Elkarrekin Podemosek konpromisoa erakutsi du euskararen eskakizunen dekretua «hobetzeko»

Miren Etxebeste Elkarrekin Podemosen hautagaiak konpromisoa adierazi du Eusko Jaurlaritzak onartutako hizkuntza eskakizunak hobetzeko, eta, aldi berean, A1 eta A2 mailak aitortzeko.

Miren Etxebeste
Miren Etxebeste, artxiboko irudi batean. GORKA RUBIO / FOKU
Irati Egibar Izeta
2024ko martxoaren 13a
13:10
Entzun

Elkarrekin Podemosek adierazi duenez, gizarte «benetan elebiduna lortzeko» beharrezkoa da Eusko Jaurlaritzak onartutako hizkuntza eskakizunen dekretua «hobetzea». Miren Etxebeste Ahal Dugu-ko Hizkuntza Politikarako idazkariak eta Elkarrekin Podemosen Gipuzkoako Batzar Nagusietako eledunak adierazpen horiek egin ditu Donostian egindako ekitaldi politiko batean; aldi berean, apirilaren 21eko hauteskundeetarako Gipuzkoako zerrenda osatuko du Etxebestek. Haren ustetan, gaur egungo hizkuntza eskakizunak «kanpoan uzten ditu euskara ikasten ari diren eta A1 eta A2 maila dutenak».

Elkarrekin Podemosek ohar baten bidez jakinarazi duenez, joan den otsailean onartutako hizkuntza eskakizunen dekretuak «ez ditu jasotzen negoziazio mahaian zeuden eta babes zabala zuten bi gai, hala nola A1 eta A2 mailak aitortzea». Izan ere, Etxebesteren iritziz, Eusko Legebiltzarrean «adostasun zabala» zegoen gai honen inguruan, baina EAJk eta PSEk akordioa «hautsi» dute. «Euskara ikasten ari diren eta A1 eta A2 maila duten pertsonak kanpoan utzi dituzte», gaineratu du.

Elkarrekin Podemosek eskatu zuen hizkuntza eskakizun asimetrikoak ezartzea, ulermen handia baina adierazmen oso txikia dutenen hizkuntza gaitasuna aitortzeko. Oharrean adierazi dutenez, euskal biztanleen %20ri dagokie aitortza hori. Etxebesteren esanetan, Elkarrekin Podemosek bete-betean jasotzen du aldarrikapen hori: «Zenbat eta jende gehiago egon sistemaren barruan, orduan eta eraginkorragoak izango dira administrazio publikoan euskara sustatzeko politikak».

Etxebestek zehaztu duenez, hizkuntza berdintasunaren printzipiotik abiatuta, «pertsona orok du administrazio publikoetan komunikatzeko, harremanak izateko eta arreta jasotzeko eskubidea». Bide horretan, hizkuntza ofizialak ikasteko neurri ekonomiko zehatzak sustatzeko konpromisoa hartu du Elkarrekin Podemosek.

Euskara euskal gizarte osoaren ondarea dela adierazi du Etxebestek, eta «funtsezkoa da pertsona guztiek euskaraz jakitea». Bide horretan, haren ustez, euskara eremu pribatuan eta eremu publikoan erabiltzearen aldeko apustua egiten du Elkarrekin Podemosek, euskara oinarrizko eskubideen parte dela aitortuta.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.