Azpiegiturak

'Euskal Y'-ak «gutxienez 29 urteko atzerapena» izango du «gaitasun osoz» aritzeko

Europako Batasuneko Kontu Auzitegiak eginiko azken txostenaren arabera, Euskal Y-a amaituta egonen da 2030erako edo lehenago —epe ofiziala 2023 da—, baina hura Ipar Euskal Herriarekin lotzeko konexioaren lanek atzerapen handiagoa dute: «2037 baino lehen ez da planifikatuta ere egonen».

AHTaren lanak, Atxondon (Bizkaia). ENDIKA PORTILLO / FOKU
2020ko ekainaren 17a
11:05
Entzun

«Kontuan izanik Frantziako konexioa ez dela planifikatuta egongo 2037. urtea baino lehen, euskal Y-aren funtzionamenduak, bere gaitasun osoarekin, gutxienez 29 urteko atzerapena izango du». Europako Kontu Auzitegiak eginiko azken txosteneko hitzak dira, zeinean Europako zortzi garraio azpiegitura aztertu baitituzte; tartean, Euskal Herriko AHTaren zatia. Adituek uste dute Euskal Y-a amaituta egongo dela 2030erako —urte hori hartu dute erreferentzia gisa zortzi proiektuak aztertzeko—, baina zail ikusten dute haren eta Ipar Euskal Herriko zein Espainiako abiadura handiko tren sarearen arteko konexioa ordurako prest egotea. 2023rako egon behar du ofizialki bukatuta euskal Y-ak, baina, ordurako amaituta egonda ere, Europako Kontu Auzitegiak zehaztu du hamahiru urteko atzerapena lukeela hasieran aurreikusitako datatik: 2010erako bukatua behar zuen, berez. Horrek «efizientzia» kenduko lioke Europako Batasunaren finantziazioari.

Ipar Euskal Herriko AHTaren zatia Frantziakoarekin lotzea atzeratu eginen da, hain justu: «Batzordeak berretsi du Frantziako aldean atzeratu egingo dela mugatik abiadura handiko Frantziako sarerako egokitzapena». Europako Batzordea Frantziako Gobernuarekin negoziatzen ari da Hendaia eta Bordele arteko gaur egungo trenbide sarea «hobetzeko», Euskal Y-a prest dagoenerako harekin lotu ahal izateko. Batzordearen ustez, «funtsezkoa da bermatzea» zati horren «ahalmena» handituko dela, salgaien zirkulazioaren areagotzeari aurre egiteko, bertzeak bertze.

Kontu Auzitegiak adierazi du, dena den, Espainiako Estatutik Europarako merkantzia garraioak «gutxienez beste hogei urtez» jarraituko duela itsasoko bideen eta errepideen beharrean. Horren arrazoia, berriz, Europako trenbide sarearekin lotzeko oinarrizko konexioen atzerapenak eta lan horien gainkostuak dira. Tartean sartuko litzateke euskal Y-a ere. Sare horren eta hark Ipar Euskal Herritik jarraitu beharko lukeen bidearen gainkostua 1.825 milioi euro da, adituen esanetan: hasieran ezarritako aurrekontua baino %39 gehiago da hori.

Txostenean beste zazpi «megaproiektu» ere aztertu dituzte. Denera, 54.000 milioi euroren inbertsioak egin dituzte, eta horietatik 7.500 milioi euro Europako Batasuneko aurrekontuetatik atera dira. Zortzi proiektuen aurreikuspenak eta emaitzak ikusita, aurrekontuak %47 igo dira: 17.300 milioi euroko gainkostua. Lan horiek guztiak ezarritako epean amaitzea «inprobablea» dela uste dute adituek. Nabarmendu dute horren arrazoiak direla estatu barruko beste obra batzuk nazioartekoen gainetik jarri izana eta Europako Batzordearen kontrol falta.

Adituei kasurik ez

Europako Kontu Auzitegiak egindako txostenak ohartarazi du Espainiako eta EAEko erakunde publikoek ez dietela kasurik egin adituek egindako ohartarazpenei. «Euskal Y-aren trafiko-aurreikuspenei eta jasangarritasunari buruzko datuak gezurtatu egin dituzte Euskal Autonomia Erkidegoko akademikoek hainbat alditan, 2004tik. Dokumentuak publikoak ziren, baina administrazio zentralak eta autonomikoak ez zieten erantzun akademikoen oharrei». Kontu Auzitegiak dio, era berean, «parte interesatuek» egin ahal izan dituzten ekarpenak «mugatuak» izan direla AHTaren proiektuan: «Prozesuak hobeak izan zitezkeen».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.