Fermin Vila Mitxelena euskal presoren kontra bosgarren aldiz eskatu du Espainiako Auzitegi Nazionalak euroagindua, eta hilaren 30ean aztertuko du Belfasteko Epaitegiak. Datorren astelehenean beste auzi saio bat izango du Vilak.
Lehengo astean epaitu zuten Belfasten, ETArekin zerikusia duelakoan. 2010eko ekainaren 24an atxilotu zuten han, eta geroztik Ipar Irlandako Lisburn herriko Maghaberri espetxean daukate. Iazko urrian izan zuen lehen euroagindu epaiketa, baina epaileak ez zuen onartu.
Vilaren abokatuek diote presoa "bere iritzi politikoengatik" atzeman zutela. Defentsak azaroan esan zuen Auzitegi Nazionalaren estradizio eskaera torturen bitartez ateratako aitorpenetan oinarritzen dela, eta estradizio eskaerak auzipetuaren giza eskubideak bortxatzen dituela. Aurreko astean ere Didier Rouget eta Bill Bowring abokatuek Espainiako Estatuaren eskubide urraketei buruz hitz egin zuten; inkomunikazioa, tortura eta sakabanaketa aipatu zituzten.