PPk atzeratu egin du Europan betetako zigorrak aintzat hartzeko lege erreformaren bozketa

Senatuan bozkatzekoa zen gaur lege erreforma, baina PPk Senatuan gehiengo osoa duenez, gaurko gai zerrendatik kendu du. Urriaren 14ra arteko epea du berriz ere osoko bilkurara eramateko.

PPko senatariak, gaur, bozketa hasi aurretik. JAVIER LIZON / EFE
PPko senatariak, bozketa hasi aurretik. JAVIER LIZON / EFE
gurutze izagirre intxauspe
2024ko urriaren 8a
11:00
Entzun

Europako Batasuneko estatuetan epaitu eta zigortu dituztenen zigorrak Espainiako auzitegiek aintzat hartzeko lege erreforma bozkatzekoa zen gaur Espainiako Senatuan, baina 7/2014 legearen erreformaren gaurko gai zerrendatik kendu du PPk, han duen gehiengo osoa baliatuz. Aldeko 143 boto eta kontrako 100 botorekin, gai zerrendatik kendu dute, luzapen bat lortuta. Aurreikusita ez zegoen bozketa bat antolatu dute horretarako Senatuan. PSE-EEko Alfonso Gilek eskatu du Senatuan ez zeuden ordezkarien boto telematikorako eskubidea bermatzeko baliabideak jartzeko, baina PPko Pedro Rollan Ojeda Senatuko Mahaiko presidenteak zerbitzu juridikoen azalpenei erreferentzia eginda, esan du ez dela beharrezkoa, eta horrenbestez PPren bere gehiengoa baliatu du gaur gai zerrendatik ateratzeko lege erreforma. Erreforma horretan jasotzen da Europako Batasuneko araudira egokitzeko aurrekari penalei buruzko informazioa estatuen artean trukatzea eta Europako Batasunean egon diren zigor ebazpen judizialak aintzat hartzea, Europako zuzentarauetara egokitzeko. Harrabotsa eragin du, Frantzian betetako espetxe urteak aintzat hartzeko bidea irekiko dielako euskal presoei, besteak beste.

Lege erreforma hori Espainiako Kongresuan onartu zuten irailaren 18an gehiengo osoz; gaur Senatuko tramitea igaro behar zuen. Prozesu hori eteteko saioa egin du, ordea, PPk. Izan ere, biktimen bi elkartek, AVTk eta Covitek esan zieten zenbait euskal presoren kaleratzea ekarriko lukeela erreforma horrek. Baina, lege erreformek izan ohi duten prozedura jarraitu du prozedurak. Kongresuko lantaldean onartu zuten erreforma hura uztailaren 31n, gero Justizia Batzordean egin zuen aurrera, osoko bilkuran ere alderdi guztiek egin zuten erreformaren alde, eta behin Senatuko osoko bilkurara iritsita, atzera buelta zaila du. Senatuak urriaren 14ra arte luze lezake eztabaida, baina ez du lege erreformaren testuan aldaketarik egiteko tarterik jada. Ikusteko dago PPk lege zirrikituren bat topatzen duen, baina orain arteko prozedurak aintzat hartuz gero, gaur osoko bilkuran ez onartuta ere, beranduenez urriaren 14rako eztabaidara eraman beharko dute lege erreforma, osoko bilkura deitu, eta aurrera egin beharko luke lege erreformak. Zuzenean BOEn, Estatuko Boletin Ofizialean argitaratuko litzateke.

Sumarrek sustatu zuen lege erreforma. Yolanda Diaz Espainiako Gobernuko bigarren presidenteorde eta Lan eta Ekonomia Sozialaren ministroak atzo esan zuen lege erreforma hori Europako zuzentarauaren transposizio bat dela; Kongresuan, gainera, «aho batez onartu zuten denek, eskuin muturrak barne». Diazen arabera, «zuzentarau bat da, eta, beraz, Europako eta Espainiako zuzenbidearen iturri. Europan aho batez onartu zen».

Felix Bolaños Espainiako presidentetzarako ministroak eta Justizia ministroak ere ohartarazi du PPk eta Voxek babestu egin zutela lege erreforma hori Kongresuan, irailean: «Erabat baketsua izan da legebiltzarreko tramitazioa». Baina, orain, AVT Terrorismoaren Biktimen Elkarteak PPri eskatu dio atzera egiteko.

Andoni Ortuzar EAJren EBBko lehendakariak berretsi egin du lege erreforma babestuko dutela: «Momentu honetan ez dago ezohiko egoerarik, eta preso guztiak berdinak dira, normaltasun osoz eta kontzienteki eman genion baiezkoa lege erreformari».

«Momentu honetan ez dago ezohiko egoerarik, eta preso guztiak berdinak dira, normaltasun osoz eta kontzienteki eman genion baiezkoa lege erreformari»

ANDONI ORTUZAREAJren EBBko lehendakaria

Horrenbestez, lege erreformak bidea irekiko lioke Espainiako auzitegiek aintzat hartu behar izateko Europako beste herrialdeetan betetako espetxe zigorrak. Berrogeiren bat euskal presori eragingo lieke neurriak, erreforma aurrera aterako balitz.

7/2014 legeak eragin zuen harrabotsa onartu zenean ere, 2014ko abenduaren 4an, zigorrak Europako Batasunean modu bateratuan hartu behar direla zioen arau hark. Europak 2008an onartutako arau bat dago lege horren oinarrian. Legearen arabera, Europako Batasuneko herrien arteko informazio trukea ahalbidetzea eta elkarren zigorrak aitortzea zuen helburu: estatu batek pertsona bati ezarritako zigorra Europako herri guztiek aintzat hartzea; Europa osoak herri baten moduan joka zezala, eta delitu bera ez zedila birritan zigortu.

Europak hartutako erabakiak derrigorrez bete beharrekoak dituzte Europako Batasuna osatzen duten estatu guztiek. 2008an erabaki zuen beste estatuetan betetako zigorrak norbere estatuak aintzat hartu eta bateratzea, eta irizpidea betetzeko epea ere jarri: 2010eko abuztuaren 15a. Espainiako Gobernua 2014an hasi zen lege hura bere araudira egokitzen, ordea, eta Mariano Rajoyren PPren gobernuak euskal presoei zuzenean eragiten zieten artikuluak moldatu zituen.

Beren-beregi espetxe murrizketen aurka

Europako beste estatu batzuetan auzitegiek emandako ebazpenen eraginkortasuna mugatu zuen, hitzez hitz, eta «eraginik gabe utzi» honako kasu hauetan: Espainiako auzitegietan aurrez ebatzitako sententzietan; Espainian ezartzen zituzten zigor berrietan; prozedura kriminalaren legearen 988. artikuluari buruzkoetan, zigorrak betetzeko epe mugak ezartzen zituenetan. Alegia, euskal presoen espetxealdiak murrizteko aukera ukatzeko moldaketak izan ziren, ukatu egiten baitzuten propio beste estatuetan egindako espetxe urteak aintzat hartzea.

Bai EAJk, bai EH Bilduk egin izan dituzte saiakerak legearen erreformarako aurretik ere. 2018an egin zuten saioa, baina PSOEk ez zuen babestu.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.