Bilboko Udalak alokairu sozialerako beste berrehun etxebizitza prestatuko ditu 2027rako

Etxebizitzaren Plan Estrategikoa aurkeztu du udalak. Aurreikusi dutenez, lau urte barru Bilboko parke publikoak 4.430 etxebizitza izango ditu.

Etxebizitza berriak eraikitzen Bilbon, artxiboko irudi batean. LUIS TEJIDO / EFE
Etxebizitza berriak eraikitzen Bilbon, artxiboko irudi batean. LUIS TEJIDO / EFE
Olatz Silva Rodrigo.
2024ko uztailaren 9a
14:05
Entzun

Bilboko Udalak Etxebizitzaren Plan Estrategikoa aurkeztu du gaur, 2024-2027 aldirako. Plan horretan aurreikusi dutenez, datozen lau urteetan alokairu sozialerako berrehun etxebizitza prestatuko dituzte. Hain zuzen, pertsona zaurgarrientzako 93 apartamentu zerbitzudun eraiki nahi dituzte, eta 120 bizitoki eskaini. Udal etxebizitzak eraikitzeko eta erosteko inbertsioa 25 milioi eurokoa izango da.

Plan estrategikoaren helburu bat da «etxebizitza eskuragarrien eskaintza handitzea», parke publikoa handituz eta inor bizi ez den etxebizitzak merkatuan eskainiz. Adierazi dutenez, 2027an Bilboko etxebizitza parke publikoak 4.430 bizitegi izango ditu, etxebizitzak eta apartamentu zerbitzudunak kontuan hartuta. Gaur egun, parke publikoak 4.142 etxebizitza eta 86 apartamentu zerbitzudun ditu.

«Bilbon etxebizitza duina eta eskuragarria edukitzeko eskubidea gauzatzen lagunduko duten lan jarraibideak ezarri nahi ditugu», adierazi du Yolanda Diez Etxebizitza zinegotziak. Eta erantsi du plana «funtsezko tresna» dela herritarrek bizitzan zehar dituzten «etxebizitza premiei» erantzuteko eta «etxebizitza eskuratzeko eskubidea» bermatzeko.

Etxebizitzarekin lotutako premiak aztertzeko, diagnostiko bat egin du udalak. Emaitza horiek izan dituzte hizpide plana sortzeko. Diagnostikoaren arabera, Bilboko bizikidetzako unitateen %15,7k alokairuan dute etxebizitza; aldiz, hamarretik zortzi baino gehiago etxebizitzaren jabe dira. 11 urtean, nabarmen handitu da alokairuko etxeen kopurua; hain zuzen, 6,5 puntu.

Bestalde, duela hiru urte, Bilboko 22.500 bizilagunek adierazi zuten etxebizitza eskuratzeko beharra zutela; 16.800 baino gehiago 18 eta 44 urte bitarteko herritarrak ziren, emantzipatu gabekoak. Urte berean, 16.000 familiak esan zuten etxebizitza aldatzeko beharra zutela, eta beste 13.900 familiak eskatu zuten etxebizitza birgaitzea; hiriko familia guztien %11 eta %9,5 dira, hurrenez hurren.

Hiru jarduketa ardatz

Plan berriak hiru jarduketa ardatz ezarri ditu. Alde batetik, Bilboko udal etxebizitzaren egungo ondareari balioa eman nahi diote. Horretarako, besteak beste, programa bat egin nahi dute familiei etxebizitza eskuragarriak eskaintzeko, eta beste programa bat zabaldu nahi dute gazte solidarioentzat, adinekoen bakardadearen problematikarekin lotuz. Ardatz horrekin, gainera, arrazoi profesionalengatik hiria utzi behar izan zuten eta «talentua duten gazteak» itzultzen lagundu nahi dituzte.

Beste aldetik, «balio soziala» sortzeko, etxebizitza parke publikoa handitu nahi dute.  Azkenik, etxebizitzaren arloko politikaren eta udal zerbitzuaren kalitatea landu nahi dute. Horretarako, udal behatoki bat sortuko dute; alokairuko etxebizitzaren prezioaren jarraipena egingo du. Horrez gain, etxebizitzaren udal bulegoak zerbitzu gehiago eskainiko ditu, etxebizitza kudeatzeko eta sustatzeko programen parte hartzea sustatuko dute eta etxebizitza zerbitzuen digitalizazioan sakonduko dute.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.