Milaka lagunek salatu dute Iruñeko Alde Zaharreko sexu erasoa

Goizaldean gertatu da erasoa, eta, mugimendu feministak deituta, elkarretaratzea egin dute Gazteluko plazan, 21:30ean. Berriozarren ostiralean gertatutako sexu erasoaz akusatutako gizona, berriz, espetxeratu egin dute.

Sexu erasoen kontrako elkarretaratzea, Gazteluko plazan. JESUS DIGES / EFE
Sexu erasoen kontrako elkarretaratzea, Gazteluko plazan. JESUS DIGES / EFE
2024ko uztailaren 7a
21:45
Entzun

Iruñeko mugimendu feministak deituta, elkarretaratze bat egin dute igande honetan, 21:30ean, Gazteluko plazan, sexu eraso bat gaitzesteko eta festak hasi direnetik gertatu diren abusuak ere gaitzesteko. Igande goizaldean gertatu da sexu erasoa, Alde Zaharrean. Sexu erasoa egin zuen gizonak 31 urte ditu, eta atxilotu egin dute.

Udaleko bozeramaileen batzordeak ohar bat kaleratu du, erasoa gaitzesteko, eta eraso sexisten kontra egiten jarraitzeko konpromisoa agertu du. Horrez gain, erasoaren kontra antolatuko diren deialdietan parte hartzera deitu dute. Udaleko alderdi politiko guztiek aho batez salatu dute erasoa. Biktimaren intimitaterako eskubidea ere zaindu behar dela nabarmendu dute oharrean.

Emakumeek ingurune guztietan askatasunez jokatzeko eskubidea dutela eta hori bermatzeko eta sexu erasoak behingoz desagerrarazteko lanean jarraituko dutela adierazi dute. Horrez gain, «erasotzailea babesten eta emakumeak errudun bihurtzen» dituen eredu kulturalaren aurka egitera ere deitu dute, eta gizonei eskatu diete «konpromiso aktibo bat» hartzeko emakumeen aurkako indarkerien kontra.

Udal ordezkariek oroitarazi dute sexu erasoak «botere harremanetan» oinarritzen direla, eta horiek «gizonak emakumeen gainetik» jartzen dituztela «maila sinbolikoan eta materialean, emakumeek menpekotasun egoera batean jarraitzeko gizonen aurrean».

Gazteluko plazan, hain justu, puntu more bat egon ohi da, aholkuak jasotzeko ez ezik, sentsibilizatzeko eta salaketen berri jasotzeko ere balio duena. Festetan, 11:30etik 15:00etara eta 18:00etatik gauerdira dago zabalik.

Berriozarko atxilotua, espetxera

Ez da azken orduetako sexu eraso bakarra izan Nafarroan: ostiralean, 23:00 aldean, beste gizonezko bat atxilotu zuten foruzainek, Berriozarren. Emakume bati sexu erasoa egitea leporatu zioten. Gaur epailearen aurretik igaro da, eta expetxeratzeko agindu du epaileak.

Erasoa jasan zuen emakumea Nafarroako Ospitale Unibertsitarioan artatu behar izan zuten.

Tuteran, bestalde, gizonezko bat atxilotu dute Foruen Plazan, emakume bati sexu ukituak egitea leporatuta. Goizaldean gertatu da eraso hori, 07:00etan; emakumeak telefonoz deitu die poliziei, gizon hori segika zuelako. Epailearen esku utzi dute atxilotua.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.