Virginia Mayordomo. Zuzenbidean doktorea

«Biktimak nahi ala ez ezarri behar da urruntze agindua»

Epaileek agindutako urruntzeak «oso baliagarriak» direla uste badu ere, horien derrigorrezkotasuna arazo iturri bihurtu dela zehaztu du Mayordomok, eta epaileei eskumen gehiago ematea proposatu du.

Jon Rejado.
Gasteiz
2013ko ekainaren 1a
00:00
Entzun
Clara Campoamor elkarteak Genero indarkeriari buruzko Espainiako II. biltzarra egin du Bilbon aste honetan. Urruntze aginduek duten baliagarritasunari eta sor ditzaketen arazoei buruz hitz egin du Virginia Mayordomok (Donostia, 1958), Euskal Herriko Unibertsitateko Zuzenbide doktore eta Zigor Zuzenbideko irakasleak.Neurri hori 1995etik dago Espainiako Zigor Kodean, eta fisikoa izateaz gain bestelakoa ere izan daitekeela gogorarazi du: telefonoa, posta elektronikoa, atezain automatikoa... «Erasotzaileak biktimari larritasuna sentiarazteko erabil ditzakeen bide guztietan agindu daiteke urruntzea».

Zein irizpide erabiltzen dira urruntze agindua ezartzeko orduan?

Epaileak ikusi behar du biktimaren eta erasotzailearen egunerokotasuna non gertatzen den. Biktimak ere badu ekarpenak egiteko aukera: abuztuan oporrak igarotzen dituzten lekura ez gerturatzea… Lekua partekatzen badute, elkar ez ikusteko nahikoak diren metroak zehaztu daitezke.

Eta seme-alabak tartean badaude?

Kasu horietan zaintza partekaturik ez ematea erabaki dezake epaileak, edo bisitak kentzea. Seme-alaben osasun fisikoa eta burukoa jokoan badago...

Urruntze agindua urratzeak zer ondorio du?

Jendeak jakin behar du ez dela tontakeria urruntze agindu bat ez betetzea. Delitu bat da, eta Zigor Kodean horrela dago jasota. Lapurreta edo bizilekua bortxatzearen moduko delitua da.

Nola ezartzen dira kontrol neurriak horietan guztietan?

Urruntzeko agindua oso tresna garrantzitsua da, baina zailena da horiek guztiak kontrolatu ahal izatea. Kontrol baliabiderik gabe ez lukete zentzurik izango. Instituzioek aurrekontuak murrizten badituzte, urruntze aginduen betearazpena kontrolatzeko baliabideak ere murriztuko dira.

Eta nola egiten da kontrol hori?

Kasu gehienetan biktima bera da kontrolaren arduraduna. Hark jakinarazi ohi dio Poliziari. Beste kasu batzuetan, larrienetan, erasotzaileari eskumutur moduko bat jartzen diote, haren mugimenduen berri izateko. Dena den, gutxi dira azken horiek. Biktimak berak gailu bat eraman dezake, botoi bat sakatuta erasotzailea ikusi duela jakinarazteko, arrisku egoeran. Ordea, batzuetan hori ez da nahikoa.

Eman duzun hitzaldian, urruntzeko aginduen derrigortasunari buruz hitz egin duzu.

2003. urtetik bizikidetzarekin lotutako indarkeria kasu guztiei urruntzeko agindua ezarri behar zaie; berdin dio bikotekideak diren, sexu berekoak, senideak, gurasoak... Urruntzea ulertzekoa da etengabeko indarkeriaz ari bagara, baita positiboa ere; biktimari nolabaiteko segurtasuna ematen dio. Dena den, une jakin batean agertzen den indarkeria kasuetan, arinetan, urruntzeko aginduaren derrigortasuna pentsatu egin beharko genuke.

Nola egin daiteke hori?

Epaileak nolabaiteko eskumena izan beharko luke erabakitzeko. Ez dena legez aginduta egotea. Emakume batzuek ez dute ulertzen zergatik urrundu behar den, nahiz eta eraso jakin horretan lesioak pairatu. Biktimak berak sustatzen du urruntze aginduaren aurka joatea, delitua. Urruntze aginduen derrigortasunak arazo gehigarriak eragiten ditu, eta hori ikusi dugu azken urteetan.

Urruntze aginduetan emakumearen nahiak kontuan hartzen dira?

Ez du zertan horrela izan. Agindu hori Zigor Kodean dago, eta bete behar da, biktimak nahi ala ez. Dena den, gogorarazi behar da batzuetan biktima presiopean dagoela, erasotzailearen eta familiaren presiopean.

Eta gerta al daiteke egoera nolabait bideratuta badago urruntzeko agindua atzera botatzea?

Horrelako neurriak ezartzeko salaketaren bat behar da: biktima, senideak... Kasu batzuetan emakumeak atzera egin dezake, eta salaketa kendu. Biktimak salaketa kentzen duen kasu askotan prozesuak ez du aurrera egiten, baina ikertzaileen ustez zantzuak daudenean ofizioz jarraitzen dute, biktimak nahi ala ez.

Salaketak eta epaileak behin eta berriz aipatu dituzu, eta... zigorren bidea gehiegi lehenetsi al da emakumeen aurkako indarkerian?

Bai, bai... Garrantzitsuena, prebentzioa, hezkuntzan hasten da. Zigor zuzenbidea gaitz bat da. Beharrezkoa den gaitz bat, baina, hala ere, gaitz bat. Zigor zuzenbidea azken baliabidea da, baina aurreko guztiak huts egiten badu... Genero Indarkeriaren Aurkako Babes Neurri Integralen Legeak bitartekaritza penala espresuki baztertzen du, asko landu arren beste eremuetan.

Bitartekaritza baztertuta egonda ere, hezkuntzatik Zigor Kodera arteko bide horretan egun ez dagoen beste baliabideren bat egon beharko litzateke?

Ez dut uste. Hezkuntza familian eta zentroetan dago, eta han hasten dira sumatzen jokabideak. Gaur egun, gazteengan geroz eta ohikoagoak dira indarkeriazko jokabideak; geroz eta nerabe gehiagok erabiltzen dute indarkeria gurasoen aurka.

Ordea, kasu batzuetan biktimek salatu behar dute laguntza batzuk jasotzeko...

Baina badaude bestelako baliabideak. Biktimei arreta emateko bulegoak, gizarte zerbitzuak, gizarte langileak, gizarte hezitzaileak... Baliabide horiek salaketa heldu aurretik eska daitezke; erasotzaile izan daitezkeela sumatu duten pertsonei laguntzeko elkarteak daude, besteak beste.

Eta indarkeria paira dezaketen emakumeen kasuan…

Oinarrizko gizarte zerbitzuetara jotzen badute, laguntza jasoko dute, baina zerbitzuek salatu behar dute emakumearengan kalte handiren bat ikusten dutenean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.