Eusko Jaurlaritzak eta Puntueus fundazioak ingurune digitalean euskararen erabilera areagotzeko elkarlana aurkeztu dute

Gizartean eta eremu sozioekonomikoan eragin nahi dute bereziki. 50.000 euroko laguntza emanen du Jaurlaritzak

Iñaki Goirizelaia Puntueus fundazioko lehendakaria. MARISOL RAMIREZ / FOKU
Berria
2022ko otsailaren 21a
13:28
Entzun

Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak eta Puntueus fundazioak ingurune digitalean euskararen erabilera areagotzeko bi erakundeen arteko elkarlana aurkeztu dute Bilbon egin duten ekitaldi batean. Gizartean oro har, eta eremu sozioekonomikoan eragin nahi dute bereziki. 2022. urtean Eusko Jaurlaritzak 50.000 euroko ekarpena egingo dio Puntueus fundazioari, eta laguntza teknikoa ere eskainiko dio garatuko dituen egitasmoak aurrera eramateko.

Bingen Zupiria Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak eta Iñaki Goirizelaia Puntueus fundazioko lehendakariak aurkeztu duten elkarlanerako programak bi helburu nagusi ditu. Batetik, enpresetan .eus domeinuaren erabilera indartu nahi dute, eta ingurune digitalean euskararen erabilera areagotzera bultzatu nahi dituzte. Hizkuntza Politikako Sailburuordetzak harreman zuzena du askotariko erakunde pribatuekin, eta haiengana joko dute lehenik, baina enpresa elkargoak eta haien bazkideak ere ukitzeko asmoa dute. Merkataritza eta ostalaritza arlora joko dute ondoren, eta, azkenik, enpresa txiki eta ertainetara. Jaurlaritza eta Puntueus elkarlanean ariko dira entitate zein erakundeak erakarriz eta jarraipena eginez. Besteak beste, trebakuntza saioak egingo dituzte, eta behar dutenei laguntza teknikoa eskainiko diete. Puntueus fundazioak hainbat baliabide eskainiko dizkie enpresa eta erakundeei, hala nola .eus domeinua doan edo webgunea automatikoki itzultzeko plugin-a.

Bestetik, norbanakoen gailu elektroniko pertsonalak euskaratzea lortu nahi dute, eremu digitalean euskara erabiltzaileen hizkuntza nagusia izatea sustatzeko. Lehenik eta behin, egoeraren azterketa bat egingo dute, eta, ondoren, komunikazio ekintza bat baino gehiago eginen dituzte .eus domeinuaren erabilera sustatzeko, eta nabigatzaileak eta gailu elektronikoak euskaraz konfiguratzeko.

Bingen Zupiria Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak adierazi duenez, «hizkuntzaren bizitasun digitalari» erreparatu behar zaio ezinbestean, horrek erakutsiko baitu «neurri batean hizkuntzaren osasuna zein den». Haren iritziz, bizitasun digitala eskaintzarekin lotuta dago batetik, «komeni delako euskarazko eduki digitalak handitzea, ahalik eta gehienak izatea sarean». Baina, bestetik, ezinbestekoa da euskarazko eduki digital horiek «kontsumitzeko ohiturak indartzea».

Iñaki Goirizelaia Puntueus fundazioko lehendakariak, bestalde, azpimarratu du gaur egun euskal gizarteak bizi duen egoerari erantzuteko ardura duela Puntueusek: «Gizartearen transformazio digitala bizitzen ari gara, eta azken bi urteetan, premiak bultzatuta, prozesu hori asko azkartu da. Guk bide horretan dauden pertsonak eta enpresak laguntzen ditugu: domeinuarekin batera, tresnak, trebakuntza, laguntza eta zibersegurtasuna euskaraz eskainiz egiten dugu».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.