Alaine Arruti, Zaintel zerbitzuko psikologo eta arduraduna: «Familiaren gainean jausi ohi da senideen zaintza»

Mendekotasunen bat dutenen zaintza emakumeen esku egoten da askotan, eta Arrutik azpimarratu du zaintzan ari direnek laguntza psikologikoa behar dutela. Laguntza hori «tabu» ez izatea nahi du.

Alaine Arruti. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
Alaine Arruti. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
2024ko uztailaren 26a
05:00
Entzun

Alaine Arruti (Gernika-Lumo, Bizkaia, 1983) Zaintel zerbitzuko psikologoa eta arduraduna da. Zerbitzu telefoniko horrek informazioa eta doako laguntza psikologikoa eskaintzen die mendekotasunen bat dutenen senide zaintzaileei. 2022ko uztailean sortu zuen Eusko Jaurlaritzak, eta bi psikologo daude telefonoaren atzean. Lehen Jakiten zerbitzua zegoen, Zaintelen helburu bera zuena.

Mendekotasunen bat duten familiartekoak zaintzen ari dira pertsona asko. Behar dute zaintza horiek ere? 

Uste dugu askoz laguntza handiagoa eman behar zaiela. Gaur egun, zaintza egoerak orokorrean familiaren gainean jausten dira, eta hor emakumearen figura topatzen dugu. Abiapuntuak izan behar du familian pisu hori arintzea, gizarte moduan eta baliabideen bitartez. Zaintzaileak askotan psikologikoki, fisikoki, oso kaltetuta egoten dira, daramaten karga guztiagatik.

Zein da zerbitzuaren erabiltzailearen soslaia?

Soslaia gutxi aldatzen da: deitzen duten gehienak emakumeak dira. Lehen seihilekoko datuen arabera, 58 urteko emakume bizkaitarra da, menpekotasun egoeran dagoen ama zaintzen duena, eta zaintzarako laguntza edo baliabide gutxi dituena.

Aurtengo lehen urte erdian %40 ugaritu dira kontsultak iazkoarekin alderatuta. Zergatik?

Publizitatearen bitartez jende asko gure zerbitzua ezagutzen hasi dela uste dugu. Gainera, ahoz ahoko sare hori mugitzen hasi dela konturatu gara, zerbitzua oraindik nahiko berria baita.

Jendeak laguntza eskatzeko lotsa galdu al du?

Gaur egun, zaintzari buruz gehiago hitz egiten hasi gara gizartean. Etxean egiten den lan bat denez, eta askotan bakardadean, egoera kontatzea kostatu egiten da. Gu psikologoak gara, eta kontu handiz artatzen ditugu beren sentimenDuak hitzez adierazteko: harrera hori nola egin, konfiantzazko erritmoa sortu, epairik ez egin, kritikak ez egin, erritmo hori errespetatu…

Laguntza psikologikoko kontsultak nabarmen ugaritu dira. Zergatik? 

Askotan, deitzen duen pertsonak ondoez psikologikoa duela ikusten dugu: urduritasuna, tristura, gainkarga… Hori ikusten badugu, segimendu bat egiteko aukera eskaintzen diegu. Errealitate bat da beharrizan hori dagoela, eta uste dugu zerbitzuaren kontsulta kurba hori handitu den heinean laguntza psikologiko hori ere handitu egin dela.

Osasun mentala gehiago ikusarazi da azken boladan. Horrek azaltzen du orain kontsulta psikologiko gehiago egotea? 

Arrazoietako bat izan daiteke. Egia da gizarte moduan ohitzen ari garela psikologoarengana joatera, osasun mentalari buruz hitz egitera eta horren garrantzia ikustera. Psikologoarengana joatea ez dugu tabu bat edo estigma bat bezala ikusi behar, gure osasun mentalarentzat onuragarria den zerbait bezala baizik.

«Etxean eta bakarrik egiten den lana denez, egoera azaltzea asko kostatzen da»

Nolakoak dira ondoez psikologiko larrien jarraipen prozesuak? 

