Karmen Irizar. Topaguneko lehendakaria

«Euskara elkarteen egunerokoan gogoeta txertatu behar dugu»

Euskara elkarteen mugimenduak kongresua egingo du Bilbon, otsailaren 26an, etorkizunera begirako urratsak finkatzeko.

mikel lizarralde
Donostia
2011ko otsailaren 6a
00:00
Entzun
Arrasate Euskaldun Dezagun elkartea 1983an sortu zenetik, bide luzea egin du euskara elkarteen mugimenduak, eta gaur egun zein egoeratan dagoen aztertzeko gogoeta prozesuan dago Topagunea. Urtebeteko hausnarketaren emaitzak hilaren 26an Bilboko Alondegian egingo duen biltzarrean aurkeztuko ditu.

Otsailaren 26an Euskara Elkarteen Mugimenduaren Kongresua egingo du Topaguneak Bilbon. Zein helburu izango ditu biltzarrak?

Joan den urtarrilean hasitako prozesu bat amaitu eta beste bat hasi nahi dugu kongresuarekin. Azkeneko urteetan, bai euskara elkarteek bai bestelako eragileek esan izan digute Topaguneak jauzi bat egin behar duela, zerbitzugintzatik eta tokian tokiko mailatik ahots artikulatu bat izatera pasatzeko jauzi bat. Bestetik, zuzendaritzan geundenok konturatuta ginen euskara elkarteak sortzen hasi zirenean soziolinguistikari buruzko oinarri sendo bat zegoela, oinarri horietatik sortu zirela euskara elkarte asko, baina transmisioan formazio teorikoa apur bat albo batera utzita geneukala. Eta horren beharra ere sumatzen genuen. Beraz, gaur egungo egoerara egokitzea eta teoria mailan gure burua janztea izango dira kongresuaren helburuak.

2010eko urtarrilean Durangon eginiko jardunalditik abiatutako prozesuan sartuta egon zarete urtebete. Zer ondorio utzi zituen topaketak?

Nahiko garbi gelditu zen jardunaldi haietan diskurtsoa eta pentsamendua garatzeko beharra zegoela. Bestetik, ondorioztatu genuen, asko egin arren, euskara elkarteok ez daukagula horren berri ematekogaitasun handirik, edo ez diogula komunikazioari behar besteko garrantzia eman. Alegia, ikusi genuen gogoeta egin behar genuela eta gogoeta hori euskara elkarteen egunerokoan txertatu behar genuela.

Premiak aipatu dituzu. Zein indargune ditu mugimenduak?

Azpiegitura sendoa dauka, nahiz eta euskalgintzan aritzen diren beste guztiek bezala, diruz juxtu ibili. Baina 95 elkarte daude Topagunean. Hori, giza baliabide aldetik, kapital handia da. Bestetik, euskararen diskurtsoaren inguruan homogeneoak izan gara. Erabilera izan dugu ardatz, eta, gehiago edo gutxiago, Txepetxen [Jose Maria Sanchez Carrion] teorietatik hurbil gaude: hizkuntz ekologia eta hizkuntz aniztasuna sustatzen ditugu.

Diskurtso homogeneoa izan arren, alde handiak izango diraingurune ezberdinetako elkarteen artean. Premiak ere asko aldatzen dira?

Premiak oso ezberdinak dira, eta erritmoak ere bai. Baita norberak duen indarra ere. Oso euskalduna den herri batean euskal komunitatea lasaitasunez agertuko da gizartearen aurrean. Nukleo txikia den herrietan, ordea, zailagoa du, eta zarata txikiagoa ere egiten du. Oinarriak berdinak izanik, ikusi behar dugu abiatzen ditugun lan ildo guztiak nola txertatzen ditugun tokian tokiko errealitateekin.Eguneroko dinamikak ezberdinak dira nahitaez.

Euskara elkarteak eguneroko lanari lotuak egon dira orain arte. Gogoeta falta izan da?

