zuen hilabete hasieran: gaurtik hasi, eta urriaren 18 bitartean luzatuko da. Ituna adosteko oinarri egokirik ezean greba egun gehiago ere izan daitezkeela jakinarazi dute: "Ez dugu alde batera uzten". Gipuzkoako Foru aldundiak auzi honetan duen jarrera etengabe salatu dute langileek; herrialdean eskaintzen diren lekuen %90 itunpekoak direla diote, eta, ondorioz, instituzioak baduela ardura alorreko langileen egoeraren inguruan. ELAk kezka hori berriz adierazi zuen iraileko lehen artean, eta, gainera, zabaldu zuten asmo ilunak daudela diputazioaren portaeraren atzean. ''Propaganda instituzionala egiteaz harago, aldundiak negozioa egin nahi du gure aitona-amonekin'', deitoratu zuten grebarako deia eginez plazaratu zuten oharrean: ''Foru aldundiak prekaritatearen aldeko hautua egin du. Gizon eta andreen arteko soldata arrakala eta genero desberdintasuna erabili ditu negozio tresna gisa eta euren mesedeetara dauden enpresarien alde".
Gatazkaz jardutean, beti nabarmendu izan dute generoaren auzia; izan ere, 5.000 langile inguru ari dira sektorean, eta ia denak emakumezkoak dira. Behin baino gehiagotan nabarmendu dute langileen baldintzak kaskarragoak direla alor honetan, gizonak nagusi diren sektoreekin alderatzen badira. Adibide zehatzen bidez esplikatu zuten hori. Hain zuzen ere, erakunde publikoentzat azpikontratatuta diharduten beste enpresa batzuetako lan baldintzak aztertu zituzten. Batez ere gizonezkoak kontratatzen dituzten enpresetakoak hautatu zituzten —esaterako, kaleak garbitzeko zerbitzuak ematen dituztenak—, eta egoera desorekatu horren emaitzak azaleratu zituzten: gizonek %30 gehiago irabazten dute. Gogora ekarri zuten Gipuzkoako Diputazioak gizon eta emakumeen arteko berdintasuna lortze aldera plazaratu zituen helburuetan sakontzeko asmoz ''adorez eta ausardiaz'' egin behar zaiela aurre emakumeen etorkizuna baldintzatzen duten arrakalei, eta euren ustea plazaratu zuten lan gatazka honetan agintariek aukera aski egokia dutela horren aldeko urratsak egiteko.
ELA sindikatuak du langileen ordezkaritzarik zabalena: %60. Apalagoa da LABena: %20. Patronalak eta sindikatuek ez dute aurrerapausorik eman negoziazio mahaian elkartzen hasi zirenetik, eta badira bi urte baino gehiago. Herren dago, gainera, mahai hori; izan ere, ELA alde eginda dago, iritzita ez direla betetzen bertan jarduteko ''gutxieneko'' hainbat baldintza. Sindikatuak eginak ditu, hala ere, akordiorako hainbat urrats mahaitik kanpo: zuzenean patronalekin solastatuta. Lehengo martxoan, hain justu, sindikatuak adierazi zuen akordiorako oinarri bat erdietsi zuela enpresekin, eta horren ''frogak'' erakutsi zituen. Salatu zuen, baina, aldundiak eragotzi zuela itun hori gauzatu ahal izatea, eta «gezurretan» jardun zuela lortutakoaren inguruan. Jarrera aldaketa eskatu zuen azkeneko agerraldian: ''Izan ere, ez da lan gatazka hutsa, gure borroka zerbitzuaren kalitatea eta aitona-amonen bizi baldintzen hobekuntzaren aldekoa da''.
Bihar bilduko da berriro negoziazio mahaia, eta LABek batzar horren ostean erabakiko du zer pauso eman.