Mediabask kazetak jakinarazi du bere erredakzioan jaso dituela mezu batzuk, Txetx Etxeberrik (Bizi mugimenduko kidea, besteak beste), Mixel Berhokorigoinek (Laborantza Ganberako presidente ohia) eta Michel Tubianak (Frantziako Giza Eskubideen Ligako ohorezko presidentea) izenpetuak. Mezu horietan, ETAren "desarmatze prozesuari ekiteko" asmoa zutela jakinarazi dute, eta, horrela bada, "lehendabiziko arma stock bat suntsitzen" hastekoak zirela.
Iturri batzuen arabera, bost dira atxilotuak: Berhorokoirigoin eta Etxeberriz gain, Beatrice Molle kazetaria, Michel Bergougnan enpresaria eta Irulegiko ardo kooperatibako buru izandakoa eta Stephane Etxegarai Etxe kazetaria. Bart zabaldu da Tubiana zela atxilotuetako bat, baina gaur goizean Tubianak berak jakinarazi du ez dutela atxilotu. Hala ere, aitortu du Luhusoko bilkura horretan egotekoa zela. "Bilkura honetan egon behar nuen", adierazi du Europa1 irratian, Euskal Irratiek dakartenez. "Blokatze argi bat da Frantses eta Espainol gobernuen aldeetatik; armak desegin nahi genituen. Begi bistakoa da operazio polizial hau politikoa dela".
Ipar Euskal Herrian, gizarte zibileko ekintzaile ezagunak dira Berhorokoirigoin, Etxeberri eta Tubiana. Mediabask kazetari azaldu diote ETAren arma batzuk suntsitzen hastekoak zirela: "Gizarte zibilak bere ardura hartu du", esan dute. "Gutxi gorabehera, ETAren armategiaren %15 inguru" izan zitekeela ere zehaztu dute. Euskal Herriak etorkizun "demokratiko eta indarkeriarik gabeko bat edukitzeko" beren ekarpena egin nahi zutela esplikatu dute kazetara igorritako mezuan. Gainera, ETAren eta Frantziako Gobernuaren arteko "bitartekaritzat" jo dute beren burua.
"Egoera absurdoa da. Erakunde armatu batek armak eman nahi dizkio hori errefusatzen duen estatu bati", azaldu dute. Era berean, protestatzera deitu dituzte gizarte zibila eta hautetsiak, "desarmatze ordenatu eta kontrolatu baten" alde. Hain justu, gaur bertan, 16:00etan, Baionan manifestazio bat egingo dutela iragarri dute gerora, bakearen eta bakearentzat lanean ari diren "artisauen" alde (Euskaldunen Plazatik abiatuko da).
Hiru ekintzaileek testu batean eman dituzte azalpen horiek, eta, gainera, beste agiri batzuk erantsi dituzte, esplikatzeko zer den Luhuson gertatua. Agiri horietako batean, beren burua bitartekari gisa aurkeztu zuten hiru ekintzaileek; beste agirietan, gizarte zibileko ordezkarien eta ETAren arteko gutun trukaketa ageri da. Mediabask atariak eskura jarri ditu hiru agiri horiek ere.
Polizia operazioaren berri bart iluntzean jakin da, 20:30 aldera. @bakeaEHan Twitterreko kontuak lau mezu igorri ditu sare sozialera, jarraian:
Louhossoa opération police en cours pour empêcher la société civile de procéder à destruction armes d'ETA Rassemblement immédiat immédiat ! pic.twitter.com/n9ld95A346
— PaixEnPB/BakeaEHan (@bakeaEHan) 2016(e)ko abenduak 16
Mezu horietan jakinarazi dute "gizarte zibilak" ETAren armak indargabetzeko prozesuari ekitea erabaki duela, eta Luhuson polizia operazio bat gertatzen ari dela hori trabatu nahian. Argazki batzuetan, ustez armak baliogabetzeko liratekeen tresna batzuk ere erakutsi ditu kontu horrek. Era berean, mobilizatzera ere deitu dute mezu horietan. Aldi berean, Mediabask kazetak ere posta elektroniko bat jaso du gau partean. Iduri duenez, beraz, Twitterreko kontua eta posta elektroniko hori prestatuak zituzten, polizien jopuntuan egongo zirela jakitun, haien kontrako operazio bat gertatuko balitz ere.
Euskal Irratiek azaldu dute etxe bat miatzen hasi direla iluntzean, Luhuso eta Heleta artean, Kurutzeta auzoan. Hogei bat polizia joan dira bertara, eta dozenaka herritar ere bildu dira, polizia operazioaren aurka protestan.
Espainiako Gobernuak, aldiz, ETAren armategien aurkako gisa aurkeztu du operazioa:
#ÚLTIMAHORA | La @guardiacivil asesta un nuevo golpe contra los arsenales de la banda terrorista #ETA en #Francia y detiene a 3 personas
— Ministerio Interior (@interiorgob) 2016(e)ko abenduak 16
Armagabetzearen aurkako polizien ekinaldiak
Azaroaren 6an, Espainiako eta Frantziako poliziek Mikel Irastorza atxilotu zuten Azkainen. ETAren armagabetzea "boikotatu" nahi dutela salatu zuten orduan nazioarteko begiraleek. Joan den urriaren erdian, berriz, ETAren 75 errebolber, 70 pistola, ehizarako bi fusil eta munizioa atzeman zituen Frantziako Poliziak Oisen, Paristik gertu, lau bidoitan lurperaturik. Egun batzuetara ETAk ohar baten bidez erantzun zuen zigilatze prozesutik kanpo utziak zituela arma horiek.
Iazko irailean David Pla eta Iratxe Sorzabal ETAko ustezko buruak atxilotu zituzten, Baigorrin (Nafarroa Beherea). Handik hiru hilabetera, Plak Gara-n jakinarazi zuen konponbiderako ETAren ordezkaritzako kidea dela.
Operazioaren kontrako erreakzioak berehala zabaldu dira:
Bakearen alde lan egiten dutenen tokia ez da presondegietan ! Etxe miaketa, 3 atxilotu... operazio irekita oraindik #Luhuso
— EH Bai (@EHBai) 2016(e)ko abenduak 16
Ez dugu onartuko bakearen etsaiek herri honen esperantza lehertaraz dezaten. #Luhuso
— Sortu (@sortuEH) 2016(e)ko abenduak 16