Topagunea 30-40 elkarterekin sortu zen, eta, gaur egun, 95 gara. Egunerokoak irentsi egin gaitu, eta ez digu denborarik utzi elkarrekin egon eta eztabaidatzeko. Orain ikusi dugu proiektu berrietan hasi baino lehen hausnartu egin behar dugula. Hasierako oinarriek globalizazio garaiotan balio diguten jakin nahi dugu.

27 urtean belaunaldi aldaketa ere gertatu da eragileen artean. Horrek izan du nolabaiteko eraginik elkarteen izaeran eta funtzionamenduan?

Belaunaldi aldaketetan jakintza praktikoa transmititu da. Hau da, herri aldizkariak zer-nolako informazioa landu behar duen, udalekuak nola antolatzen diren... eta pentsamendua, filosofia eta hizkuntz dinamikak albo batera utzi dira. Edo jakintzat jo dira. Orain horri buelta eman nahi diogu, oinarrietan indarrak jartzeko.

Militanteen artikulazioaz hitz egiten duzue kongresurako aurkeztutako testuan.

20.000 bazkide ditugu, eta hori sekulako potentziala da, uneren batean euskaraz bizitzeko hautu kontzientea egin dutelako. Euskaraz bizitzeko aukerak ematen dituen elkarte bati atxikimendua eta dirua emateko prest dagoen jendea da. Batzuetan diru iturri moduan erabili ditugu bazkideak, eta, beharbada, ordua iritsi da jende horri beste funtzio bat emateko. Beraien kezkak jaso eta euskaraz bizitzeko duten gogoa bideratu, hizkuntz komunitatea indartzeko. Azaleratu egin behar ditugu bazkideak. Hau da, erdal munduaren aurrean ere, erakutsi behar dugu gutxiengo sendoa eta trinkoa garela eta aukera irmoa egin dugula. Ez garela lau katu.

Erdal hiztunekin lan gehiago egiteko beharra aipatu duzue. Orain arte utzita egon da alderdi hori?

Bai. Beharbada, oso erdaldunak diren inguruetan lan handiagoa egin da, halabeharrez. Baina iruditzen zaigu planteamendu bat egin behar dela. Bi komunitate bizi gara hemen, eta ikusi behar dugu gure arteko harremanak nola adosten ditugun. Ez dadila izan lege edo eskubide kontu huts bat. Hizkuntz komunitateen arteko elkarrizketa bultzatu nahi dugu. Jakina, gure ikuspegia hizkuntz ekologiari lotuta dago, eta pentsatzen dugu bertako hizkuntzak egin dezakeen ezer ez duela egingo kanpoko hizkuntza batek.

Patxi Lopezek Euskararen Aholku Batzordearen Bileran esandakoekhaserrea piztu dute euskaltzale askoren artean. Zer balorazio egiten duzue Topagunekook?

Euskaraz bizi nahi dugunok pertsona deserosoak izan gaitezke, gure hautu bakarra euskaraz bizitzea delako, alderdikerietatik kanpo. Gure alde egiten dugu, baina inoren kontra egin gabe, eta horrek kontraerasorako lekurik ez du uzten. Ziur aski, euskara herri honetan oraindik min handia ematen duen gai batekin lotzeak horretarako bidea ematen diola pentsatu du Lopezek.

Kongresura iritsi aurretik bidea egin du gogoetak, eta otsailaren 26tik aurrera ere lanean segituko duzue.

Hamalau laguneko batzorde bat hasi zen oinarrizko dokumentua lantzen; gero, elkarteetatik hurbil dauden 50 bat lagunekin kontrastatu genuen, eta, azken hilabeteetan, mintegiak egin ditugu lurraldeka euskara elkarteekin. Orain arte filosofiaz eta oinarriez hitz egin dugu, eta kongresuaren ostean hasiko den bigarren fasean elkarteen barruko dinamikak eta lan ildoak landuko ditugu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.