Esker onez, eta haserreak hartuta

Ruth Torre medikua Ibarrangelun eta Elantxoben (Bizkaia) duen lanpostutik lekualdatuko dute. Herritarrak ez daude erabakiarekin ados, eta, Torreri begirunea adierazteaz batera, kalera jo dute «lehen arretaren defentsan».

Joan den igandean Elantxoben egindako elkarretaratzea, Ruth Torre herrian gera dadila eskatzeko. ARITZ LOIOLA / FOKU
Joan den igandean Elantxoben egindako elkarretaratzea, Ruth Torre herrian gera dadila eskatzeko. ARITZ LOIOLA / FOKU
gotzon hermosilla
2024ko martxoaren 13a
05:00
Entzun

Egun batetik besterako kontua izan da. Ibarrangeluko eta Elantxobeko herritarrek (Bizkaia) joan den otsailaren 26an jakin zuten haien medikua, Ruth Torre doktorea, lekualdatu behar zutela. Whatsapp taldeak sutan ibili ziren hurrengo orduetan, eta otsailaren 28rako herritarrak hasiak ziren protestak eta mobilizazioak antolatzen. Bi herrietako udalek «harridura eta haserrea» adierazi zuten erabakia zela-eta, eta herritarrek bi mobilizazio egin dituzte Torre haiekin gera dadila eskatzeko: martxoaren 3an, berrehun herritar inguruk elkarretaratzea egin zuten Ibarrangeluko Elexalde plazan, Ruth Torre gure medikua. Ibarrangelu eta Elantxobe lehen arretaren alde lelopean, eta joan den igandean beste hainbeste batu ziren Elantxobeko portuan. 350 biztanle inguru ditu Elantxobek, eta Ibarrangelukoak ez dira 700era iristen.

Azken orduko aldaketarik ezean, gaur izango du Torrek azken laneguna Ibarrangelun eta Elantxoben. Azken bi urte eta erdian bi herrietako medikua izan da Torre. Osakidetzak antolatutako azken lan eskaintza publikoan lanpostua lortu zuen Galdakao-Usansoloko osasun zentroan, baina zuzendaritzari jakinarazi zion nahiago zuela Ibarrangelu-Elantxoben geratu, eta horretarako eskabidea ere egin zuen. Osakidetzak, oraingoz, ukatu egin dio aukera hori.

Jesus Maria Ziluaga Ibarrangeluko alkatea da: «Berak geratu nahiko ez balu, edo administrazioaren aldetik ezinezkoa balitz, guk ez genuke ezer esango. Baina bi baldintza horiek betetzen dira: alde batetik, berak geratu nahi du, eta guk ere bera geratzea nahi dugu profesional itzela delako; eta, beste aldetik, administrazio prozeduran barne mugigarritasuna jasota dago».

«Gu ez goaz inoren kontra; Torre profesional itzela da, eta litekeena da haren ordezkoa ere profesional itzela izatea. Guk pertsona honen eskubideen alde eta gure lehen arretaren alde egiten dugu».

JESUS MARIA ZILUAGAIbarrangeluko alkatea

Duela hiru bat urte erretiroa hartu zuen Ibarrangeluko eta Elantxobeko betiko medikuak, Angel Manzanok, lanbide horretan 43 urtez aritu ostean; 2022ko maiatzean Elantxobeko herriak omenaldia egin zien hari eta Arantza Naverane erizainari, egindako lana eskertzeko. Geroztik, beste hiru mediku igaro dira postu horretatik; Torre izan da luzeen aritu dena, eta hura lekualdatuko balute, haren ordezkoa laugarren medikua izango litzateke oso denbora laburrean.

Herritarrak oso pozik egon dira Torrerekin; batez ere, haren «konpromisoa» eta «gertutasuna» nabarmendu dute. «Ohikoa izan da paziente bat goizean kontsultara joan, medikuak tratamendua eman, eta gauez telefonoz deitzea zer moduz doan jakiteko», azaldu du Elantxobeko alkate Patxi Egurrolak. «Niri herritar batzuk etorri zaizkit esaten medikuak proba batzuk eskatu zizkiela, horri esker gaixotasunen bat garaiz atzeman dietela eta, azken finean, bizitza salbatu diela».

