Asteazkenean, San Sebastian eguneko iluntzean, istiluak izan ziren Donostiako Parte Zaharrean: Ertzaintzak lau pertsona atxilotu zituen, eta zortzi ertzain eta beste bi herritar zauritu ziren; horietako bat erietxeratu egin zuten, matrailezurra hautsita. Auzo berean,joan den asteburuan ere izan ziren liskarrak Poliziaren eta hainbat herritarren artean. Horiek horrela, ehunka pertsona elkartu ziren atzo eguerdian Donostian, Parte Zaharreko Gazte Asanbladak deituta, «gazteen kriminalizazioa» arbuiatu eta Ertzaintzak azken egunetan auzo horretan izandako jokabidea salatzeko.
33 eragilek babestu zuten protesta. Errepresiorik ez; gazteen aurkako kriminalizazioa gelditu lelopean, mobilizazioa Bulebarretik abiatu zen eguerdian, hiru ilaratan, eta Trinitate plazan amaitu. Plazara sartu ezinik geratu ziren manifestaziora joandako herritar ugari. Besteak beste, «Alde Zaharra bizirik», «euskal gazteria aurrera» eta «gazteak gara, ez terroristak» oihukatu zuten bidean.
Martxaren amaieran, azaldu zuten egoera «jasanezina» bihurtu dela, uste baitute Polizia, «osasun neurriak babestera bainoago, auzotarrak jipoitzera» joan zirela.
Eguerdiko manifestazioan istilurik izan ez bazen ere, iluntzean herritarrek sare sozialetan salatu zuten Ertzaintza berriz sartu zela Parte Zaharrera, eta han zeudenen aurka egin zuela.
Gazteen «kriminalizazioa» arbuiatu dute ehunka herritarrek Donostian
Parte Zaharreko Gazte Asanbladak deituta, ehunka pertsona elkartu dira Ertzaintzak azken egunetan izandako jokabidea salatzeko
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu