EAEko erakundeek eta euskal hedabideek ituna berritu dute

Jaurlaritzak eta hiru aldundiek 11,5 milioi euro jarriko dituzte urtean, herri ekimeneko euskarazko hedabideak sustatzeko. Hedabideek diote oraindik «zer hobetu» badagoela

Erakundeetako eta hedabideetako ordezkariak, atzo, Bilbon. ANDONI CANELLADA / FOKU.
gotzon hermosilla
Bilbo
2022ko martxoaren 12a
00:00
Entzun
Eusko Jaurlaritzak eta Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako foru aldundiek berritu egin dute euskara hutsezko herri ekimeneko hedabideekin duten akordioa, 2022-2024 aldian indarrean egongo dena. Orotara, 11,5 milioi euro jarriko dira urtero hedabide horiek finantzatzeko: 2019ko hitzarmenean adostutakoa baino %4,4 gehiago.

2019an sinatutako akordioaren arabera, erakunde bakoitzak hedabide jakin batzuk laguntzeko ardura hartzen du: Eusko Jaurlaritzak nazio mailako hedabideak tartean BERRIA, aldizkari espezializatuak, tokiko telebistak, irratiak eta hedabide digitalak sustatzen ditu, eta hiru foru aldundiek, berriz, bakoitzaren lurraldean euskara hutsean argitaratzen diren herri eta eskualde mailako paperezko hedabideak. Eskema horri jarraituko dio orain izenpetutako akordioak ere.

Eusko Jaurlaritzaren Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburu Bingen Zupiriak nabarmendu du euskal hedabideek egiten duten lana «euskararen erabilera eta normalizazioa sustatzeko bidean», bai eta «kalitatezko erabileraren ikuspegitik» ere egiten duten ekarpena, eta pandemiaren inguruan eta Ukrainaren gatazkari buruz emandako informazioa jarri ditu horren adibidetzat: «Jaurlaritzak beharrezko ikusten du euskarazko hedabideen eginkizuna, bai publikoena, baita pribatuena ere. Lan hori aitortu egiten dugu hitzez, eta lagundu ekintzez».

Zupiriak esan duenez, hitzarmena sinatu zenetik Eusko Jaurlaritzak 62 hedabide diruz lagundu ditu, eta aldundiek, berriz, beste 48. Euskara hutsez funtzionatzen duten hedabideen ekosistema «bizi, dinamiko eta askotarikoa» laudatu du, eta erantsi du euskaldunek informazioa euskaraz jasotzeko duten eskubidea bermatzen laguntzen duela.

Hekimen elkarteko zuzendari Igor Astibiak «aurrerapauso garrantzitsutzat» jo du 2019an lortutako akordioa, horren ondorioz sortu den Euskal Hedabideen Mahaia eta akordioa beste hiru urterako berritu izana: «Euskarazko komunikabideak estrategikoak gara euskararen berreskurapen eta normalizazio prozesurako». Hala ere, nabarmendu du hedabideen beharrak asetzeko bidean oraindik ere «zer hobetu» badagoela.

Ez da bide samurra izan

Astibiak azaldu duenez, azken urteotako ibilbidea ez da samurra izan euskarazko hedabideentzat. Komunikabideen munduak pairatzen duen egiturazko krisiari 2008ko krisi ekonomikoa gehitu zitzaion, eta, ondoren, pandemiak ekarritako ondorioak nozitzea egokitu zitzaien hedabideei, eta, horrekin batera, gastuen handitzea eta publizitatea murriztea. 2019an hitzartutako finantzaketa eredu berria «norabide egokian emandako lehen pausoa» izan zen Hekimenen ustez, baina orduan ere nabarmendu zuen pauso gehiago behar zirela horri segida emateko.

Batez ere digitalizazioaren eta berrikuntzaren arloan daude herri ekimeneko euskal hedabideen kezka nagusiak: «Sektoreak hartzaileengana iritsi nahi badu, trantsizio digitala egin eta berrikuntzan sakondu behar du», esan du Astibiak, eta nabarmendu du erakunde publikoek lagundu egin behar dutela bide horretan, «ezinbestekoa den zerbitzu bat jokoan dagoelako».

Horregatik, administrazioaren konpromisoa eskatu du lantegi horiei ekin ahal izateko: «Ez da ahaztu behar hedabide sare indartsu eta dinamikoa pluraltasunaren eta informazio eskubidearen bermea ere badela. Eskaintza aniztasuna da iritzi aniztasunaren oinarrietako bat, eta iritzi aniztasuna da demokraziarako bermea».

Erakundeen aldetik, Zupiriarekin batera, Arabako Foru Aldundiko Lexuri Ugarte, Bizkaiko Foru Aldundiko Xabier Arauzo eta Gipuzkoako Foru Aldundiko Garbiñe Mendizabal egon dira akordioaren aurkezpen ekitaldian. Hedabideen aldetik, berriz,BERRIA taldeko lehendakari Beatriz Zabalondo, Argia-ko lehendakari Bego Zuza eta Tokikomeko zuzendari Alaitz Artolazabal egon dira Igor Astibiarekin batera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.