Etxe baten eskea egin dezaketela esan die Jaurlaritzak 3.410 sendiri

Eskutitz bat bidali die etxebizitza bat eskuratzeko eskubide subjektiboa onetsia dutenei. Alokairuzko etxeak edo laguntza bat jaso dezakete

Donostia
2017ko uztailaren 20a
00:00
Entzun
Etxebide etxebizitzaren euskal zerbitzuak adierazi du 3.410 familiari jakinaraziko diela betetzen dituztela baldintzak etxebizitza eskuratzeko eskubide subjektiboa izateko. Familia horiek ez dute eskaerarik egin oraindik; horregatik, Eusko Jaurlaritzak eskutitz bana bidali die eskubide hori dutela esateko. Aitortza hori jasota, alokairuan bizitzeko etxe bat eskain diezaieke Jaurlaritzak, eta, etxebizitza nahikoa ez badu eskaintzeko, etxebizitza bat alokatzeko dirua jaso dezakete —250 euro gehienez, hilabetean—. 3.410 gutun horietatik 357 bidaliko dituzte Arabara, 2.592 Bizkaira eta 461 Gipuzkoara.

Hauek dira etxebizitza eskuratzeko eskubide subjektiboa izateko bete beharreko baldintzak: adinez nagusia edo adingabe emantzipatua izatea, beste etxebizitza egonkorrik ez izatea, Etxebiden izena emana izatea lau urteko antzinatasunarekin, diru sarrerak 3.000 eurorenak baino handiagoak izatea, eta urteko diru sarrerek ez gainditzea 15.000 euro hiru lagun edo gehiago bizi diren etxebizitzetan, eta 12.000 euro bi lagun bizi diren etxebizitzetan. Baldintza horien barruan, salbuespena dira desgaitasun psikikoa eta mugikortasun gutxitua duten pertsonak, baita genero indarkeriaren biktimak ere.

Eskubide subjektiboa

Eskubide subjektiboa onartzen zaie etxebizitza «duina eta egokia» izateko baliabide ekonomiko nahikoa ez duten pertsonei. Horregatik, etxebizitza babestu bat alokairuan eskuratu ahal izango du eskubide subjektiboa aitortzen zaion orok, kasu bakoitzean dagokion prezioarekin, errentarekin edo kanonarekin. Beste aukera bat da, alokairuko etxebizitza nahikoa ez dagoenean, diru laguntza bat jasotzea.

2012ko ekainean onetsi zuen Etxebizitza Lege Proiektua Gobernu Kontseiluak, eta 2016ean onartu zuten etxebizitza eskuratzeko eskubide subjektiboa. Euskadiko Etxebizitza Legearen helburua da, funtsean, pertsona orok izatea etxebizitza «duin, egoki, eta irisgarria» izateko eskubidea.

Etxebizitza duina izateko eskubide subjektiboa zehazteaz gain, hutsik dauden etxebizitzei kanon bat ezarri zien legeak urte berean, zenbait baldintza betez gero: bi urtez hutsik egotea, jabeen bigarren etxebizitza ez izatea, eta abar. Bestalde, etxebizitzen behin-behineko desjabetzea arautu zuen: «interes sozialeko» baldintzak betetzen ziren kasuetan, besteak beste. Aipatutako kasuetan, administrazioak jabeari jabetza kentzeko eskubidea du, epe batez.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.