Baina bi herriotako biztanleek nabarmentzen dutenez, auzia ez da soilik Torreren egokitasuna eta prestasuna lanposturako. «Hau ez da kapritxo bat», esan du Ziluagak. «Gu ez goaz inoren kontra; Torre profesional itzela da, eta litekeena da haren ordez beste bat etorriko balitz hura ere profesional itzela izatea. Guk pertsona honen eskubideen alde eta gure lehen arretaren alde egiten dugu. Lehen arretan oso garrantzitsua da egonkortasuna, medikuak pazienteen gaixotasun kronikoak ezagutzen dituelako, horien jarraipena egiten duelako eta abar. Zerbitzu hori kalitatez ematea ez da posible medikua sei hilabetean behin aldatzen bada».

Iritzi berekoa da Egurrola: «Oso gustura egon gara mediku guztiekin, eta, seguru asko, datorrenarekin ere oso gustura egongo gara, baina postu honen ezegonkortasuna dela eta apur bat nekatuta gaude. Beti esaten digute herri txikietako kontsultak leku zailak direla betetzeko; orain, berton gelditu nahi duen jendea daukagu, eta Galdakaora bidaltzen dute, zentro handi batera, eta gu berriz ere hutsetik hasiko gara, medikuak jendea ezagutu eta konfiantza irabazteko prozesu horretan».

Herri txikietako egoera

Ibarrangelun eta Elantxoben, beste zenbait herri txikitan bezala, konplikatua da osasungintza zerbitzuaren egoera. Gune handietatik urrun izaki, zaila izaten da lanpostua bete nahi duten medikuak topatzea. Beste alde batetik, herritar asko adinez nagusiak dira, leku batetik bestera mugitzeko arazoak izaten dituzte, eta gaixotasun kronikoak ugariagoak izaten dira.

Egurrolak dioenez, bera eta Ibarrangeluko alkatea behin baino gehiagotan batzartu dira Osakidetzako arduradunekin, arazo horien berri emateko: «Udan, adibidez, medikua oporretan joaten denean ez daukagu medikurik, eta Gernika inguruko medikuek txandak egiten dituzte zerbitzu hori betetzeko. Pediatriarekin ere arazo berdina eduki dugu: pediatra bat dugu inguruan, eta, Gernikan pediatra falta zutenez, zerbitzua zentralizatu eta hara eraman zuten; azken finean, guk nahi eta nahi ez autoa beti erabili behar dugunez... Baina horrelako erabakiekin geu gara kaltetuak: geuk mugitu behar dugu hara, eta gure pediatrari lana bikoiztu edo hirukoiztu egiten zaio. Ez dut esango bigarren mailako herritarrak garenik, baina hutsuneak gure zerbitzuekin betetzen dira beti. Eta Torre lekualdatzeko erabaki hau edalontzia bete duen azken tanta baino ez da izan».

Aurreko astean, bi herrietako alkateak berriro batzartu ziren Osakidetzako arduradunekin. Egurrolak esan duenez, «mugimenduak» egon dira, eta Osakidetzak atea zabaldu dio Torre hilabete batzuk barru berriro itzultzeko aukerari: «Esan digute barne prozesu bat dela, eta hori errespetatu behar dela. Guk hori ulertzen dugu, baina pentsatzen dugu badaudela formulak Torre herrian geratzeko. Osakidetzakoek esan dute ahaleginduko direla, eta litekeena dela maiatzean bueltatzea. Dena den, horrek ez digu oraingo arazoa konpontzen, mediku berriak berdin-berdin ekin beharko diolako pazienteak ezagutzeko prozesuari».

«Ez dut esango bigarren mailako herritarrak garenik, baina hutsuneak gure zerbitzuekin betetzen dira beti. Erabaki hau edalontzia bete duen azken tanta izan da».

PATXI EGURROLAElantxobeko alkatea

Bitartean, herritarrek ez dute etsi nahi, eta lekualdatzearen data iritsi den arren, Torre geratzearen aldeko sinadurak batzen jarraitzen dute. Ziluaga: «Mobilizazio batean berrehun lagun batzea horrelako bi herri txikitan ez da erraz gertatzen. Nik esango nuke hemen ez dela sekula horrelakorik izan. Adostasuna erabatekoa da. Torre profesional ona da, eta gure begirunea irabazi du».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.