Haselen aldeko protestak

Hasel askatzeko protesten ostean manifestari bat atxilotu du Ertzaintzak Bilbon

Pablo Hasel rap kantaria aske uztea eskatzeko mobilizazio ugari egin dituzte asteburuan, eta istiluak ere izan dira manifestarien eta polizien artean. Igandean, Bilbon manifestari bat atxilotu du Ertzaintzak, eta larunbat gauean, Iruñean, beste bi Espainiako Poliziak.

Espainiako Polizia manifestarien atzetik, atzo, Iruñeko Alde Zaharrean. HAMAIKA TB
2021eko otsailaren 21a
08:59
Entzun

Pablo Hasel rap kantaria askatzeko manifestazio bat egin dute igande eguerdi honetan Bilbon, Bilboko kolektibo eta talde ugarik bat eginda eta Bilbo Antifaxista plataformak antolatuta. 2.000 lagun inguru elkartu dira, udaltzainen arabera. Plaza Eliptikoan bukatu da protesta, eta antolatzaileek agiri bat irakurri dute, Haselen kartzelatzea salatzeko eta Espainiako estatu faxistak» herritarrak isilarazi nahi dituela ohartarazteko.

Ekitaldia bukatu denean, istiluak hasi dira. Espainiako Gobernuaren ordezkaritzaren eraikinaren aurrean jarrita zeuden ertzainak. Manifestariei oldartu zaizkie, eta Kale Nagusian 41 urteko gizonezko bat atxilotu dute, istiluak sortzea leporatuta. Kontainerrak bidera bota eta erre ere egin dituzte. Istiluak Bilboko Alde Zaharrean jarraitu du, 15:00 inguru arte.

Deia egunkariak, berriz, jakinarazi du argazkilari bati eraso egin diotela istiluen berri ematen ari zenean. Muturreko bat eman dio burua estalia zuen pertsona batek.

Larunbat gauean, berriz, Iruñean egin zuten Haselen kartzelatzea salatzeko protesta, Iruñerriko GKS Gazte Koordinakunde Sozialistak deituta. Protestaren amaieran hasi ziren istiluak. Espainiako Poliziak gaur jakinarazi duenez, bi lagun atxilotu zituzten, eta hiru agentek zauri leunak dituzte. 

Iluntzean, Recoletas plazatik abiatu zen ia mila lagun bildu zituen manifestazioa, eta Sarasate pasealekuan bukatu zen. Manifestazioan, adierazpen askatasunaren aldeko eta polizia indarren aurkako aldarriak egin zituzten. Amaieran gertatu ziren istiluak. Arratsaldetik zen handia Espainiako Poliziaren presentzia Iruñeko alde zaharrean, eta, azkenean, manifestariei oldartu zitzaizkien poliziak. Manifestariek kontainer batzuk erre zituzten, eta poliziei harriak ere bota zizkieten.

Iruñerriko GKSk gaur goizean argitaratu du gertatutakoari buruz egin duten interpretazioa. Salatu dutenez, atzo, Poliziaren presentzia arratsaldetik izan zen «itogarria», eta agenteek hasieratik jarrera oldarkorra eta probokatzailea izan zuten, «ondoren gertatuko zenarentzat testuingurua prestatuz».

Aldi berean, parada baliatu dute Pablo Hasel aske uztearen aldeko protestak «detonatzaile modura» ikusten dituztela azaltzeko: «Ulertzen dugu mobilizazioak oinarrizko askatasunen urraketaren eta hondamendi ekonomiko zein sanitarioak eragindako ezinegonaren ondorio direla». Azkenik, «masa komunikabideen desitxuraketa eta kriminalizazioa» salatu dituzte, eta askatasun politikoen alde lanean jarraituko dutela hitzeman dute.

Iruñean ez ezik, GKSk elkarretaratzeak antolatu zituen Lezaman, Basaurin, Lekeition, Ondarroan (Bizkaia), Lizarran, Altsasun (Nafarroa), Laudion (Araba), Tolosan, Hernanin eta Zumaian (Gipuzkoa).

Istiluak Gernika-Lumon ere

Bestalde, Gernika-Lumoko Gazte Asanbladak eta Busturialdeko GKSk salatu dutenez, larunbatean istiluak izan ziren Gernika-Lumon (Bizkaia) ere. Tabernak itxi ostean, Gernikako auditoriumean zeuden gazteen aurka oldartu zen Ertzaintza —han ez zen Haselen aldeko manifestaziorik izan—, eta, BERRIAk jakin ahal izan duenez, hainbat lagun zauritu zituzten: haietako bati tinpanoa hautsi diote, eta beste batek hankan bost puntuko zauria du.

Horretaz gain, ospitalera jo behar izan zuten gazteei ertzainek bertan itxaron zietela ere gaitzetsi dute. Gertatutakoa salatzeko, bi gazte asanbladek eta GKSk elkarretaratzea egin dute, 19:00etan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.