Espetxeratu egin dute Iruñean beste bat hil zuen gizona

Errenterian eta Tuteran bi gizon atxilotu dituzte, beste gizon bat sastakatzeagatik bata eta bihurkin batekin erasotzeagatik bestea.

Nafarroako Foruzaingoaren Tuterako egoitza. VILLAR LOPEZ / EFE
Nafarroako Foruzaingoaren Tuterako egoitza. VILLAR LOPEZ / EFE
2024ko uztailaren 3a
14:30
Entzun

Iruñeko Guardia Epaitegiak agindua eman du atzo Iruñean beste pertsona bat hil zuen gizona espetxeratzeko. Dolozko giza hilketa egitea leporatu dio 64 urteko gizonari. Giza hilketa Donibane auzoko Irantzu monasterioaren kalean gertatu zen, atzo 0:25ean.

Auzoan zebiltzan bi polizia haren etxean sartu ziren, eta ustezko hiltzaileak onartu egin zuen berak hil zuela beste gizona. Hil berria etxeko beste gela batean zegoen, sabelean zauri sakon bat zuela. Osasun langileek denbora gutxian berretsi zuten 71 urteko gizonaren heriotza.

Ustezko hiltzailea etxean atxilotu zuten, eta, Udaltzaingoak ikerketa egin ondoren, Guardia Epaitegiak espetxeratzeko agindua eman du. Gizonak polizia aurrekariak ditu.

Erasoak Errenterian eta Tuteran

Ertzaintzak gizon bat atxilotu du Errenterian (Gipuzkoa), beste gizon bat sastakatzea egotzita. Erasoa atzo gertatu zen, Donostia kalean, arratsaldeko bostak baino lehentxeago. Aurretik istilu bat izan zuten, eta atxilotuak labana batekin zauritu zuen beste gizona.

Biktimak zauri odoltsu bat zuen aldakan, eta ertzainek osasun zerbitzuei dei egin zieten. Zauriaren larritasuna zela eta, Donostia ospitalera eraman zuten biktima, anbulantzian. Atxilotua aurretik ezagutzen zuen. Ustezko erasotzailea liskarraren lekutik gertu atxilotu zuten, eta ertzainek aurkitu egin zuten erasoan erabilitako labana. 30 urteko gizon bat da, polizia aurrekariak ditu, eta epailearen esku jarri dute gaur.

Horrez gain, Tuteran (Nafarroa) 31 urteko gizon bat atxilotu dute, beste bati bihurkin batekin eraso egitea leporatuta. Erasoa hiriko taberna batean gertatu zen, atzo, bi bezero liskartu ondoren. Batek bihurkin bat hartu zuen, eta biktimari zauri txikiak egin zizkion aurpegian.

Atxilotua Foruzaingoaren Tuterako polizia etxera eraman zuten, lesio delitua egitea egotzita. Zauritua, berriz, Tuterako Sofia Erregina ospitalera eraman zuten, eta zauriak sendatu zizkioten. Biktimak adierazi du atxilotua salatu nahi duela.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.