Anjel Padierna. Psikiatra

«Gorriak ikusiko genituzke mendeko senideak zaintzen dituztenek grebara joz gero»

Donostia
2011ko abuztuaren 30a
00:00
Entzun
Anjel Padierna psikiatrak badaki zer den gaixotasun baten ondorioz mendekotasuna dutenak zaintzea. Badaki, Galdakaoko (Bizkaia) ospitalean buru-belarri dabilelako alor honetan, eta bere aitak Parkinsonen gaixotasuna pairatu zuelako; urteetan izan zen haren zaintzaile. Bere esperientzia profesionala eta pertsonala kontatu ditu EHUko Udako ikastaroetan eman duen hitzaldian.

Estereotipoa nolabait apurtuz, argitu duzu gaixotasun baten ondorioz mendekotasuna dutenak ez direla beti adinekoak.

Egia da gaur egun mendekotzat ditugun gehienak adinekoak direla, baina badira egoera horretan dauden gazte asko: batik bat, buruko gaitzak dituztenak. Baina anorexia kronikoa edo adimen urritasuna dutenak ere hortxe daude... Nago azken horiek eta beren familiak dexente mugitu direla, eta horri esker lortu dutela egun duten egoera. Edonola ere, argi dago gizartea demografikoki zahartzen ari den honetan gero eta kezkagarriagoa dela adinekoen zaintza.

Mendekotasuna dutenen zaintzaileei dagokienez, berriz, haiei buruz edonork izan lezakeen irudia egiaztatu duzu: emakumeak izaten direla zaintzaile.

Gainera, emakume helduak eta adinekoak izaten dira. Seme-alaben laguntzaz ala gabe, bikotekideak zaintzen dituzten emakumeez ari naiz.Bizi-itxaropen handiagoa dute, eta beren senarrak baino luzeago bizi dira; hortaz, aukera gehiago dute zaintzaile izateko. Aurkako egoera ere ematen da, gizonezkoak andrea zaintzen duelarik. Kasu horietan, ordea, goizago jotzen da kanpoko laguntzaren bila.

Lanbidean 25 urte daramatzazu. Izan al da eboluziorik tarte horretan? Aldatu al da gizonezkoen inplikazioa?

Nik uste baietz. Edonola ere, sostengurako taldeetara jotzen dutenen artean hamarretik bat izaten da gizonezkoa. Zer erakusten du horrek? Emakumeei ezartzen zaiela mendeko diren senideen zaintza, oraindik ere.

Jokabideari lotutako sintomak gutxiago hartzen dira kontuan. Alegia, Parkinsonen gaixotasuna duen pertsona zaintzean, dardaran pentsatzen da, eta ez haserrealdietan.

Eta botikek ez diote behar horri erantzuten, botikek lasaitu baino ez baitute egiten. Neurri gabe baliatzen dira, eta gaixotasunak okerrera egiten lagun dezakete. Alternatiba gisa hartu behar dira, eta ez zuzenean haietara jo. Esan duzunaren harira, oroimen galera baino gehiago, jokabide aldaketak izaten dira zaintzaileak zinez nekarazten dituztenak. Alzheimerra sendatu ezin dutenez, sintomak ere ezin dituztela tratatu pentsatzen dute, eta horrek etsiarazten ditu gehien. Oker daude, zenbait kontutan benetako aldaketa eragin baitezakete.

Toast jarrera proposatzen diezu zuk zaintzaileei.

Asmakizuna da hori, bost duroko hitza. Batik bat, zaintzaileak lasaitasunari eutsi behar diola adierazten du. Era berean, ezin du pentsatu dena dakiela gaixotasunaz. Erne egon behar du, balizko sintomak behatuz, eta datorrena datorrela, aldaketak onartuz.

Izurdeez eta San Bernardo txakurrez aritu zara hitzaldian.

Animalien irudiak behatu ditugu, bai. Kanguruen babes neurri gabearen eta errinozeroen kritika eta erasoen arteko orekan, so egin diogu izurdeen irudiari: gure alboan igeri egiten duen animalia bat da, tarteka sostengua emanez, eta tarteka itsasertzerantz bultzadatxoa. San Bernardo txakurra ere hartu dugu eredu: behar duzunean, beti hor dago, eta sentikorra da, lasaia. Ezer jakin nahi ez duen ostrukaren eta narritagarria den marmokaren artean legoke hori.

Jokabide komunitarioaz aritu zara, gaixotasuna duen pertsona baztertu beharrean, gizarteratzeaz. Baina zalantzan jarri duzu gizarteak benetan hartarako gogoa duenik.

Muturretara jo izan da kontu honetan. Komunitatea ala egoitzaren bat: hala planteatu izan da maiz. Oro har, zaintza komunitarioa hobetsi egiten da, gizartearentzat merkeena delako, besteak beste. Baina lehen profesionalok egiten genuen lana orain senideei uzten diegu, eta, gainera, ardura hori hartzerik ez dutenean, ez diegu egoitzaren edo kontratupeko zaintzailearen gastuari aurre egiteko babes ekonomikorik ematen. Gaixoa zaintzen duen senideari 400 euroko diru laguntza ematen zaio, baina senide horrek zaintzaile izaterik ez badu, 2.000 euroko gastua da zainketa. Gorriak ikusiko genituzke mendeko senideak zaintzen dituztenek grebara joz gero. Badute, bada, motiborik. Komunitateak gehiago inplikatu beharko lukeela uste dut, eta senideei benetako babesa eman.

Batik bat, zaintzailearen oztopoez eta erronkez aritu gara, baina zaintzak izango du ezer atseginik, ezta?

Zalantzarik gabe. Zaintzaileak ez dira masokistak, eta senidea zaintzen badute, zentzurik ikusten diotelako zaintzen dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.