Islandiako milaka herritarren datu genetikoak aztertzen ditu deCode konpainiak, eta, lehengai horrekin, urteak daramatza genetikaren arlorako ekarpen hotsandikoak egiten. Science aldizkarian atzo eman zuten azken emaitzaren berri: giza genomaren "bereizmen osoko" lehen mapa aurkeztu dute. Genomaren sekuentziari argazki bat egin diote ikerketa berri honetan. Saiatu dira, bereziki, gizaki bakoitzak aparteko ezaugarri berezituak izatea dakarten bi aldagai aztertzen: de novo mutazioak eta birkonbinazioak.
Aldagai bi horiek ezinbestekoak izan dira giza eboluzioaren kate luzean. Birkonbinazioa giltzarri da obuluen eta espermatozoideen sorkuntzan; hari genetiko bat eten eta beste berri bat abiatzeko prozesu ezinbestekoa da. De novo mutazioek, berriz, giza genometan aldaketa txiki batzuk eragin ohi dituzte, gurasoengatik jaso ohi ez direnak: apartekoa egiten dute ume berria, haiez bestelakoa. Baina mutazio horiexek hainbat gaixotasun arraroren sorburua ere izaten dira, eta, horregatik, aski garrantzitsua da aurkikuntza. Kari Stenfansson genetista da konpainiako buruzagietako bat. Mapari begira, lehendik lauso ziren kontu asko argitu daitezkeela nabarmendu du. "Esaterako, erakutsi dugu de novo mutazioak gertatzeko probabilitatea 50 bider handiagoa dela birkonbinazio lekuetan, genomako beste edozein eremutan baino".
deCode konpainiako arduradunen arabera, aurkikuntza honi esker argiago jakin ahal izango da zer aldagaik eragiten duten giza aniztasuna. Ikerketa osoa Science aldizkarian dago argitaratuta. Mapa egiteko, Islandiako 150.000 herritarren genomen sekuentziak aztertu dituzte zientzialariek.