«Ezkertiarren ahotsak batzeko», Publikoa bilgunea abiatu du PSE-EEk

Patxi Lopezek pertsona aurrerakoientzako eztabaida gune bat azaldu du, hauteskunde kutsuko ekitaldi batean

Aitziber Laskibar Lizarribar.
Bilbo
2012ko apirilaren 3a
00:00
Entzun
«Euskadin pertsona ezkertiar eta progresista asko dago. Ahots horiek guztiek beren bakardadetik atera nahi ditugu, gizartean behar duten isla izan dezaten». Hitz horiekin aurkeztu du Publikoa bilgunea Patxi Lopez PSE-EEren idazkari nagusi eta Eusko Jaurlaritzako lehendakariak. «Benetako helburua gune libre eta plural bat sortzea da, nahi duenak bere iritzia eman ahal izateko». PSE-EEk abiatu du programa, «indarrak batzea beti garrantzitsua den arren ezkerreko ahotsak elkartzea gaur ezinbestekoa» dela argudiatuta.

Ezkerreko balioez mintzatu da Lopez, Bilboko Campos antzokian 300 bat gonbidaturekin egindako ekitaldian. Alderdikideez gain, gizarte eragileetako ordezkariak gonbidatu ditu: CCOO eta UGT sindikatuetakoak, enpresariak, hezkuntza alorrekoak eta kultura mundukoak, besteak beste. Hark hitza hartu aurretik, alor horietako zazpi ordezkarik hitz egin dute.

Eztabaidarako foroa aurkeztea zen, deialdiaren arabera, programaren helburua. Baina, egiazki, hauteskunde itxura hartu du. Iritziak jaso, eztabaida sustatu eta herritarren parte hartzea bultzatzearen garrantziaz aritu da Lopez; ezkerreko pertsonak, aurrerakoiak batu beharraz. Horretarako sortu ei du PSE-EEk Publikoa. Baina zehaztapen gehiagorik ez da entzun aurkezpenean. Lehendakariak adierazi duteknologia berriek parte hartzerako aukerak zabaltzen dituztela baina gune fisikoetan elkartzea ere garrantzitsua dela. Ez du esan, ordea, zein izango den aurkeztu duen programaren funtzionamendu zehatza, nolakotasuna.

«Euskadiko ezker pluralari alternatiba bat emateko ahalegin bat da Publikoa», esan du lehendakarigaiak, hauteskunde kanpainetan alderdiek gero eta sarriago erabili ohi duten plato itxurako agertoki batean. Jokoan dagoena «gehiengo parlamentarioak edo gobernu aldaketa baino gehiago» dela ohartarazi du. Adierazi du eskuina ezartzen ari den neurriekin «ondorengoek izango duten gizarte ereduaren zutoiak» jartzen ari direla, eta, horri ezkerretik aurre egiteko, Publikoan parte hartzeko deia egin du.

Sortu, «legeztatzear»

PSE-EEren bozeramailea, Jose Antonio Pastor, Sorturi buruz mintzatu zen goizean, Radio Euskadi irratian. Alderdiari buruzko erabakia iristear dela adierazi, eta legeztatu egingo duten ustea eta nahia azaldu zuen. «Badirudi Auzitegi Konstituzionalaren erabakia iristear dela», esan zuen. Auzitegiak epaia «datozen asteetan» eman eta alderdia legeztatu egingo duen ustea plazaratu zuen.

PSE-EEren iritziz, «egokia eta komenigarria» da Sorturi buruzko epaia lehenbailehen ematea eta erabakia legeztatzearen aldekoa izatea. «Kalean jadanik errealitatea dena legeztatzea litzateke», argudiatu zuen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.