Josean Llaguno. Sopuertako alkatea

«Erantzukizuna ez badu Jaurlaritzak hartzen, bere gain hartuko du udalak»

Lehen hezkuntzako eskaintza publikorik ez du Sopuertak. Hori konpontzeko lanean buru-belarri ari da alkatea.

MONIKA DEL VALLE / ARGAZKI PRESS.
urtzi urkizu
2014ko apirilaren 3a
00:00
Entzun
Gehiengoa du Bilduk Sopuertako Udalean (Bizkaia), sei zinegotzirekin. Koalizio abertzaleaz gain, AEI talde independentea eta EAJ bat datoz lehen hezkuntzako eskola publikoaren eskaerarekin. Eusko Jaurlaritzaren jarrerarekin kexu da Josean Llaguno alkatea (Sopuerta, Bizkaia, 1959). Herrian lehen hezkuntzako eskaintza bakarra San Viator itunpeko eskolarena izan ez dadin, eskaintza publikoa nahi du La Balugan.

Agerraldi bat egin duzu sindikatu nagusiekin batera, Bilbon. Eskaera bera egin duzue guztiek, ezta?

Bai. Udalak eskatzen duen moduan, sindikatuek eskatu dute 2014/2015 ikasturtean Sopuertan lehen hezkuntzako eredu publikoa eskaintzeko.

Eusko Jaurlaritzak zer erantzun eman dio udalaren eskaerari?

Jaurlaritzarekin bi bilera izan ditugu. Aurrenekoa ekainean izan zen; orduan, Jaurlaritzak esan zuen La Baluga eskolaren dohaintzaren eskrituretan klausula bat zegoela, lehen hezkuntza jartzeko muga ezartzen zuena. Jurista bat bilatu genuen, gaia azter zezan. Iñaki Lasagabaster EHUko Administrazio Zuzenbideko katedradunak txosten bat egin zuen otsailean, eta ondorioztatu zuen ez zegoela halako mugarik. Otsailean bertan Jaurlaritzako Hezkuntza sailburuorde Arantza Aurrekoetxeari aurkeztu genion txostena. Ez digu kasurik egin eta luzamendutan dabil. Ez dugu ulertzen eragozpena aipatutako klausula bazen eta txosten batek klausularen arazoa gainditzen badu, zergatik ez duen Jaurlaritzak ekimena izaten. Bestalde, Cristina Uriarte Hezkuntza sailburuaren agerraldia eskatuko dut Eusko Legebiltzarrean.

Gotzainak udalari emandako lurretan eraiki da La Baluga haur eskola publikoa. Inbertsio bat egin du hor udalak, ezta?

Eraikinean, udalak 2.610.652 euroko inbertsioa egin zuen. Urbanizatzeak, gainera, 427.604 euroko kostua ekarri zuen. Hiru gela hutsik daude, eta gela bat beharrik gabe bikoiztuta dago. Eskola horretan, nahi genuke lehen hezkuntzako eskaintza egitea.

Herrian, lehen hezkuntzako eskaintza bakarra San Viator itunpeko ikastetxeak egiten du. Herritar talde batek esaten du lehen hezkuntzako zentro publikoa eskainiz gero, eskola pribatua itxi beharko litzatekeela eta lanpostuak galduko liratekeela. Zer erantzun dezakezu?

San Viator eskolak ez du orain arte adierazpenik egin aipatzen dituzun hitzak erabiliz. Gotzaindegiak ere ez. Udalak aho batez lehen hezkuntzako eskaintza publikoa egiteko eskatu zuenean, ordea, Pro Educacion taldea sortu zen. Talde horretako kideek galdera bat egin diete herritarrei; San Viator eta lehen hezkuntzako eskola publikoa egon daitezkeen galdetu dute, eta jasotako sinadurekin interpretatzen ari dira herritarrek ez dutela lehen hezkuntzako eskola publikoa nahi. Hori ez da horrela. Eta gainera, eskubide bat da herri batean eskola publikoa egotea. Jaurlaritza ez da bere legeak betetzen ari.

Aferak nola eragiten die Sopuertako familiei?

Zazpi familiak eskaera egina dutelehen hezkuntzan, eskaintza egon ez arren. Eredu publikoan ikasteko, Zallara eraman behar dituzte haurrak, herritik 26 kilometrora. Euren erreibindikazioarekin jarraitzen badute, eskaintza publikoa izango dutela uste dut. Bi lerrotarako adina haur daude Sopuertan. Ez dakit nola egingo dugun, baina Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak ez badu bere erantzukizuna hartzen, udalak hartuko du bere gain. Ezin ditugu hiru gela hutsik izan, familien behar bat dagoenean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.