Larriagoak izan daitezkeen soslaiak ikusten ditugu, eta laguntza psikologikoa eskaintzen da: pertsona bat baino gehiago zaintzen dituzten familiartekoak, oso helduak diren zaintzaileak, baliabide gutxi dituztenak… Hasteko, pertsonaren egoera psikologikoa eta zaintza egoera ezagutzen ditugu, eta psikologikoki landu behar diren gaiak lantzen dira. Ez dugu saio kopuru jakin bat izaten, pertsonaren beharrizanen arabera joaten gara.

Zeintzuk izan ohi dira gehien errepikatzen diren arazoak? 

Zaintzak egoera asko aldatzen ditu zaintzailearen bizitzan: familian, lan arloan, sozialki… Norbere burua zaintzearen garrantzia asko lantzen dugu, eta egin behar diren aldaketak, zailtasunak eta laguntza beharra lantzen dugu. Errua ere askotan agertzen da; egoeragatik, euren burua zaintzen hasteagatik…

Informazioa eta orientazioa ere eskaintzen duzue. Zer galdera dira ohikoenak?

Beharrizan desberdinak egoten dira, eta orokorrean oso indibidualak izaten dira. Baliabide eta laguntzei buruzko informazioa galdetu ohi digute. Laguntzen inguruan ezjakintasun handia dagoela konturatu gara, eta zaintzaile asko oso galduta egoten dira.

Ondorio ekonomikoak badira erabiltzaileen kezka nagusietako bat?

Ez da izaten duten kezka nagusia; gehiago aipatzen dute egoerak psikologikoki, fisikoki eta osasunean nola eragiten dien. Baina zaintzaile moduan eragina du ekonomikoki, lan arloaren barruan murrizketak egin behar direlako, edo batzuetan lan utzialdia hartu behar dutelako.

Bestelako kontsultetan zer galdetu ohi dute?

Beste ataletan agertzen ez diren galderak. Adibidez, zaindu duten pertsona hiltzen bada, dolu horretan ere laguntza eskaintzen dugu.

Mendekotasun egoera gradutan banatzen da. Zer esan nahi du gradu bakoitzak? 

Hirugarren gradua menpekotasun oso nabarmena duten pertsonek daukate, eta lehenengo gradukoek txikiagoa daukate.  Hala ere, ez dira alderdi estatikoak; artatzen dugun pertsonaren egoera psikologikoa ere kontuan hartzen dugu. Adibidez, hasierako zaintzako prozesu batean, pertsona batek psikologikoki beharrizan asko izan ditzake.

«Zaintzak egoera asko aldatzen ditu zaintzailearen bizitzan: familian, lan arloan eta sozialki»

Urteko zer denboralditan jasotzen duzue dei gehien? Zergatik? 

Publizitate kanpainaren bat egoten denean. Zerbitzua ezagutarazi egiten da, eta dei kopurua asko handitzen da. Bestela, ez dugu igarri dei gehiago dagoen denboraldi bat dagoenik.

Etorkizunera begira, zeintzuk dira zuen helburuak? 

Zerbitzua ezagutaraztea. Entitate eta instituzioen artean koordinazio lan bat egin behar dugu zerbitzua ezagutarazteko, ez bakarrik prentsa bidez. 

Hurrengo seihilekoetan joera horrek handitzen jarraituko duela uste duzue? 

Uste dugu baietz; 2022tik, joera positiboa izan da, eta uste dugu joera horrek iraungo duela.

Aipatu duzue pixkanaka jendea zuen lana ezagutzen ari dela. Gehiagok ezagutzea da zuen asmoa? 

Oraindik lan egin behar dela uste dugu. Gure zerbitzua aurrez aurre ere ezagutarazten dugu, eta herrietan dauden baliabideei buruzko informazioa ere ematen dugu.

harremanetarako

Zerbitzuak bi telefono zenbaki ditu: dei bidez hitz egiteko, 900-10 03 56, eta Whatsapp bidez, 619-41 96 28.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.